
Euskal selekzioak lehen aldiz jokatu du Nazioarteko Esku Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Gernikan aritu da, eta ikusleek sekulako ongietorria egin diote, eta azpimarratu «aspaldiko ametsa egia bilakatu» dela.
2025eko ekainaren 2a egun historikoa izan da Euskal Herriarentzat eta euskal kirolarentzat. Egun horretan aritu da lehen aldiz euskal selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Ligaren lehen ekitaldian. Nekez izan zezakeen estreinaldi hoberik euskal selekzioak, etxean jokatu baitu aurreneko txapelketa, Gernika-Lumon (Bizkaia).
Abenduaren 28an Nazioarteko Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide gisa onartu izanaren emaitza da. Ahalegin bat baino gehiago egin zen aurretik Nazioarteko Federazioak Euskadikoa onartu eta euskal selekzioak ofizialtasuna lor zezan, baina ahalegin horiek antzucloseAgor.ak izan ziren. Abenduaren 28an, ordea, Nazioarteko Federazioak Euskadikoa onartzearen alde bozkatu zuen, eta aspaldiko ametsa, nahia eta desioa egia bilakatu zen.
Erabaki historikoa izan zen, baina ez denen gustukoa. Espainiako eta Kubako federazioek berehala aurkeztu zuten helegitea Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS), Lausanan (Suitza). Zera inpugnatucloseAurkaratu. zuten: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Federazioa Nazioartekoan onartzearen erabakia. Beraz, TASen dago gaia, eta ezin daiteke jakin noiz emango duen epaia. Hori egin bitartean, halere, euskal selekzioak Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketak jokatuko ditu.
Txapelketa ekainaren 1ean hasi zen, baina euskal selekzioak 2an jokatu zuen lehen aldiz. Bi mailatan aritu zen, eta, bietan Frantziaren aurka jokatu: emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Zortzi pilotari hauek osatu zuten euskal selekzioa: Aritz Erkiagak, Imanol Lopezek, Eñaut Urreistik, Unai Lekerikak, Elaia Gojenolak, Helena Barrenetxeak, Maia Goikoetxeak eta Maialen Aldazabalek. Frantziako selekzioan, berriz, bost euskal puntista zeuden: Ludovic Ladutxe, Jon Tanburindegi, Thibault Basque, Oihana Sorozabal eta Xana Gonzalez.
Espainiako eta Mexikoko selekzioetako emakumezkoek jokatu zuten ekainaren 2ko jardunaldiko lehen partida, eta Euskal Herriko hiru emakumezko aritu ziren Espainiarekin Nazioen Ligan: Erika Mugartegi eta Arai eta Lur Lejardi. Gizonezkoetan, berriz, lau: Gorka Mugartegi, Erik Mendizabal, Ruben Bailo eta Cosme Agirre.
Jatorrizko artikuluak
-
Euskal selekzio bat, behintzat
Iker Tubia |
|