Artikoko harreman politikoak, izoztuta

  • Albistea entzun

Ukrainako gerrak arriskuan jarri du ipar polotik gertuen dauden estatuen arteko elkarlana; Errusia ez beste Atlantikoko Kontseiluko gainerako kideek erakundearen jarduna eten zuten oldarraldi militarra salatzeko.

Errusia NATOko kidez inguratuta geldituko da bere mugarik luzeenean.

Blokeatuta dago Artikoko auziei buruz eztabaidatzeko erakunde nagusi Atlantikoko Kontseilua. Zortzi herrialde dira 1996an Ipar hemisferioaren muturrean, ipar polotik gertuen dauden estatuen artean sortu zuten erakundearen kide: Errusiaz gain, AEBak, Kanada, Danimarka, Islandia, Norvegia, Suedia eta Finlandia. Erakunde horren bidez, estatu kideek lankidetza bultzatu dute ikerketa zientifikoen alorrean, erreskate zerbitzuetan eta ingurumen politiketan. Iaztik, Errusiak du erakundearen txandakako presidentetza —2023ra arte—, eta San Petersburgon egin behar zuen bilera apiril erdialdean, baina gainerako zazpi estatuek uko egin zioten parte hartzeari.

Ipar polotik gertuen dauden estatuen artean sortu zuten erakundea: Errusiaz gain, AEBak, Kanada, Danimarka, Islandia, Norvegia, Suedia eta Finlandia.

Izan ere, Kremlinek Ukrainaren kontrako erasoa hasi izanak aurrez ikusi gabeko egoera batera eraman ditu harremanak, eta inoiz ez bezalako erabaki bat hartu zuten Errusia ez beste kide guztiek: erakundearen jarduna blokeatzea. Ikusteko dago erabaki horren eragina zein izango den, baina ugaritu egin dira ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi duten ahotsak. Artikoa ez baita edozein eremu nazioartearentzat. Pisu estrategiko handikoa da, interes ekonomiko eta militar nabarmenekoa delako. Baina ahula da haren gobernantzarako orain arte eratu den sistema.

Estrategikoa eta aberatsa

Artikoa gizadiari ia-ia esku hartu gabe gelditzen zaizkion naturagune bakarrenetakoa da, eta klima aldaketa inguru horretako oreka ekologikoa suntsitzen ari da. Artikoko izotza urtu ahala, geroz eta eskuragarriago gelditzen ari dira inguruak dituen natur baliabide aberatsak. AEBetako Zerbitzu Geologikoaren arabera, munduko petrolio eta gas erreserbarik handienak gordetzen ditu izotz eta ur azpian; mineral estrategikoak ere bai —nikela, platinoa, paladioa eta lur arraroak—; eta arrantzarako baliotsuak liratekeen arrain kopuru handiak, planktonean aberatsak diren uretan.

Artikoko izotza urtu ahala, geroz eta eskuragarriago gelditzen ari dira inguruak dituen natur baliabide aberatsak; munduko petrolio eta gas erreserbarik handienak gordetzen ditu izotz eta ur azpian.

Gainera, izotza urtzen den heinean, pentsatzekoa da mundu osoko merkataritzarako bide nagusiek Artikoa zeharkatuko dutela, dirudienez nabarmen murriztuko baitira Asia ekialdearen eta Atlantikoaren arteko bidaien kostuak, Suezko (Egipto) eta Panamako kanaletako eta Malakako itsasarteko (Indonesia) itsasbideekin alderatuta. Artikoko izotza abiadan ari da urtzen. Geruzarik finenaren %95 urtu da azken 30 urteetan, eta, berotegi gasen isurketak nabarmen murriztu ezean, litekeena da 2040. urte ingururako izotzik ez egotea uda garaian.

Berotegi gasen isurketak nabarmen murriztu ezean, litekeena da 2040. urte ingururako izotzik ez egotea uda garaian.

Errusiak Artikoko Ibilbidearen proiektua aurkeztu zuen 2011n, eta 2035erako korridore irekia izatea espero du. Haren bidez, hamar-hamabi egun murriztuko litzateke Shanghai (Txina) eta Murmansk (Errusia) arteko itsas bidaia, egun Suezko kanaletik barrena 35 egun behar dituena.

Baina Artikoan bosgarren ozeano bat irekitzen ari denez, merkataritzarako bezala erabili ahal izango da gerrarako ere, eta hori ez zaio oharkabean pasatu Errusiari. Jakitun dago izotzak babesten duela bere mugarik luzeena —24.000 kilometrotik gorakoa—, eta babes natural hori desagertzen ari dela. Gainera, Artikoko baliabide energetiko eta mineral handienetako asko Errusiaren gertuko eremuetan daude, eta horiek babesteko mugimendua ere bada Moskuk bere iparraldea indartzeko egin duena.

Errusia zein NATO indarrak hartzen

Besteak beste, Errusiak sobietar garaiko 50 behaketa postu berritu ditu, eta hamar radar azpiegitura eguneratu. Baina urratsik adierazgarriena Artikoko itsas armada indartzea izan da, Iparraldeko Ontziteria delakoa. Mendebaldeko Kola penintsulan du base nagusia, eta han dauzka biltegiratuta misil nuklearrak, urpekoak, urpekoen kontrako hegazkinak eta misilez hornitutako itsasontziak, besteak beste. Viatxeslav Xtirov Artikorako eta Antartikorako adituen kontseilu errusiarreko presidenteak 2015ean esana zuen jada «gatazka militar global bat» gertatzen bada «aukera asko» dagoela Errusiako Artikoa «defentsaren lehen lerro» bilakatzeko, «arerioek misil balistikoekin norabide horretatik eraso egitea baita gertagarriena».

Errusiak esana zuen jada «gatazka militar global bat» gertatzen bada «aukera asko» dagoela Errusiako Artikoa «defentsaren lehen lerro» bilakatzeko.

Kremlinek iparraldeko posizio militarrak sendotzeko eman dituen pausoei erantzunez, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak azpiegiturak eta ariketa militarrak ugaritu ditu Artikoan. Azken entrenamendu saioak Eskandinaviako herrialdeekin batera egin ditu; martxoan, Norvegiako armadarekin, eta apirilean, Finlandiako eta Suediako indarrekin. 

Finlandia eta Suedia NATOn sartzear

Testuinguru horretan sartuko dira Finlandia eta Suedia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean, ezustekorik ezean. Horrek ez du egoera baretuko, behin aliantzako kide bihurtzen direnean NATOko zazpi estatuk inguratuko baitute Errusia Artikoan. 

NATOk, Artikoan bi kide gehiago izanik, eta Ukrainako gerraren bilakaeraren arabera, berriz aztertuko du Artikorako estrategia. Aukeretako bat da kontseiluak nazioarteko elkarlanaren eredu izateari uztea, eta Europako tentsioa ipar hemisferioaren muturrera hedatzea. Baina horren arriskuak nabarmenak lirateke, besteak beste, klima larrialdiaren aurrean ezinbestekoa delako Artikoa babesteko estrategia bateratu bat, eta elkarrizketa nahitaezko baldintza delako eremuaren militarizazioa eta armamentu lasterketa bat eragozteko. Errusiak, oraingoz, elkarrizketaren eta elkarlanaren aldeko jarrera erakutsi du. Maila desberdinetan jarri ditu Europako auzi militarra eta Artikoko Kontseiluari dagozkion lanak.

Txinak Artikorako Estrategia aurkeztu zuen 2018an, eta lehentasunen artean jarri zuen Artikoan itsasbide bat irekitzeko proiektua. 

Artikoko Kontseiluaren blokeoa luzatzen bada, ipar poloaren gertuko eremuan eragina handitzeko aukera eskainiko die erakundearen kide ez diren baina inguru horretan interes handia duten herrialdeei; bereziki, Txinari. Pekinek ehunka milaka milioi euro inbertitu ditu Artikoko estatuetan, izan ikerketa zientifikoetan, azpiegituretan nahiz baliabide naturalen ustiapenean. Txinak Artikorako Estrategia aurkeztu zuen 2018an, eta lehentasunen artean jarri zuen Artikoan itsasbide bat irekitzeko proiektua. Ordutik, Pekinek eta Moskuk hainbat hitzarmen ekonomiko sinatu dituzte. Mendebaldearen kezka da lankidetza hori arlo militarrera ere hedatuko ote den. Gertagarriagoa izango da AEBek eta haren aliatuek Errusia baztertzeko neurriekin jarraitzen badute, Moskuk Pekinen babesa bilatzea beste aukerarik ez baitu izango.

Jatorrizko artikuluak