Albistea entzun

Arkeologia

Termak Pirinioen magalean

Aranzadi zientzia elkarteak erromatarren garaiko bainuetxe baten aztarnak aurkitu ditu, Londresko Arkeologia Museoarekin batera hiru astez Auritzen egindako indusketetan
Indusketaren ezker aldera ageri diren zutabetxo horiek frogatzen dute termetako berogailu sitema bat izan zela eraikin horretan.
Indusketaren ezker aldera ageri diren zutabetxo horiek frogatzen dute termetako berogailu sitema bat izan zela eraikin horretan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko uztailak 25 - Iruñea

Ikertu, neurtu, hipotesia landu, frogatu eta ondorioztatu. Metodologia zientifikoa neketsua bezain zorrotza da, baina, azkenean, emaitzak argia igortzen du. Duela bi urte, Auritz ondoko Zaldua eremuan (Nafarroa) egindako indusketa arkeologikoan, erromatarren garaiko harrizko eraikin baten arrastoak aurkitu zituen Aranzadi zientzia elkarteak. Harrizko egiturak aditzera eman zien ikerlariei hura eraikin garrantzitsua izan zela Zalduako kokagune erromatar hartan, eta azken bi udatan egindako kanpainetan eraikin horren funtzioari buruzko hipotesiak landu dituzte. Aurten bildutako aztarnei esker, jakin ahal izan dute azkenik Pirineoen magalean bainuetxe bat izan zela erromatarren garaian, edo bederen bolada luze batean.

Izan ere, harrizko eraikin hark gutxienez hiru mende eta erdi iraun zuen zutik: «350 urte horietan, eraikinak bizitza eta eraldaketa ugari izan ditu, eta, horregatik, ez dakigu urte horietan guztietan termak izan ziren, baina bai gutxienez hainbat fasetan bainuetxe publikoa izan zela», azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak.

Ekhine Garcia Aranzadiko kidearekin eta Londresko Arkeologia Museoko beste bi kiderekin batera, hiru astez indusketa zuzendu du Mendizabalek. Gainera, Arkeologia ikasten ari diren hamalau boluntario izan dituzte lagun. Aurizko Udalaren laguntza eskertu dute, eta azpimarratu dute aurrera egiteko finantzaketa behar dutela. Igandean, 11:00etatik aurrera, ateak irekiko dituzte Auritzen, Zalduako eremuan, egindako lana azaltzeko.

Hipokaustoaren aztarnak

Mendizabalen arabera, aurreko urtean egindako indusketan ere eraikinaren funtzioari buruzko hipotesia lantzeko aztarnak bildu zituzten, baina «testuingururik gabe». Aurten, ordea, puzzle hori osatzeko frogak aurkitu dituzte. Nola? Terma erromatarretan igerileku bero eta hotzak, aldagelak eta ataria egon ohi ziren. Igerileku beroetan, berriz, hipokausto izeneko berogailu sistema erabili ohi zuten: inguruko labe batean berotutako airea mugitzeko, hutsune bat sortzen zuten, eta aire ganbera hori metro erdi inguruko zutabetxo batzuen bidez sostengatzen zuten. Era berean, airea behetik gora mugitzeko, horman beste hutsune bat eratzen zuten.

Hain zuzen, hipokaustoaren zutabetxo horien aztarnak atzeman dituzte: borobil formako adreiluak eta adreilu karratuak. Azken horiek «tokian bertan» zeuden, eta zoruan adreiluen markak aurkitu dituzte. «Gainera, zutabetxo horien inguruko geruza kolore beltzekoa da; labearekin konektatuta zegoenez, ikatzak eta keak zikindu egingo zuten», azaldu du Mendizabalek.

Eraikinak gauza asko ditu argitzeko oraindik. Adibidez, datozen urteetan jarraitu nahi duten ikerketan termen beste aretoen aztarna gehiago ager daitezke, baina bestelako ezusteak ere gorde ditzake. Izan ere, eraikinaren zati baten indusketa besterik ez dute egin bi urteotan. Uste dute 600 metro koadroko azalera izan zuela gutxienez. «350 urte horietan, etengabeko aldaketak eta birmoldaketak izan zituen, eta nahiko zaila da interpretatzea garai bakoitzean zein zen eraikinaren itxura edo hedadura».

Hain eremu txikian garai zabal horrek utzitako arrastoen interpretazioa egiteak badu konplexutasuna. Adibidez, gaur egun Zalduan oinezko orok zapaltzen duen zorua metro bat gorago zegoen duela bi mila urte. Epe luze horretan ebatsi diren harriek edo erosioak zaildu egiten dute ikerketa. Hain zuzen ere, Londresko Arkeologia Museoa espezializatuta dago hirigune erromatarren indusketa arkeologikoan: «Londresen erabili ohi dugun sistema erabiltzen laguntzen diegu boluntarioei. Baliagarria da geruza oso sakoneko eraikinak industeko eta ulertzeko», azaldu du Carla Tommasino museoko ikerlariak.

Grabatu «berezia»

Aurten, badago beste aurkikuntza nabarmen bat. Harri batean, itxura antropomorfoa duen irudi bat agertu da, eta, haren azpian, hiru hizki: T, E eta hirugarren letra baten zati bat. Goiz da ezer ondorioztatzeko, baina, Aranzadik kontsultatutako adituen arabera, «berezia» da. Nafarroan «hatzarekin zenba daitezke» antzeko grabatuak, Mendizabalen esanetan.

Oraindik ere galdera ugari daude erantzuteko. Erromatarren kokaguneak lau hektarea eta erdi hartu zituen, eta haren zati txiki bat besterik ez da ikertu orain arte. Adibidez, ez da egiaztatu haren izena: garai hartako idatzietan agertutako Summun Pirineum edo Iturissa izan liteke, baina, metodologia zientifikoak eskatzen duen frogarik gabe, ez dago ezer zehatz-mehatz ziurtatzerik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ahomentan: Agertoki berri baterako lanak

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

Agertoki berri baterako lanak

Itziar Ugarte Irizar

Badira zenbait auzi behin eta berriz agertzen direnak kulturgileen ahotan, maiz urgentzia forman; dela sortzaileen prekaritatea, dela euskal kulturaren bazterreko egoera. Epe motzean horiek beste leku batean ezartzeko mugimenduak bidean dira, baina badira askatu gabeko eztabaidak ere.

Hazia musikaleko dantzariak, entseatzen, Errenteriako Dantzagunean (Gipuzkoa). ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kooperatiben aitzindariaren fruitua

Andoni Imaz

Gontzal Mendibil musikariak Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailearen bizitza kantu bihurtu du, 'Hazia' musikala sortzeko. Datorren irailaren 17an estreinatuko dute, Arrasaten.

'Orelhas' irudia. ©Alex Rozados.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...