Iñaki Zubizarreta: «Bai, irten daiteke eskola jazarpenetik»

  • Albistea entzun

Iñaki Zubizarreta Telleria (Madril, 1972) saskibaloi jokalari ohiak jazarpen basatia jasan zuen eskolan: bere buruaz beste egiteko zorian egon zen, jipoituta koman... Subnormal komikian jaso dute haren bizipena. «Hitz horrekin apurtu zidaten haurtzaroa».

Subnormal. Titulu gogor samarra da komiki batentzat...

Argi utzi nahi dut asmoa ez dela sekula izan desgaitasuna duen jendea gutxiestea; inolaz ere ez. Eskola jazarpenaren closeBullying-a gordina erakutsi nahi da, benetako aurpegia, deitzen dizuten horretatik hasita.

Gainditze baten historia da komikia. Ni horrelakoak jasan dituen beste bat gehiago naiz, milioika jazarriren artean. Helburua zen erakustea eskola jazarpena gainditu daitekeela. Bai, eskola jazarpenetik irten daiteke.

Zenbaitek esan dizute: «Itxura horrekin, jazarlea zeuk dirudizu, jazarria baino gehiago».

Askok. Gehiegik. Esaten diet gauza bat dela ni orain ikustea, daukadan fisikoarekin, baina nik kontatzen ditudanak 11 urteko ume baten bizipenak direla, berdin dela zer tamaina zeukan, ume bat zela, eta ezin zela defendatu behin eta berriro birrintzen zuten irakasle eta ikaskideen aurrean.

Izan ere, ez dago jazarleen eta jazarrien soslairik?

Hau ez da soslai kontua, eta ez da erakunde edo ikastetxeen arazoa. Gizarte osoaren arazoa da, eta aspaldi egin digu ihes eskuetatik. Arazo honetan, gutako bakoitzak dauka erantzukizuna, egiten dugunarengatik, edo egiten ez dugunarengatik, edo egiten uzten dugunarengatik. Horretan guztian dago erantzukizuna. Jendearentzat, beste aldera begiratzea da errazena.

«Arazo honetan, gutako bakoitzak dauka erantzukizuna, egiten dugunarengatik, edo egiten ez dugunarengatik».

Iñaki Zubizarreta (Bullying-a jasan zuen gaztetan)

Nola apurtzen da zuk aipatzen duzun «isiltasunaren legea»?

Atentzioa ematen didana da gazte zein helduek zer gutxi daukagun landuta salatu terminoa. Zerbait esaten baduzu, salatzaile bihurtzen zara. Jazarleak darabilen gezurrik handienetako bat da hori. Bestea beldurra da: ondorioari beldurra. Zerbait esaten baduzu, salatzailea zara. Eta benetan gertatzen dena da konplize ari zarela bihurtzen, eta isiltzen bazara jazartzen ari direnen erantzukizun berbera duzula.

«Jazarle pasiboa» aipatzen duzu.

Denok gara jazarle pasiboak; denok. Egon naiz euren buruaz beste egin duten haurren familiekin, haien ikaskideekin eta jazarleekin. Azken horiei galdera bakarra egiten diet: «Badakizue zer bihurtu zareten, ezta? Bada, bizi horrekin». Egin dutenei zein isildu direnei. Hori aldatu behar dugu.

Zeure buruaz beste egiteko zorian egon zinen, jipoitua eta bi egunez koman...

Nik nirea kontatu nuenetik, beste zenbat egon ote dira... Nik gaur egun esan dezakedana da nire historia, bere gordintasun guztiarekin, bizitzaren opari bat izan dela. Gainditu dudalako, ongi gainditu dudalako, eta gazteenekin konektatzeko balio didalako. Beste askok ez dituzten bizipenak eta motxilak dauzkat haiekin bat egiteko eta enpatia izateko.

«Beste askok ez dituzten bizipenak eta motxilak dauzkat haiekin bat egiteko eta enpatia izateko».

Iñaki Zubizarreta (Bullying-a jasan zuen gaztetan)

Bueltatu zara Punta Galeara? Salto egitear egon zinen toki hartara?

Askotan. Oso toki garrantzitsua da. Bakea topatzen dut han. Nire bizitzaren amaiera izan behar zuen, baina hasiera izan zen.

Jatorrizko artikuluak