Animaliak Gabonetako 'apaingarri' izatearen alde eta kontra

  • 355 hitz
  • Albistea entzun

Behorrak, astoak, oiloak eta gameluak; asko dira Eguberrietan desfilatzera ateratzen dituzten animaliak. Kalejirak edertzeko aitzakian ateratzen dituzte, baina eragile batzuek ez dute halakorik nahi; zapalkuntzarik gabeko bestak antolatzearen alde daude.


Kirrinki-karranka ibiltzen dira gurditik tiraka idiak. Aaa-aaa esaten du astoak Olentzeroren tresnak eramaten dituenean. Meee egiten dute ardiek hirietako karriketan. Piru-piru diote antzarek Gabonetako desfileetan. Iiiiii oihukatzen dute zaldiek Errege Magoak gainean dituztelarik. Oihuak, txaloak, musika eta suziriak. Soinu horiek entzunez eta jendez inguratuta ibiltzen dira gizakiz besteko animaliak Eguberrietako desfileetan. 

Baionako karriketan asto bat ibiltzen da urtero Olentzeroren gauzak eramaten. «Olentzeroren gailuak eramateko garraio moduko bat da astoa. Gainera, animalia sinpatiko bat da», esan du Guillaume Irigoienek, Baionako Olentzeroren antolakuntzako kideak. Astoez gain beste animalia batzuk erabiltzen direla salatu du Maialen Saguesek, Nor kolektibo antiespezistako bozeramaileak: «Mila dira beste behin zapaltzen ditugun animaliak. Olentzeroren astoan jartzen dugu arreta, eta jarri behar dugu, baina animalia mordoa ateratzen da».

Hamalau karroza inguru ateratzen dira urtero Olentzerorekin batera Iruñean. Karroza horietan haurrak joaten dira, eta idiak haietatik tiraka ibiltzen dira karrikan. «Ez dira animalia txikiak; hortaz, ez dute sufritzen, karrozak ez direlako oso astunak», azaldu du Xabier Martinezek, Iruñeko Olentzerozaleen Elkarteko presidenteak. Idiez gain, hala nola txerriak, zaldiak, oiloak eta antzarak ateratzen dituzte.

«Idiak ez dira animalia txikiak; hortaz, ez dute sufritzen, karrozak ez direlako oso astunak».

Xabier Martinez (Iruñeko Olentzerozaleen Elkartea)

Martinezen arabera, desfileetan animaliak erabiltzearen helburua da landa eremua hirira eramatea: «Haurrek animaliak ikusteko egiten dugu; batzuek ez dute inoiz bat bizirik ikusi. Gainera, tradizioa nolakoa zen ezagutzea nahi dugu». Saguesek haurren eta gizakiz besteko animalien artean sortzen diren harremanetan jarri du arreta: «Umeen aurrean animaliak edozertarako erabiltzea normaltzen du; gure mesederako direla, gure menpe bizi direla eta haien funtzioa guri onura ekartzea dela».

Antsoainen urte askotan ardiak eta idiak erabili dituzte, baina azkeneko zazpi urteetan erabiltzeari utzi diote. Pablo Makusok hogei urte daramatza Antsoaingo Olentzeroren kalejira antolatzen, eta kalejiratik animaliak kentzeko borrokan ibili zen: «Animalien zaintzaren inguruan hitz egin nahi nuen, baina oso zaila zen, urte askoko kontua zelako, eta tradizioan oso errotuta zegoelako». Hiru urte eman zituen animaliak kalejiratik kendu nahian, eta prozesua sinplea iruditu arren zaila izan zela azaldu du: «Konfrontazioa eragiten zuen; horregatik, sentsibilizazioaz eta beldurraz baliatu behar izan nuen».

«Animalien zaintzaren inguruan hitz egin nahi nuen, baina oso zaila zen, urte askoko kontua zelako, eta tradizioan oso errotuta zegoelako».

Pablo Makuso (Antsoaingo Olentzeroren kalejira)

Antsoainen idiak erresistentzia adierazten hasi zirela azaldu du Makusok: «Idiak ostikadak ematen hasi ziren, eta horrek ematen zuen beldurra sentsibilizazioarekin nahastu behar izan nuen. Kendu ahal genituen idiak bakarrik, baina nik denak kendu nahi nituen». 

Idi horien ostikadak ez dira erresistentzia adibide bakarrak; esate baterako, 2016. urtean, gameluak behin baino gehiagotan bota zuen Meltxor lurrera Donostian.  2015. urtean, Portugaleten (Bizkaia), petardo batek gurdi batetik tiraka zeuden idiak izutu zituen, eta ihesi atera ziren. Ez da kasu bakan bat: suziriek eta petardoek ondorio latzak eragiten dituzte gizakiz besteko animaliengan eta zenbait pertsonarengan. Antsoainen ia suziri guztiak kendu zituztela azaldu du Makusok: «Lehen, pila bat genituen; orain, bat edo bi gehienez. Absurdoa dirudi, baina ez dugu suziririk behar».

«Ez dira bakarrik plazara ateratzen; animalia asko erailtzen dira Gabonetako afarietan».

Maialen Sagues (Nor kolektibo antiespezista)

Desfileez harago, Gabonetan beste modu askotan erasotzen zaie animaliei, Saguesek salatu duenez: «Ez dira bakarrik plazara ateratzen; animalia asko erailtzen dira Gabonetako afarietan». Horren inguruan hausnartu beharra azpimarratu du. 


Jatorrizko artikuluak