AHTaren puzzlea osatu ezinda

  • 654 hitz
  • Albistea entzun

Duela hamasei urte hasitako obra ez da amaituko 2028ra arte gutxienez, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera. 'Euskal Y'-ak 4.200 milioi euroko aurrekontua zuen hasieran, baina 5.000 milioi gastatu dituzte dagoeneko, eta 7.000 milioira iritsiko da.

Osatzeko puzzle zail bat balitz bezala, erakundeak banaka-banaka lotzen saiatzen ari dira Euskal Herriko abiadura handiko trenaren (AHT) piezak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude obrak aurreratuen, baina han ere ez da espero trenbide berria 2028a baino lehenago inauguratzea, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera. Gainerako piezak lotzeko erantzun gabeko galdera asko daude oraindik ere.

1. Bergarako lotunea: obra zaila eta garestia

Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotu nahi dituen abiadura handiko trenaren nolabaiteko ardatza da Bergarako lotunea. Han, hiru mailatan gurutzatuko dira trenak, norabide batetik bestera doazenek elkarri traba ez egiteko. Oso obra konplexua da, Udalatx mendiaren barrunbeetan ari direlako lanean, eta, gainera, oso atzeratuta doaz. 

Oso obra konplexua da, Udalatx mendiaren barrunbeetan ari direlako lanean, eta, gainera, oso atzeratuta doaz. 

2021eko apirilean ekin zieten lotuneko lanei. Hiru zatietatik aurreratuena bigarrena da —Udalatx hegotik iparrera zeharkatuko duen 4,6 kilometroko tunela—, obraren %70 inguru eraikitzat jo baitute horretan ari diren enpresek. Lehen zatia —Angiozarko tunel faltsuan amaituko den 5,1 kilometroko tartea— atzeratuago dago, lanen heren bat inguru baitago egina. Atzeratuena hirugarren zatia da —Kortazarko 1,9 kilometroko tunela—, obraren laurden bat baitute egina. 383 milioi euroko aurrekontua dute lotuneko hiru zatiek.

2. Nafarroako lotura: Aralarko barrunbe karstikoa aztergai

Espainiako Gobernuak 2018an hobetsicloseLehentasuna eman, aukeratu. zuen lotura hori Sakanatik barrena egitea, Gasteizen bat egiteko trenbide berriarekin. Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak, baina, ez dute gogoko irtenbide hori, eta nahiago dute lotura Ezkio-Itsason egin. Azken proposamen horrek bi arazo ditu, gutxienez: Gasteizkoa baino askoz garestiagoa da, eta Aralarko mendilerroa zeharkatu beharko luke alderik alde. Horrek, ingurumenean eragin handia izateaz gain, zailtasun tekniko handia ekarriko luke.

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Ezkio-Itsasoko loturaren aldeko apustua egin dute orain arte, uste baitute Nafarroako trenak Gasteizen lotzeak arriskua lekarkeela Bergarako lotunera gehiegizko tren zama eramateko. Aurten [2022. urtean] ematekoa zen Espainiako Gobernua gai honi buruzko bere azken erabakia, baina atzeratzea erabaki du, Nafarroako Gobernuak eskatuta, Ezkio-Itsasoko zati horretan zundaketa eta azterketak egiteko.

Aralarko barrunbe karstikoa aztertuta, Espainiako Garraio Ministerioak hurrengo urteko irailean emango du printzipioz gai honi buruzko erabakia. Nafarroako Gobernuak agindu du bitartean Castejon eta Altsasu bitarteko AHT zatia eraikitzeko prozedurekin jarraituko duela. 

3. Hiriburuetako sarrerak eta geltokiak: behin-behinekoak aurrena

Ideia litzateke AHTak behin-behineko estazioen bidez funtzionatzea AHTaren sarrerak eta behin betiko geltokiak eraiki bitartean. Bilboren kasuan, Basaurin egongo litzateke behin-behineko geltoki hori. Ondoren, 6,2 kilometroko lur azpiko tunel baten bidez iritsiko litzateke tren lasterra Abantoko geltokira, eta, han, egungo estazioaren orubecloseZabalgune.aren azpian eraikiko lukete AHTa jasotzekoa. Gasteizen ere Dato kaleko geltokiaren azpian egingo dute AHTaren lur azpiko geltokia.

Bi proiektuak egiteko, Espainiako Gobernuak 2029ra arteko enkargua eman dio Jaurlaritzari. Behin-behineko sarbideak 2027rako amaitzeko asmoa dute.

Bilboren kasuan, Basaurin egongo litzateke behin-behineko geltokia. Ondoren, 6,2 kilometroko lur azpiko tunel baten bidez iritsiko litzateke tren lasterra Abantoko geltokira.

Orain, proiektuaren tramiteak egiten ari dira; besteak beste, eraikuntza proiektuak idazten eta ingurumen eraginaren azterketak egiten. Gasteizko AHTaren geltokiak eta tren lasterraren sarrerako obrak 724 milioi euroko aurrekontua dute.

Bilboko sarrera bermatuko duen tunelaren eraikuntzarako 273 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute, baina horrek ez du jasotzen Abantoko lur azpiko geltokiaren eraikuntza. Hori gehituta, 500 milioi euro beharko dute.

Donostiako sarrera eta geltokiaren proiektua ere Jaurlaritzak kudeatu du, egungo tren geltokiaren ondoan. Obrak 2020an hasi ziren, eta espero dute 2025erako amaitzea. 80 milioi euroko aurrekontua du proiektu horrek.

4. Frantziako eta Espainiako loturak: tramiteetan oraindik

Puzzlea guztiz osatzea zalantzan jartzen duen piezarik garrantzitsuenetako bat da Euskal Herriko tren lasterrak Espainiarekin eta Frantziarekin izango dituen loturak. Gasteiz eta Burgos arteko zatiak lotuko du euskal Y-a Espainiarekin. Proiektu hori, motel bada ere, tramite administratiboak betetzen ari da. Espainiako Gobernuak duen aurreikuspen baikorrenen arabera, 2027rako amaituko lukete 91 kilometroko trenbide zati berria. Bi azpizatitan banatuta dago, eta Euskal Herritik barrena doa haietako bat, Gasteiz eta Pancorbo (Burgos, Espainia) artean. AHTa Espainiarekin lotuko duen beste adar bat da Tuteratik Zaragozara doana, baina proiektu horren tramiteak hasi ere ez dira egin.

Frantziako Gobernuak aurtengo martxoan iragarri zuen ez duela lehentasunen artean Gipuzkoarekiko lotura egitea.

Antzera dago Parisekiko lotura ere. Frantziako Gobernuak aurtengo martxoan iragarri zuen ez duela lehentasunen artean Gipuzkoarekiko lotura egitea. Parisek esana dauka zati horretako lanei ez diela ekingo gutxienez 2037ra arte.

Jatorrizko artikuluak