Lehenengo Jaurlaritzaren balioak aldarrikatu ditu Pradalesek, «populismoari» aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak Bilboko Carlton hotelean egin du gobernu bilera, lehenengo Jaurlaritza sortu zela 90 urte beteko direla gogoratzeko. Eraikin hura izan zen Agirre lehendakaria buru zuen gobernuaren lehen egoitza.

Imanol Pradales lehendakaria eta sailburuak Carlton hoteleko balkoian. IREKIA
Imanol Pradales lehendakaria eta sailburuak Bilboko Carlton hoteleko balkoian. IREKIA
aitor biain
2026ko apirilaren 21a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritza Bilboko Carlton hotelean bildu da berriro, 90 urteren ostean. Imanol Pradales lehendakariak bertan elkartu ditu sailburuak gobernu bilera egiteko, eta artean eratu berria zen lehen Jaurlaritza hura gogoratzeko, hotel hura izan baitzen Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zuen gobernuaren egoitza 1936 eta 1937 bitartean. Urrian 90 urte beteko dira gobernu hura eratu zenetik, eta, urteurrenaren harira, haren balioak eta printzipioak aldarrikatu ditu Pradalesek, «populismoari eta proiektu antidemokratikoei» aurre egiteko tresna gisa. 

Lehendakaritza Gasteiztik Bilbora lekualdatu du Jaurlaritzak gaur, eta modu horretan abiatu du lehendabiziko Jaurlaritza omentzeko ospakizun urtea. Izan ere, Pradalesek iragarri du 90. urteurrena gogora ekartzeko eta gobernu hura omentzeko hainbat ekitaldi egingo direla ekainean hasi eta hurrengo urteko ekainera bitarte. Gobernu bilera Agirre lehendakaria bere sailburuekin biltzen zen areto berean egitea izan da horietan lehena, hain zuzen ere. 

Keinuak badu garrantzia, Jaurlaritza hura aurrez hainbatetan gogoratu eta omendu izan badute ere, Gobernu Kontseilua Agirre lehendakariak erbesteratu aurretik egoitza izan zuen eraikinean egiten den lehen aldia izan baita. Aurrez, gainera, 1936ko argazki historikoa imitatu dute: Moiua plazara ematen duen balkoira atera dira, azpian lendakaritza zioen kartela zutela.

«Erakundetzean mugarri»

Bileraren ostean adierazpen instituzional bat irakurri du Pradalesek, atzean ikurrina eta aurrean bere gobernuko sailburuak zituela. Eta nabarmendu du Agirreren gobernua «mugarri» izan zela «Euskadiren erakundetzean». Gerraren eraginpean eratutako lehendabiziko Jaurlaritza haren «zilegitasun demokratikoa» azpimarratu du, eta oraindik indarrean diren printzipioak eta balioak aldarrikatu ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko. 

«Lehendabiziko Eusko Jaurlaritza askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren memoria da. Printzipio eta balio horiek aldarrikatzen jarraitzen dugu Euskadirentzat, Europarentzat, baita munduarentzat ere»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Lehendabiziko Eusko Jaurlaritza askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren memoria da; duintasunaren, humanismoaren eta elkartasunaren memoria; batasunaren, elkarrizketaren eta akordioaren memoria; autogobernuaren memoria. Printzipio eta balio horiek aldarrikatzen jarraitzen dugu Euskadirentzat, Europarentzat, baita munduarentzat ere», azpimarratu du Pradalesek.

Izan ere, lehendakariak iritzi dio egungo mundua «noraezean» dagoela. Ohartarazi du «populismoak eta proiektu antidemokratikoak» areagotzen ari direla munduan; genozidioa, berrarmatzea, aldebakartasuna eta halako hitzak berriro agertzen hasiak direla; eta, «indarraren legea inposatzen» ari dela nazioarteko harremanen printzipio nagusi gisa. Horren ondorioz, uste du Europak pisua galdu duela, eta Mendebaldeko demokrazien zuzenbide eta ongizate estatuak kolokan jarri direla. 

Egoera halako izanik, Agirre lehendakaria buru zuen Jaurlaritzaren «ondarea» nabarmendu du, «XXI. mendeko euskaldunentzako bide orri inspiratzaile» gisara. Bereziki ezaugarri hauek nabarmendu ditu: duintasuna, «totalitarismoaren aurkako borroka», bakea, askatasuna, autogobernua eta justizia soziala. «Jaurlaritza hark bere esanahirik zintzoena eman zion politikari: ardura, zerbitzua, konpromisoa, desberdinen arteko akordioa, bidezko kausa baten alde buru-belarri aritzea», adierazi du. 

Gobernu bilera Agirre lehendakaria bere sailburuekin biltzen zen areto berean egin dute. MIGUEL TOÑA / EFE
Gobernu bilera Agirre lehendakaria bere sailburuekin biltzen zen areto berean egin dute. MIGUEL TOÑA / EFE

Pradalesek ñabartu du helburua «memoria egitea» dela, ez iragana «idealizatzea»: «Argi-itzalak egon ziren, zalantzarik gabe, baina argiek berebiziko balioa dute gerra gau ilunetan». Izan ere, gogora ekarri du Jaurlaritza hura «gerra kabinete bat» izan zela, baina haren jarduna eremu militarretik harago joan zela: «Gobernu positiboa izan zen, gerra humanizatzen eta herria eraikitzen saiatu zena».

Gobernu aurrerakoia

Hala, nabarmendu du Jaurlaritza hark «Euskadiren eraikuntza sinbolikoan» eragin ez ezik, egitura instituzional propio baten oinarriak ere ezarri zituela, eta botere politikoa baliatu zuela «legezkotasun demokratikoa defendatzeko». Era berean, gobernuaren gizarte politiketan ere egin du azpimarra, «zinez aurreratua» baitzen Pradalesen hitzetan: «indibidualismoaren eta kolektibismoaren, kapitalismoaren eta komunismoaren, erreakzioaren eta iraultzaren antipodetan» zegoen. Gobernu hura EAJko kideek ez ezik, PSOEko, PCEko, ANVko eta ezkerreko alderdi errepublikano gehiagotako kideek osatu zuten.

Adierazpenak dio, halaber, Ertzaintza sortu zuela Jaurlaritza hark, eta «eskubide indibidualak eta sozialak, segurtasuna, ordena publikoa eta bake soziala, erlijio askatasuna eta kultuarekiko errespetua» bermatu zituela, errefuxiatuei laguntzen eta milaka haur atzerrira ebakuatzen zituen bitartean. «Agirre Lehendakariaren lehen Eusko Jaurlaritza hura gobernu bateratua, plurala, positiboa eta irekia izan zen. Demokraziaren, askatasunaren eta justizia sozialaren printzipioak defendatu zituen, herriaren instituzionalizazioa abian jarri zuen eta haren legitimitateari eusten asmatu zuen gerraren, diktaduraren eta erbestearen une gaitzetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA