Bilboko Carlton hotel dotorea: ehun urteko ibilbide bitxia eta argazki sinboliko bat
Bilbok luxuzko hotel baten beharra zuelakoan eraiki zuten hotela, baina historian zehar hainbat funtzio izan ditu. Eusko Jaurlaritzaren egoitza ere izan zen 36ko gerran.
Bilboko Carlton hotelak urtemuga borobila du aurten. Manuel Maria Smith Ibarra arkitektoak zutitutako eraikinak ehun urte bete ditu, mendeurrena, eta, honezkero, hiriaren sinboloetako bat da. Maite Paliza Monduate historialariak Smithen arkitekturari buruz egin zuen doktore tesian jasoa duenez, aspaldiko behar bat bete zuen Carltonek: luxu handiko hotel bat. Hainbat enpresaburuk sustatu zuten proiektua, eta 1.500.000 pezeta bildu zituzten hura egiteko, baina obrak uste baino gehiago atzeratu ziren, finantza arazoen kausaz. Smithek 1919an diseinatu zuen eraikina, baina handik sei urte pasatxora amaitu zuten.
1926ko urtarrilaren 5ean zabaldu zuten hotela. Hamar platereko afari oparo batekin ospatu zuten mugarria. 25 pezetako menua izan zen, 430 lagun ingururentzat egina; etxeko hegaztien konsomeak, foie grasak, kapoiak, azpizunak, okaran budinak...
Hotelak berrehun logela eta beste horrenbeste komun zituen. Gerora, arkitektoak geletako batzuk ezabatu zituen bulego gehiago kabiarazteko. Bilboko Merkataritza Ganberak okupatu zuen bulegoen eremuaren zatirik handiena, baina han hartu zuten aterpe, besteak beste, Klub Alemaniarrak, Radio Bilbao irratiak, AEBetako kontsulatuak, Bilboko Ateneoak eta Aduanako Agenteen Elkargoak. Hotelak maizter are kuriosoagoak izan zituen 36ko gerran: Eusko Jaurlaritzaren egoitza bihurtu zen ia urtebetez. Jaurlaritzak Bizkaian egin zuen habia: Eibar ingurua salbu, Gipuzkoa osoa frankisten esku zegoen ordurako, eta, Araban, Laudio ingurua baino ez zegoen Eusko Jaurlaritzaren esku.
Bunker bat eta guzti
Carlton leku oso onean zegoen, hiriaren erdigunean, baina garai hartan aire bonbardaketak ohikoak ziren, eta bunker bat egin zuten. Hori da garai hartatik geratzen diren arrastoetako batcloseAztarnetako bat., hain justu: gaur egun hoteleko beste areto bat da, baina oraindik ikus daitezke bunkerraren arnasbideak sarrera nagusiaren eskaileretan. Jose Antonio Agirre lehendakariak han antolatzen zituen gobernu bilerak, gerrako erabaki estrategiko eta taktikoak hartzeko, eta han egiten zien harrera kazetariei. Jaurlaritza, berez, helburu birekin sortu zen: gerra irabaztea eta etorkizunerako oinarriak jartzea.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, baina, 1937an erbesteracloseatzerrira, exiliora jo behar izan zuten. Eta, hala ere, garai labur hori oroitzen da beti hotelaren historia errepasatzen den bakoitzean, eraikinari txertatu zion esangura sinbolikoagatik. Ezaguna da Agirrek eta gobernukideek Carltoneko balkoian atera zuten argazki hura, «Lendakaritza·Presidencia» zioen kartel baten atzean. Eta kartel hori izan zen, hain justu, frankistek, hirira sartu zirenean, ezabatu zuten aurrenetariko elementua.
Iñaki Goiogana Sabino Arana fundazioko artxibozain eta historialariaren hitzetan sinbolismoz betetako kartela zen: «Frankistentzat ere sinbolikoa zen, kartela kentzerakoan esan nahiko zutelako: ‘Hona arteko guztia amaitu da, eta orain Espainia berria dator’». Eta sinbolikoa segitzen du izaten gaur egun ere: lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko, hotelean bildu zen egungo gobernua joan den apirilaren 21ean, eta balkoiko argazki hura erreplikatu zuten, kartel eta guzti.
Jatorrizko artikuluak
-
Sinbolo egonkortua
Amaia Igartua Aristondo |
|