Euskal enpresek asko kutsatzen dute oraindik ere

  • 162 hitz
  • Albistea entzun

Koronabirusak eragindako 2020ko etenaldiaren aurretik, 2019an, industriak eta energia ekoizle handiek kutsadura handia sortu zuten, PRTR erregistroaren arabera. Kutsatzaileen buru Petronor petrolio findegia ageri da, baina gas bidezko ziklo konbinatuko zentralek eragindako poluzioa ere nabarmentzekoa da.

Petronor buru

Azken urte luzeotako dinamikari eutsiz, Muskizko Petronor findegiak kutsatu zituen gehien Euskal Herriko atmosfera eta ura. Aise gainditu zituen Europak ezarritako kutsaduraren mugak, eta klima aldaketa eragiten duten berotegi gasen sortzaile handiena ere izan zen. 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara. Karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, sufre oxidoa eta beste gai toxiko ugari sortu zituen. Uretara ere kutsagai asko bota zituen. 

Petronorrek 2,2 milioi tona karbono dioxido isuri zituen atmosferara.

Europako Batasunaren datuek diote Espainiako Estatuko enpresa kutsatzaileenetan seigarrena dela, eta, noski, Euskal Herrikoetan lehena.

Gas bidezko zentralak, ikatz bidezkoen ordezko

Gasa erregai gisa erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentral termikoen produkzioaren, eta, aldi berean, kutsaduraren hazkundea nabarmentzekoa da. Gas kontsumoak nabarmen egin zuen gora Euskal Herrian, eta horren erakusgarri da ziklo konbinatuko zentralen kutsadura handitu izana.

Aipamen berezia merezi du Zornotzako Boroako zentralak. Izan ere, urte dezente produkzioa aski geldituta izan ostean, 2019an haizea hartu zuen, eta CO2 gehien isuri zuen Euskal Herriko ziklo konbinatuko zentrala izan zen: 824.000 tona. CO2az gain, nitrogeno oxidoa, karbono monoxidoa eta beste hainbat gai isurtzen dituzte halako zentralek, eta, ikatz bidezkoek baino gutxiago kutsatu arren, klima aldaketaren eragile handiak dira.

Zementuaren orbanak

Porlan ekoizpenak isurketa handiak eragiten ditu oraindik, nahiz eta produkzioa ez den inondik inora hurbiltzen 2009 aurreko datuetara. Karbono dioxidoaren isurketei dagokienez, Lemoa Industrialek eragin zuen isuri gehien: 465.157 tona CO2.  Sektorea metal astun askoren sortzaile ere bada.

Paperaren sektorea

Enpresa kutsatzaileenen artean ageri dira, berriro ere, paper fabrikak. Hiru dira gehien kutsatzen dutenak: Hernanikoa, Iurretakoa eta Zangozakoa. Berotegi gas ugari sortzeaz gain, ibaietan ere gai toxiko ugari isurtzen dituzte. Iurretako fabrikako hiru langile ospitalera eraman behar izan zituzten 2019an substantzia toxikoren bat arnasteagatik, eta langileek zenbaitetan zalantzan jarri dute plantaren segurtasuna. 

Enpresa kutsatzaileenen artean ageri dira, berriro ere, paper fabrikak.
Zabalgarbi, Zaldibar, Zubieta

Badituzte hainbat gauza komunean: z hizkiarekin hasten dira, eta lotura dute zaborra kudeatzen duten instalazioekin (Zaldibarko Verter Recycling 2020ko otsailean amildu zen). Zabalgarbi erraustegia enpresarik kutsatzaileenen lehen postuetan dago. 300.000 tona karbono dioxido sortu zituen, baita metanoa, karbono monoxidoa, nitrogeno oxidoa, amoniakoa, sufre oxidoa, dioxinak, furanoak eta beste ere. Horrez gain, 48.000 tona hondakin ez-arriskutsuen zepa gehien-gehientsuenak eta 8.200 tona arriskutsu ere sortu zituen. Instalazio horietan, hondakin arriskutsu gehienak errautsak izaten dira. 

Zubietako erraustegia eta ondoko gainerako instalazioak jada ageri dira erregistroko zerrendan, baina oraingoz ez dago haien kutsadurari buruzko daturik.

Jatorrizko artikuluak