Astronomia didaktikoa

Oihana Zuberoa Garmendia |
  • 639 hitz

Institutuetako egunerokoa eta astronomia uztartuz, metafora kutsuko iritzi artikulu hau idatzi du Oihane Zuberoa Garmendiak. Ziur ikasle eta irakasle asko identifikatuta sentituko direla harekin.

Institutuak gauaren antza izango balu, unibertso oso bat ikusi ahalko genuke bertatik bertara. Sateliteak, kometak, konstelazioak, zulo beltzak, asteroideak eta, hor, nonahi, dir-dir egiten duten izarrak. TeleskopioacloseUrrutiko objektuak zehaztasunez behatzeko aukera ematen duen tresna. Astronomiarako ezinbestekoa da. hartu, eta goazen urrutikoari baina aldi berean gertukoari begiratzera.

Hara, begira hemen lehen konstelazioa: Ikasleris Abruptus du izena. Zazpi izarrez osaturik dago: Akne, Zigarreta, Izerdi, Ogitarteko, Hormonak, AXE eta Lurrinus Faltsifikatus. Izen horiek jarri zitzaizkien izar horiek askatzen zuten hauts —stardust— bereizgarriagatik. Zeren eta espazioan ba omen dago usainik, edo behintzat halaxe diote astronautek. Konstelazio horren antzerako usainak daude institutuan nahasturik; aldi berean sartzen baitira sudur-zuloetan gora lurrinak eta kiratsak. Lotsaren usaina nahastu egiten da desirarenarekin; konplexuen usaina, lehen ausartzeenarekin. Esperientzia olfatibo itzela, alegia. 

Beste konstelazio bat ikus daiteke hor gertu: Magister Minor du izena. Izar nagusiak: Konpetentziak, Kafe Makina, Digitalizazioa, Norberaren Aferak, KPB, Klaustro, Oposizioak eta Oposizioen Mamuak. Kontatzen da erromatarrek deskubritu zutela konstelazio hori; zerura begiratu, eta irakasle togaduncloseErromatar inperioko jantzia. Gaur egun, epaileen jantzi gisa identifikatzen da, gehienbat. bat ikusi omen zuten, erregela eskuan. 
 
Beste konstelazio bat ere badago ez oso urruti, hirugarrena: Giroa R17. Izar ñimiño eta handiñoz osatutako konstelazioa da, eta gaur egun ere astronomoek jarraitzen dute konstelazio horren parte diren izar berriak kontatzen: Antsietate, Alferkeria, Grina, Asperdura, Lehiakortasun, Mediokritate, Miresmen, Konfrontazio, Jakinduria, Segregazio, Panikus Eszenikus, Utzikeria, Umiliazio. Institutua halako izarrez betea dago. Eta konstelazio horren usainarekin ez dira ados jartzen: batzuetan konstelazio horretako izar batzuek egiten dute dir-dir indar handiagoz. Adibidez Miresmenek, Grinak edota Jakinduriak; halakoetan arbendol usaina nagusitzen da ikasgelan. Besteetan, sulfato usaina duten izarren hautsa da espazioan zabaltzen dena. Eta, halakoetan, arrautza ustel usaina da astronautek beren jantzian itsatsirik eramaten dutena bueltan espaziontzira. Institutuan ere halakoxe: batzuetan etxera eramaten duzu halako usain sulfuroso bat, besteetan usain metalikoa, eta besteetan masusta usaina.

Eta zer esan zulo beltzei buruz. Batzuek diote duela 50 urte eskolak zulo beltz gehiago zituela orain baino. Beste batzuek ezetz. Teleskopioa noren esku, mapa galaktikoa modu batekoa edo bestekoa marraztuko dute. Baina ziurtasunez esan daitekeena da azken hamarkadetan astronomoak gertutik ikertzen ari diren zulo beltzetako bat dela BurokraziacloseAdministrazioko bulegoen artean eskuduntzak banatzen dituen sistema.. Irentsi egiten du energia. Argia. Irentsi egiten du lan egiteko indarra. Irensten du dena.

Baina, zulo beltzez haratago, iluntasun gune gehiago dago institutuan: zenbat ikaslek nahiko luketen astronauta jantzian betirako ezkutatu. Zenbatek nahiko luketen nebulosancloseGasez eta izar arteko hautsez nahasitako lainotzarra. desagertu. Ikasle horiei zera esango nieke: 1924ra arte uste izan zela Esne Bidea zela unibertsoko galaxia bakarra, baina egun jakin badakigula gure galaxiaz haratago mundu oso bat dagoela; gure Esne Bide institutua amaitu egiten dela noizbait, eta beste galaxia batzuk irekitzen zaizkigula ortzi-mugan.

Eta kometekin zer? Lilura sortzen dute, noizean behin igarotzen baitira, eta adi-adi begiratzen diegu; haiek pasatu bitartean, gainerakoa ahaztu egiten dugu, baita burokrazia antzua, pantailen totalitarismoa eta gainerako gauza itsusiak ere. Denok izan ditugu irakasle-kometak. Zer garrantzitsuak diren argi izpi horiek. Eta alderantziz ere bai; ikasle-kometak deskubritzeko irrikaz egon ohi da irakaslea. Ikasle-kometarik ederrenak, gainera, oraindik deskubritu gabekoak dira. Zeren eta ikasle batzuk Lehen Hezkuntzatik dira Halley kometa, baina ai, ze poza inork oraindik deskubritu gabeko ikasle-kometa batekin topo egitean. Edo meteoritotzat jotzen zen ikaslea egiatan kometa bat dela jakitean.

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi espazioko zaintzaileak: antza, geroz eta zabor espazial closeLurraren inguruan orbitan dauden hondakin multzoak, gizakiek sortuakgehiago sortzen ari gara. Eta jada ari dira espazio zabaleko garbiketa enpresak lan eta lan, beso robotiko, arpoi interestelar eta sare espazialekin zaborra biltzen. Espazioko zaindariak dira haiek. Nire institutuan badira halako asko. Badago landareak erein eta ureztatzen dituena. Badago ikasleak amildegiaren ertzetik urrundu nahi dituena. Badaude euskara zaintzen duten ikasle-izar-uxoak, gure Kike Amonarriz espazialak. Badago lagunak ongi zaintzen dituen ikasle mordoa. 

Horixe da gure galaxia; materia askotarikoa institutuaren inguruan orbitatzen: astronauta, satelite, izar eta planetak. Bihar astelehena iritsiko da: batzuendako eguzki ekaitz, beste batzuendako ozar-izar: bata ala beste, ez ahantzi astronauta kaskoa janzteaz.

Jatorrizko artikuluak