Gero eta euskarazko eduki gehiago ikus daiteke sare sozialetan, lehen lerroan, gainera. Algoritmoak hala erakusten badu, behintzat. Edukia ugarituz doan heinean, baita sortzaileak ere. Hain zuzen, horietako hainbat bildu ditu Ane Urresti eduki sortzaileak (Mutriku, Gipuzkoa, 2003). Digitalki egin du lehendabizi; aurrez aurre berriki, euskal eduki sortzaileen lehenengo topaketa egin baitute.
Zer moduz joan zen eguna?
Eguraldiak lagundu ez zigun arren, oso ondo joan zen dena, eta erraz, gainera. 28 euskal eduki sortzaile bildu ginen Donostiako Egia auzoan. Urduri joan ginen; izan ere, imajinatu 28 pertsona, pantaila baten atzean bakarrik ikusi dituzunak, bat-batean denak ezagutzea. Niretzat oso berezia izan zen; sentitzen nuen betidanik ezagutzen nituela. Hasieratik konektatu nuen jendearekin, eta uste dut lortu genuela bakoitzak bere lekua topatzea.
Nolatan otu zitzaizun denak elkartzea?
Ni 2025eko maiatzean hasi nintzen edukia sareetara igotzen; izan ere, pentsatu nuen agian jendeak nirekin konektatu zezakeela. Gutxinaka-gutxinaka ikusi nuen jendeari gustatzen zitzaiola. Ordutik, nire algoritmo guztia euskal eduki sortzaileetan bilakatu da. Orduan hasi nintzen beste euskal sortzaile batzuk ezagutzen, eta sareetan babesa ematen. Komunitate bat sortzen hasi ginen, baina digitalki. Niri asko gustatzen zait gauzak antolatzea; beraz, egun batean esan nuen: «Uste dut denek batu beharko genukeela. Pertsonalki ezagutzeko, eta gure kezkak partekatzeko».
Bakoitzari banan-banan idatzi al zenion?
Hasieran banan-banan hasi nintzen lehendik harremana nuen jendeari idazten, nire segurtasun ezak tiratuta. Uste nuen jendeak ezezkoa esango zidala, eta pentsatu nuen agian jendeak nahiago zuela bakoitza bere aldetik joan, edo ez zutela behar nik behar nuen babes hori. Baina ez zen hala izan. Idatzi nien guztiek baiezkoa eman zidaten; beraz, Whatsapp talde bat sortu genuen, eta bakoitza ezagutzen zuen jendea sartuz joan zen. Une honetan 50 pertsona inguru gaude talde horretan.
Sareetan ere eman zenuen topaketaren berri.
Hala da. Behin ziurtatuta neukanean jendea etorriko zela, bideo bat egiteko esan nien. Promozio moduan egin nuen, hala taldean ez zeuden edo ezagutzen ez nituen euskal eduki sortzaileek ere topaketa honen berri izan zezaten. Eta, aldi berean, gure jarraitzaileek ere jakin zezaten zer egiteko asmoa genuen.
@aneurresti Euskal eduki sortzailiak kedada???🤭🌸💖 @_ibilimunduan @alex r.etxegibel @aranburuuuu @Aritz @Oritzbarrenetxeea @Nagore Osa @enekoandress @paulelizondo9 @ianruizzzzz @ibai romero @Irati Aizpuru @Irati Erauskin @Julen Unanue @Majada @Nahia Sillero @Andr @Amaia⭐️ @Junee 🫶🏽🐆 #zuretzat #euskalherria #euskaldunaktiktoken #euskaltiktokerrak
♬ sonido original - Ane Urresti
Edukia sortzeko eguna ere izan al zen?
Begira, niri jendeak idatzi zidan galdetzeko ea edukia sortzea beharrezkoa zen edo ez. Uste dut denok eduki genuela zalantza hori. Batzuek hasieratik edukia sortzeko asmoa zuten; beste batzuek, aldiz, ez. Erakusleiho bezala egin dugu topaketa hau, eta uste dut polita dela sareetan erakustea. Bestela ez nukeen promoziorako bideo hori egingo; izan ere, gelditu naiteke haiekin banaka eta pribatuan. Uste dut topaketa hau izan dela erakusteko komunitate bat sortu dugula, eta edonor izan daitekeela horren parte.
Garrantzitsua da zuentzat horrelako komunitate bat sortzea?
Zalantzarik gabe. Beharrezkoa zen komunitatea sortzea, saretzeko eta elkar babesteko. Nik, adibidez, nire inguruan ez dut komunitate honekin dudan bezainbesteko babesik. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Gure segurtasunik ezak islatzen ditugu pantaila baten aurrean; beraz, hori guztia eta gehiago partekatzen dugu. Euskarazko edukia zabaltzeko borroka honetan, denok eduki mota ezberdina egiten dugun arren, zergatik ez batu eta denon artean borrokatu?
«Gu batzearen ondorioa izan da jendeak, nahi edo ez, euskarazko eduki asko ikusi dituela Euskal Herrian»
Edukia sortzen hasi zinenean, zein zen sareetan zegoen egoera?
Esan beharra daukat hasi nintzenean oso euskaldun gutxi ateratzen zitzaizkidala sare sozialetan. Iruñe Astitz —@arkkuso— eta Julen Portillo —@julenpo— beti izan dira eredugarriak niretzat, baina, ni sortzen hasi berritan, Luma Otaño, Iker Iribarren edo Ibai Romero bezalako jendea ateratzen hasi zitzaidan. Eduki erabat ezberdina egiten dute hirurek, eta horrek bultzatu ninduen edukia sortzera. Niri asko gustatzen zaidanez nire bizitza erakustea, esan nuen: «Zergatik ez naiz, ba, ni ere hasiko?». Orduan hasi zitzaidan nire algoritmoa euskaldun jendea erakusten.
Ordutik hona aldaketa nabarmenik ikusi al duzu?
Sekulakoa. Flipatu egin dut, eta esan beharra daukat oso harro nagoela. Ez dakit nire algoritmoari esker den, edo topaketaren ostean, gero eta gehiago garenez, jendea hasi den edukia sortzen. Nik uste dut biak faktore garrantzitsuak izan daitezkeela.
Algoritmoa landu egin behar da?
Hori da. Euskarazko edukia ikusi nahi baduzu, hori kontsumitu behar duzu. Horrela, gero eta bideo gehiago azalduko zaizkizu Zuretzat atalean. Lehen lerroan, alegia. Eta uste dut gu batzearen ondorioa izan dela jendeak, nahi edo ez, euskarazko eduki asko ikusi dituela Euskal Herrian.
Izango al da bigarren topaketarik?
Bi gauza esango dizkizut. Bat: udari begira zerbait ari gara antolatzen, proiektu handi bat. Eta bi: laster zerbait etorriko da, kirolarekin zerikusia duena.
LOTSABAKO
Baduzu hater-ik?
Beti dago baten bat euskararen kontra.Eduki sortzaileek esaten duten gezurrik handiena?
Beti positibismoa transmititzea, eta beren alderdi ona bakarrik erakustea.