Animaliak

Andoni Egaña |
  • 126 hitz
  • Albistea entzun

Andoni Egaña bertsolariak Igeldoko (Gipuzkoa) Arrano Etxea hartu du hizpide zutabe honetan, hainbat urtez hainbat animaliari aterpea eman dien tokia ixtera doazela eta. Animalia horiek erdarazko egungo telebistan daukaten sona dela-eta, kezka du euskaldunon artean zabaltzen ari den iruditeriari buruz.

Uztea erabaki dutenean jabetzen zara miresmena zor diezula. 35 urtez aritu dira Igeldoko Arrano Etxean animalia zaurituak osatu, zaindu eta naturara itzul zitezen lanean. Azkonar, arrano, putre, hontza... Tarteka loro, lehoi, izurde. 15.000 animaliatik gora. Ez ditut ezagutzen boluntario lan hori egin dutenak. Adinak bultzatu ditu, nonbait, erabakia hartzera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratuko da, beste egoitza batean, piztia zaurituak artatzeko lana aurrerantzean. Hogeita hamabost urteko ibilbidean, sumatu omen dute animaliekiko sentiberatasuna nola aldatu den. Handiagoa omen da egun, lanean hasi zirenean baino. Garai batean, ehiztariek zauritutako hegazti eta animalia gehiago heltzen omen zitzaizkien. Antzeman omen dute umetatik eskaintzen den heziketak naturarekiko harremanean izan duen eragina. Poztekoa da.

«Esanguratsua da aurtengo ['El Conquis'-en] ediziorako egindako propagandan hitzik erabilienak 'salvaje' eta 'bestial' izatea. 'Alimalekoa' esan balute, gaitz erdi!».

Eta miresgarria fokuetatik kanpo, naturminak edo dena delakoak eraginda lan egiten duen jende klase hau. Fokupekoetan foku gurean, El Conquis telebista programa. Esanguratsua da aurtengo ediziorako egindako propagandan hitzik erabilienak salvaje eta bestial izatea. Alimalekoa esan balute, gaitz erdi! Programarik ikusiena izango da, gainera. Guk ere badugu norbaitek osa gaitzan beharra...

Jatorrizko artikuluak

  • Animaliak Andoni Egaña | BerriaIkasgela |