Albistea entzun

Bidasoan 25 urteko migratzaile bat hil da, muga igarotzeko ahaleginean

Aurten ibaian hildako bigarren migratzailea da. Jaurlaritzak «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu ditu, eta «bide seguruak» eskatu. Protesta batera deitu du SOS Arrazakeriak; gaur da, Donostian
Hilotza aurkitu zuten tokia, atzo.
Hilotza aurkitu zuten tokia, atzo. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz - Maite Asensio Lozano -

2022ko ekainak 19

Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo goizean jakinarazi zuen Guardia Zibilak gorpu bat topatu zuela Bidasoa ibaian, Irun aldean (Gipuzkoa); Behobiako zubiaren inguruan, zehazki. Hilotza migratzaile gazte batena zen: Abderrman Bas izeneko gizonezko ginear bat zen, 25 urtekoa. Gazteak ez zeraman dokumentaziorik soinean, baina hatz marken bidez identifikatu zuten; Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, Lanzarotera (Kanaria uharteak) iritsi zen maiatzean.

Jaurlaritzaren arabera, gaztea «berriki» zendu zen. Astelehenean egingo diote autopsia, baina argitu dute gorpuak ez duela indarkeria zantzurik: itota hil den susmoa dute. Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea da Abderrman Bas. Martxoaren 12an Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela jakinarazi zuten. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza. Ondoren, apirilaren amaieran ere beste baten bila ibili ziren, Endarlatsa inguruan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak asteon bertan gogoratu du azken hilabeteetan lau pertsona zendu direla Bidasoan itota, beste batek bere buruaz beste egin duela Irunen, eta hiru lagun hil direla Ziburun trenak harrapatuta.

Atzo Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) atsekabea adierazi zuen, ohar baten bidez: «Ezin gara drama honetara ohitu». Mugako kontrolak arazo badira, horiek «birplanteatzera» deitu zuen. Antzera mintzatu zen Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Xabier Legarreta. Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu zituen, eta «bide seguruak» eskatu zituen. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok ere adierazpenak egin zituen sare sozialen bitartez, albistea hedatu berritan. Twitterren esan zuen«beste ezbehar humano bat» gertatu dela Bidasoan.

Gaitzespen irmoa

Oharra kaleratu zuen Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ere. Hendaiako muga: axola ez duten bizitzak goiburua du. Gogor salatu ditu mugako kontrolak, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurki osatuko den Frantziako Gobernuari exiji diezaiola bertan behera utz ditzala kontrol horiek. Mobilizazioa eginen dute gaur eguerdian, 12:00etan, Donostiako Aquariumetik abiatuta. Irungo Harrera Sareak Irunen egingo du protesta, 12:30ean. Bihar errefuxiatuen nazioarteko eguna izango da, eta horren harira, manifestazioak eginen dituzte Bilbon eta Gasteizen ere, 19:00etan; Iruñean, 18:00etan. Bizi-k, berriz, atzo egin zuen iheslarien eskubideen alde protesta bat, Baionan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziak, gaur goizean, Getxoko Itzubaltzeta auzoan. ©Marisol Ramirez / FOKU

Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea hustear da Ertzaintza

Berria

Hainbat lagun bertaratu dira hustu ez dezaten exijitzera. Espazio hori erretiratuentzako eremu bat da egun, eta euskaltegi bat ere badu.

Haur jaioberri bat, artxiboko irudi batean ©Berria

Duela bost urte baino %25 haur gutxiago jaio dira lehen seihilekoan Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Iaz baino %2,4 haur gutxiago jaio dira aurten urtarriletik ekainera.

Indarkeia matxistaren aurkako protesta bat, Getxon, artxiboko irudian ©berria

Algortako mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientzia delitu larriagatik

Irati Urdalleta Lete

Algortako Portu Zaharreko jaietan ziztatu egin zutela salatu du neska batek. Ertzaintzaren arabera, ez zioten utzi neska artatzen; mugimendu feministako kideek ziurtatu dute ertzainekin adostu zutela nola jokatu. Prentsaurrekoa egingo dute 18:00etan; herritarrei bertaratzeko eskatu diete.

Osasun langile bat koronabirusa antzemateko test bat egiten, Nafarroan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Koronabirus datuak gero eta hobeak dira Nafarroan

Iñaut Matauko Rada

Azken astean 353 kasu positibo antzeman dituzte: joan den astean baino %52 gutxiago. Lau astez jarraian behera egin du intzidentzia metatuak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...