Andrea Vitoria 'AyVee': «Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

  • Albistea entzun

'Medusa' izeneko EPa sortu du Andrea Vitoria ‘AyVee’-k (Tolosa, Gipuzkoa, 1997), jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.

«Bueltatuko naiz, bueltatuko naiz. Uste duzuen baino indartsuagoa naiz» diozu kantuan. Eta itzuli zara. Zer moduz zaude?

Kantaren hitzek esaten duten bezala, indartsua kontsideratzen naiz, eta inoiz baino indartsuago nago, horrelako egoeretatik asko ikasten baita. Edo indarberritzen zara, edo zuloan sartzen zara. Ez nuen zuloan jarraitu nahi, eta indarberrituta itzuli naiz.


«Oso haserre nago, hainbeste jasan eta gero». Zer gertatu zen?

Biktima izan nintzen, baina bi aldiz. Bortxaketa jasan nuen, eta gizartearen aldetik ere biktima izan nintzen. Salaketa bat jartzen duzun momentuan, beti jartzen delako zure hitza zalantzan. Jendearentzat, gezurtia nintzen, puta bat nintzen, famagatik egiten nuen hori, atentzioa emateko jarri nuen salaketa...

«Jendearentzat, gezurtia nintzen, puta bat nintzen, famagatik egiten nuen hori, atentzioa emateko jarri nuen salaketa...».

Andrea Vitoria 'AyVee' (musikaria)

Errua zuri egotzi zizuten, erasotzaileari egotzi ordez.

Bai, eta, gainera, Tolosan pixka bat ezaguna naizenez musikaria izateagatik, mundu guztiak jakin zuen. Erasotzailea babestuta eduki dute, haren aldeko manifestazioak egin dituzte... Hori izan da gogorrena. Baina beti egon da babestu nauen jendea ere. Ingurukoen maitasunak eta babesak eman didate hau guztia egiteko indarra.

Martxan dago oraindik prozesu judiziala. Nolakoa izan da?

Prozesu judiziala aldatu egin behar da, nahi eta nahi ez. Nik, adibidez, Tolosan salatu nuen lehenik, baina Ertzaintzaren egoitza Hernanin [Gipuzkoa] dago; beraz, hara joan behar izan nuen. Bitartean, ez dutxatzeko esaten dizute, eta ni oso zikina sentitzen nintzen. Medikuarenetik pasatutakoan, [bortxaketa] gertatu zen lekura eramaten zaituzte, eta hori edonori trauma bat sortzeko modukoa da. Gainera, medikuarengana eramaten zaituzte, eta ertzainekin joan behar duzu, ez zure lagunek edo familiak lagunduta...

«Prozesu judiziala aldatu egin behar da (...). Medikuarenetik pasatutakoan, [bortxaketa] gertatu zen lekura eramaten zaituzte, eta hori edonori trauma bat sortzeko modukoa da».

Andrea Vitoria 'AyVee' (musikaria)

«Uste zenuten isilik geratuko nintzela, edo?», diozu. Zergatik erabaki duzu kontatzea?

Azken batean, berak gezurra esan du, eta hori zabaldu du. Ikusten dudanez dena oso geldirik dagoela, bera oso lasai ari dela bere bizitza egiten, eta babestuta dagoela, nire kabuz indar hori atera nahi nuen, gizartearen aurrean salatzeko. Musika erabili dut salatzeko. Maite nauen jendea etorri zait zoriontzera, baina antzeko egoerak bizi izan dituen jendea ere bai.

Fase bakoitza azaltzeko, hainbat musika estilo erabili dituzu.

Azkenean, reggaetona, technoa eta denbowa indartsuak dira, eta horiekin hasten naiz. Gero, afrobeata lasaiagoa da, eta hori erabili dut depresioa irudikatzeko. Erabaki nuen estilo hauek jorratzea euskaraz gutxi daudelako, eta aukera bat emateko euskal musikari.

«Reggaetona, technoa eta denbowa indartsuak dira, eta horiekin hasten naiz. Gero, afrobeata lasaiagoa da, eta hori erabili dut depresioa irudikatzeko».

Andrea Vitoria 'AyVee' (musikaria)

Zergatik Medusa izena?

Medusa Greziako emakume etniko bat zen, sugeak dituena buruan. Baina, hasieran, pertsona normal bat zen. Atena jainkosaren zerbitzaria izanik, Poseidonek bortxatu egin zuen, eta Atenak, hori ikusita, munstro bihurtu zuen. Orduan, istorio bera pasatu dudala iruditzen zait. Azkenean, bortxaketa bat jasan, eta munstro bihurtu naute: izan naiz puta, gezurtia, famaren bila zebilen emakumea... Horregatik diot medusa bihurtu nautela.

Jatorrizko artikuluak