Eskola jazarpena jasandako adingabe baten suizidioak gogor jo du Cintruenigo
17 urte zituela bere buruaz beste egin du Sara Jimenezek. Bost urtez eskola jazarpena jasan du, 12 urte zituenetik. Senideek adierazi dute bullying-ak eta ziberjazarpenak bultzatu dutela gaztea heriotzara.
Sara Jimenezek 17 urte zituen, eta bost urtez sufritu zuen jazarpena. 12 urteko haurra zenetik. Cintruenigon bizi zen (Nafarroa), gurasoekin eta anaiarekin batera, eta otsailaren 27an hilik topatu zuten. Senideen arabera, bullyingcloseEraso fisiko, ahozkoa edo psikologikoa da, nahita eta behin eta berriz egindakoa, erasotzaile batek edo gehiagok biktima berari egindakoa.-ak eta ziberjazarpenakcloseSareetan edo Interneten bidez egiten den jazarpena da.
bultzatu zuten horretara. La Paz institutuan egin zituen DBHko ikasketak, eta duela bi urte beste ikastetxe batera aldatu zuten, Batxilergoa egiteko. Horrela ere ezin izan zuen uxatucloseGainetik kendu. jazarpenaren mamua. Bere buruaz beste egin zuen joan den astean.
Berriak gogor astindu du Cintruenigo. Erakundeek eta gizarte eragileek neurriak eskatu dituzte halakoak berriro gerta ez daitezen, eta hasiak dira mobilizatzen. Udalak deituta, elkarretaratze isila eginen dute martxoaren 9an, Eskola jazarpenak hil egiten du lelopean. Baliabideak galdeginen dituzte; batetik, eskoletan eta institutuetan azkarrago detektatzeko halako kasuak; eta, bestetik, buru osasuneko zerbitzuek arta hobea eman dezaten. «Artatu bai, artatzen zaituzte, baina gero itzul zaitez herrira berriz, zure egunerokora; gainera, gaur egun, are errazagoa da sare sozialen bidez edo kontu faltsuen bidez jazartzea», esan dio Cintruenigoko alkate Oscar Beak (UPN) Efe berri agentziari.
Alkatearen irudiko, Jimenezek ezin izan zion eutsi egoerari, «eta sistemak ez du jakin nola jarri erremedioa, buru osasunaren esparruan». Ziberjazarpenari dagokionez, Beak «lege bat» eskatu du, sare sozialetan irekitako kontu bakoitza «ziurtagiri digital bati lotua» egon dadin: «Jakin behar dugu kontu bakoitzaren atzean nor dagoen». Adingabeei sarbidea mugatzearen alde ere agertu da, jazarpen kasuak murrizteko: «Nerabeak ez dira gai bereizteko zer den garrantzitsua eta zer ez; eta liderraren begirada batek taldetik kanpo utz zaitzake, baztertuta». Alkateak uste du tokiko administrazioek ere badutela non eragin: «Cintruenigoko Udalak urtero antolatzen ditu bullying-aren eta ziberjazarpenaren aurkako kanpainak, eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako hitzaldiak egiten ditugu ikastetxeetan».
Sara Jimenezen familiak ere eskatu ditu buru osasunerako eta prebentziorako baliabide gehiago, adingabearen hiletan irakurritako gutun batean. Sandra Alduan Aialak irakurri zuen agiria, Sara Jimenezen izebak, familiaren izenean: «Sara kendu digute. Ez da izan eritasun gaindiezin bat. Ez da izan halabeharra. Jazarpena izan da. Jazarpena bene-benetako biolentzia da, eta eskola barruan gertatzen da, baina baita kanpoan ere. Ikusi ezin diren zauriak eragiten ditu, baina min ematen dute. Min fisikoa, emozionala eta soziala da».
Alduanek adierazi zuen «irainaz harago» doan fenomenoa dela bullying-a: «Ohituragatik iraintzen dute: itsusia, lodia, altua, txikia, motza... Baita ezberdina izateagatik ere. Gay izateagatik. Lesbiana izateagatik. Adoptatua izateagatik. Ilehoria izateagatik. Ezintasunen bat izateagatik. Horregatik guztiagatik seinalatzen, umiliatzen eta bakartzen dute».
Horren aurrean, esku hartzeko deia egin diote Jimenezen senideek erakundeei eta hezkuntza komunitateari, oro har: «Hau gelditu beharra dago. Ez dira umekeriak. Bizitzak suntsitzen dituzten ekintzak dira». Zehazki, «baliabide gehiago, prestakuntza handiagoa eta presentzia handiagoa» eskatu dituzte buru osasuneko zerbitzuentzat, «berehalako erantzunak behar direlako».
Erasotzaileak, eskolatik kanpora
Jimenezen heriotzak piztutako eztabaidaren ondorioz, askok Nafarroako Gobernuaren jardunean pausatu dute begirada. Kazetariek auziari buruz galdetu diote Javier Remirez bozeramaileari, eta hark esan du gobernuak «zehatz-mehatz» aplikatu zituela protokoloakcloseArazo jakin bati aurre egiteko ezarrita dauden pausoak edo irizpideak.. Hala ere, ez du azalpenik eman, auzia sekretupean dagoela argudiatuta.
Sara Jimenezen heriotza zuzenean aipatu gabe, ordea, gobernuak erakutsi nahi izan du lanean ari dela eskola jazarpena eragozteko, eta iragarri du foru dekretu bat prestatzen ari dela, ikastetxeetan elkarbizitza bermatzeko. Hezkuntza Departamentuak ikusgai paratucloseJarri. du zirriborroa, Nafarroako Gobernu Irekiaren webgunean. Zigor gogorragoak jaso dituzte arau berrian: adibidez, jazarpen edo ziberjazarpen kasu larri batean erasotzaile gisa identifikatutako ikasleak kanporatu eginen dituzte ikastetxetik.
|