«Euskarazko edukia zabaltzeko borrokan, zergatik ez batu eta denon artean borrokatu?»
Euskal eduki sortzaileen lehenengo topaketa egin berri dute Donostian. Ane Urresti gaztearena izan da ekimena: «Une honetan 50 pertsona inguru gaude talde horretan».
Euskarazko gero eta eduki gehiago ikus daiteke sare sozialetan. Edukiak ugarituz doaz, eta, aldi berean, sortzaileak ere bai. Ane Urresti (Mutriku, Gipuzkoa, 2003) sare bat osatu nahian dabil. Gazteak hainbat lagun elkartu ditu euskal eduki sortzaileen lehenengo topaketan.
Zer moduz joan zen topaketa?
Oso ondo joan zen dena. Donostiako Egia auzoan elkartu ginen. Azkenean 28 euskal eduki sortzaile bildu ginen. Urduri joan ginen; izan ere, ordura arte pantaila baten atzean bakarrik ikusi genuen elkar. Niretzat oso berezia izan zen; sentitzen nuen betidanik ezagutzen nituela. Hasieratik konektatu nuen jendearekin, eta uste dut lortu genuela bakoitzak bere lekua topatzea.
Nolatan otuclosebururatu, okurritu zitzaizun denak elkartzea?
2025eko maiatzean hasi nintzen edukia sareetara igotzen; izan ere, pentsatu nuen agian jendeak nirekin konektatu zezakeela. Gutxinaka-gutxinaka ikusi nuen jendeari gustatzen zitzaiola. Ordutik, nire algoritmo guztia euskal eduki sortzaileetan bilakatu da. Orduan hasi nintzen beste euskal sortzaile batzuk ezagutzen, eta sareetan babesa ematen. Komunitate bat sortzen hasi ginen, baina digitalki. Niri asko gustatzen zait gauzak antolatzea; beraz, egun batean esan nuen: «Uste dut denek batu beharko genukeela, elkar ezagutzeko, eta gure kezkak partekatzeko».
Bakoitzari banan-banan idatzi al zenion?
Hasieran banan-banan hasi nintzen lehendik harremana nuen jendeari idazten. Uste nuen jendeak ezezkoa esango zidala, eta pentsatu nuen agian jendeak nahiago zuela bakoitza bere aldetik joan, edo ez zutela behar nik behar nuen babes hori. Baina ez zen hala izan. Guztiek baiezkoa eman zidaten. Whatsapp talde bat sortu genuen, eta bakoitza ezagutzen zuen jendea sartuz joan zen. Une honetan 50 pertsona inguru gaude talde horretan. Uste dut topaketa hau izan dela erakusteko komunitate bat sortu dugula, eta edonor izan daitekeela horren parte.
Garrantzitsua da zuentzat horrelako komunitate bat sortzea?
Zalantzarik gabe. Beharrezkoa zen komunitatea sortzea, saretzeko eta elkar babesteko. Nik, adibidez, nire inguruan ez dut komunitate honekin dudan bezainbesteko babesik. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Gure segurtasunik ezak islatzen ditugu pantaila baten aurrean; beraz, hori guztia eta gehiago partekatzen dugu. Euskarazko edukia zabaltzeko borroka honetan, zergatik ez batu eta denon artean borrokatu?
«Gu batzearen ondorioa izan da jendeak, nahi edo ez, euskarazko eduki asko ikusi dituela Euskal Herrian»
Edukia sortzen hasi zinenean, zer egoera zegoen sareetan?
Esan beharra daukat hasi nintzenean oso euskaldun gutxi ateratzen zitzaizkidala sare sozialetan. Iruñe Astitz (@arkkuso) eta Julen Portillo (@julenpo) beti izan dira eredugarriak niretzat, baina, ni sortzen hasi berritan, Luma Otaño, Iker Iribarren eta Ibai Romero bezalako jendea ateratzen hasi zitzaidan. Eduki erabat ezberdina egiten dute hirurek, eta horrek bultzatu ninduen edukia sortzera. Niri asko gustatzen zaidanez nire bizitza erakustea, esan nuen: «Zergatik ez naiz, ba, ni ere hasiko?». Orduan hasi zitzaidan nire algoritmoa euskaldun jendea erakusten.
Ordutik hona aldaketa nabarmenik ikusi al duzu?
Sekulakoa.closehandia, izugarria FlipatucloseTxunditu, liluratu. egin dut, eta esan beharra daukat oso harro nagoela. Ez dakit nire algoritmoari esker den, edo topaketaren ostean, gero eta gehiago garenez, jendea hasi den edukia sortzen. Nik uste dut biak faktore garrantzitsuak izan daitezkeela.
Algoritmoa landu egin behar da?
Hori da. Euskarazko edukia ikusi nahi baduzu, hori kontsumitu behar duzu. Horrela, gero eta bideo gehiago azalduko zaizkizu Zuretzat atalean. Lehen lerroan, alegia. Eta uste dut gu batzearen ondorioa izan dela jendeak, nahi edo ez, euskarazko eduki asko ikusi dituela Euskal Herrian.
Izango al da bigarren topaketarik?
Bi gauza esango dizkizut. Bat: udari begira zerbait ari gara antolatzen, proiektu handi bat. Eta bi: laster zerbait etorriko da, kirolarekin zerikusia duena.
Jatorrizko artikuluak
-
Ane Urresti: «Beharrezkoa zen komunitatea sortzea, saretzeko eta elkar babesteko»
Garazi Izagirre Aiestaran |
|