Albistea entzun

Lur azpiko galdera markak

Bosgarren urtez, Aranzadik eta Londresko Arkitektura Museoak indusketa arkeologikoa egin dute Zalduako eremuan, eta erromatar gune baten aztarna gehiago azaleratu dituzte
Harrizko eraikinaren egitura, eta Aranzadiko ikerlariak lanean.
Harrizko eraikinaren egitura, eta Aranzadiko ikerlariak lanean. IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko uztailak 28 - Auritz

Zalduako zelaiak badu zerbait zirraragarria. Ekialdera basoa eta Altzubi erreka, mendebaldera Orreagarantz doan errepidea, mendebalderago Aurizberri, eta ipar-mendebaldera Auritz. Satorzulo, zuhaixka eta larre artean, nekez imajina daiteke ingurune berde horrek lur azpian altxor arkeologiko bat gordetzen duela. Gutxienez 400 urtez erromatar hirigune bat izan zen han, eta haren aztarnak lur azpian daude gordeta. 2012tik, Aranzadi zientzia elkarteak aztarnategi horrek ezkutatzen dituen misterioak azaleratu nahi ditu, baina, gehiago ikertu ahala, galdera berriak sortzen dira.

Erantzun gabeko lehen galdera da erromatar gune hura egiazki Iturissa ote den. «Iturri klasikoek aipatzen dute Pompaelo [Iruñea] eta Ibañetako mendatearen artean bazirela bi hirigune: Summus Pyrenaeus eta Iturissa», azaldu du Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko ikerlari eta indusketako zuzendariak. Aranzadiren hipotesia da Zalduako gunea Iturissa dela. Urtero egiten duten indusketak Aurizko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen du, eta programa horrek ere Iturissa izena du.

Iturissari buruz, zuhur

Hala ere, oraindik ez dute hori egiaztatzerik lortu, eta, horregatik, zuhur jokatu nahi du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak: «Aztarna arkeologikoen artean ez dugu froga idatzirik topatu, eta horregatik ezin dugu berretsi iturri idatziek aipatzen duten Iturissa izeneko gunea ote den. Ziurrenik izango dela? Baliteke, baina, izen horri erreferentzia egingo dion frogarik agertu arte, ezin dugu guztiz baieztatu».

Eta hori da zientziaren oinarria. Duela sei urte, urrats erabakigarria egin zuen Aranzadik. 80ko hamarkadatik egon dira susmoak Zalduan erromatar gune bat egon zitekeela. Hala ere, zalantzak zeuden hain negu gorriak dituen leku batean halako gune bat egon zitekeen. 2011n, hiru miliarri topatu zituzten —erromatar garaian miliak adierazteko bide seinaleak—, eta adierazten zuen erromatarren garaian ere galtzada garrantzitsu bat bazela, egungo Done Jakue bidearen aitzindaria.

Aurkikuntza hark eta Zalduan aurkitutako txanpon batzuek Juan Martinez Txoperena Aranzadiko ikerlaria eraman zuten ondorioztatzera han azpian zela erromatar gunea, eta 2012an egindako lehen indusketak hipotesia baieztatu zuen. Txoperenak egindako ekarpena aitortu du Agirrek: «Haren urratsei jarraituz sortu da lantalde handi hau».

2014tik, Aranzadiko eta MOLA Londresko Arkeologia Museoko ikerlariek indusketa arkeologikoa zabaldu eta sakondu dute, urtetik urtera. Gutxienez, lehen mendetik IV. mendera arte iraun zuen erromatar guneak, eta, bitarte luze horretan, 4,5 hektareako azalera ere izan zuen. Egungo Aurizberri edo Auritzen antzera, galtzadaren inguruan antolatu zen. Aurreko urteetan, galtzadaren eta harrizko eraikin baten arrastoak azaleratu zituzten.

Eraikin horri garrantzi berezia eman diote ikerlariek. Harrizko egitura zuen, eta, gainerako etxeen aldean, kalitatezko material arkitektoniko bereziak zituen. Indusketetan, Italiako penintsulatik eta Tarragona ingurutik ekarritako marmol zatiak topatu dituzte, eta marmolezko harlauza zati batek horma bati atxikita jarraitzen du egun.

Julian Hill MOLAko ikerlaria aditua da erromatar garaiko Londresko indusketetan, eta bi eremuak alderatu ditu: «Aldeak alde, Londinium eta Iturissa erromatar inperioaren ertzetan daude. Horregatik, Londresko esperientzia baliaturik, Iturissari buruzko hainbat ondorio atera daitezke. Bietan, eraikin gehienak zurez eginda daude, eta, horregatik, harriz eraikitako egitura esanguratsuak topatzen ditugunean, esan nahi du gainerako etxeek baino balio handiagoa dutela», azaldu du. Hillen arabera, ezin da oraindik jakin zertarako erabiltzen zuten, baina herriaren erdian izateak aditzera eman dezake eraikin administratibo bat zela.

Ikerketak bere konplexutasuna du, ordea. Izan ere, kalkulatu dutenez, eraikin horrek 300 urte inguruz funtzionatu zuen, eta epe luze horretan hainbat aldiz moldatu eta zabaldu zen. «Erromatarrek etorkizunean eraikina nola berrerabili pentsatzen zuten, eta gela berriak nola atxiki planifikatu», azaldu du Claudia Tommasino MOLAko ikerlariak. Hala, iazko bidetik, eraikin horren azaleraren gaineko indusketa zabaldu dute aurten, baina oraindik ez dute osorik azaleratu.

Datozen urteetan gehiago hedatuko dira horizontalki. Eraikin horren inguruko beste erronka haren sakontasuna ikertzea da. Izan ere, estratigrafiek erakusten dutenez, bi metro eta erdiko geruzak pilatzen dira azpian, eta, beherantz sakondu ahala, lehen urteetako egituraren aztarna gehiago ager daitezke. Hor nonbait egon daiteke erantzun nagusia ere: zertarako erabili zuten.

Bihar, jardunaldi irekiak

Aurten, aztarnen artean material bitxiak agertu dira. Eraikuntzako ohiko materialez —iltzeak, harlauza eta adreilu zatiak— eta eguneroko materialez gain —zeramikak—, agertu dira bestelako objektuak ere: besteak beste, jolasteko fitxak eta dado bat; leiho batekoa izan daitekeen beira zati bat; edalontzi baten elementu dekoratiboa izan daitekeen beira zati kiribildu bat; hainbat argizulo...

Xehetasun gehiago jakin nahi duenak bihar du aukera ona Auritzera joateko, 11:00etan. Aranzadik eta MOLAk jardunaldi irekiak antolatu dituzte, eta ikerlariek euren azalpenak emango dituzte, bertatik bertara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Billy Bragg kantari ingelesa, 2018an, Londresen egindako kontzertu batean. ©FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE / EPA

Pandemiak musikaturiko lana

Ainize Madariaga

'The Million Things That Never Happened' disko berria kaleratu du Billy Bragg kantari ingelesak

Jorge Diaz, Antonio Mercero eta Agustin Martinez idazleak, aurtengo Planeta sariaren irabazleak. ©QUIQUE GARCIA / EFE
Laugarren kanporaketa, atzo, Mungiako Olalde aretoan. ©BERTSOZALE ELKARTEA

Oihana Bartra Arenas nagusitu da laugarren kanporaketan, Mungian

Berria

479 puntu eskuratu ditu bertsolari bilbotarrak. Paule Ixiar Loizagak egin du bigarren. Elorrion eta Getxon izango dira hurrengo kanporaketak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.