25 urteko migratzaile bat hil da Bidasoan, muga igarotzeko ahaleginean

  • Albistea entzun

Abderrman Bas izena zuen; ginearra zen, eta 25 urte zituen. Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea da. Frantziak ezartzen dituen kontrol zorrotzek eta Hegoaldeko administrazioek harrerarako ezartzen dituzten irizpideen mugek guztiz estutzen dituzte etorkinak.

Gazteak ez zeraman dokumentaziorik soinean, baina hatz marken bidez identifikatu zuten; Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Lanzarotera iritsi zen maiatzean (Kanaria uharteak). 

Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea da Abderrman Bas. Martxoaren 12an, Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela jakinarazi zuten. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza. Ondoren, apirilaren amaieran ere beste baten bila ibili ziren, Endarlatsa inguruan. Zehar Errefuxiatuekin erakundeak gogoratu du azken hilabeteetan lau pertsona zendu direla Bidasoan itota, beste batek bere buruaz beste egin duela Irunen, eta hiru lagun hil direla Ziburun trenak harrapatuta.

Hilotza aurkitu zuten tokia, Bidasoa ibaian. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO / FOKU. 

Oihana Galardi: «Hiru gaueko epea akuilu bat bihurtu da migratzaile askorentzat»

Oihana Galardi Irungo Harrera Sareko kidea da, eta migratzaile asko egoera aski gaitzean ikusten dituzte:

Beste heriotza bat Bidasoan. Nor da erantzulea? 
Lehen erantzulea Frantziako Estatua da, muga itxi egiten duelako. Schengengo Itunak argi dio ez dagoela mugarik, baina Frantzia hegoaldeko herrialdeekin dituen mugak ixten ari da. Migrazioa kontrolatzeko ari da hori egiten. Ematen den argudioa da alarma terroristarengatik egiten direla kontrol horiek, baina hegoaldeko herrialdeekin dituen mugetan bakarrik existitzen dira. Migrazioa kontrolatzeko erabiltzen dira, beraz; baina Europako Batasunak ez dio belarritik tira egiten. 

«Ematen den argudioa da alarma terroristarengatik egiten direla kontrol horiek, baina hegoaldeko herrialdeekin dituen mugetan bakarrik existitzen dira».

Oihana Galardi (Irungo Harrera Sarea)

Parisen erantzukizuna argia da. Eta Hegoaldean zer egin daiteke hobeto migratzaile horiek egokiago hartzeko? 
Guk beti esan dugu pasabide seguruak behar direla. Baina pasabide seguruek Irunen bertan hasi behar dute. Azken finean, han dago harrera toki bat, eta han egoteko muga hiru gauekoa da gaur egun. Hori akuilu closeZerbait egitera behartzen duena.bat bihurtu da migratzaile askorentzat; handitu egin zaie presioa.

Beraz, erakundeei galdegiten diegu pasabide seguruak eskatzea, baina erantzukizuna ez  jartzeko bakarrik Frantziako erakundeen gain. Harrera herri bat gara, eta osoa izan behar du harrera horrek; gainerakoan, presiopean hartutako erabakietara bultzatzen dituzte migratzaileak. Zein izaten dira bideak? Baliabide ilegalak erabiltzea, edo Bidasoa zeharkatzeko ahalegina egitea. 

Beraz, hiru eguneko epe hori luzatzea da zuen eskabide nagusietako bat gaur egun? 
Bai, zeren eta beste une batzuetan astebete ere egon dira harrera zentroan. Muga hori inoiz baino zorrotzagoa da orain, beste garai batzuetan malguacloseZurruna ez dena.goa izan da. Eta esan dut lehen: erakundeek pasabide seguruak eskatzen badituzte, ulertu behar dute horiek etxean hasten direla. 

Zer ari zarete ikusten zuen eguneroko jardunbidean? Migratzaile asko ari dira Irunera heltzen? 
Aldi berean jende asko ez dator. Etengabe heltzen da, baina momentu jakin batzuetan jende asko iritsi da. Hedabideetan-eta atera denean jende asko etorri izan dela, gehiegikeriaz jardun dute maiz. 

Jatorrizko artikuluak