Herri kirolen eskolak, gazteak plazara ateratzeko

  • 515 hitz

Herri kirolek ikusgaitasun gutxi dutela eta, mundu txiki horretan dabiltzanek lan handia dute etorkizuna bermatzeko. Gazteak erakartzeko xedez, Euskal Herri osoan badira han-hemenka herri kirolen eskolak eta gazteei zaletasuna transmititzen diharduten kirolari beteranoak.

OSTOLAZA HARRI ESKOLA (Aia, Gipuzkoa)

Joseba Ostolazak (Zestoa, Gipuzkoa, 1973) aitarengandik jaso zuen harriarekiko zaletasuna, Agustin Ostolazarengandik. 12 urte zituela altxatu zuen lehen harria. «16 urterekin, 200 kiloko harria jasotzera iritsi nintzen». 2015ean erretiroa gertu ikusten zuela-eta, harri eskola bilakatu zuen Aiako (Gipuzkoa) Santio auzoan zuen garajea. «Harri jasotzea betidanik izan da kirol bakartia. Eskolari esker, harri jasotzaileok elkarren arteko batasun handiagoa izaten dugu, eta jarraitzeko beti errazagoa izaten da». Etxetik harriaren inguruko transmisioa jaso ez duenari ere, eskolak aukera eman dio harri jasotzearen mundua ezagutzeko, Ostolazak azaldu duenez.

Orotara, hamabost kirolari ibiltzen dira eskolan, 15 urtetik 44 urte bitartekoak. Aiako ingurukoak ez ezik, Urizarkoak (Araba), Betelukoak (Nafarroa) eta Hendaiakoak (Lapurdi) ere joaten zaizkio. Donostiatik, esaterako, bi gazte biltzen zaizkio. «Hasiberriak direnez, harri mota guztiak nola altxatzen diren erakusten diet, arlo teknikoa batez ere». Ostolazak, eskarmentuaren talaia horretatik, badaki ez dela gauza bera etxean entrenatu edo plaza batean aritu. «Urte gutxi daramatzaten kirolarientzat ez da txapelketarik egiten, eta nolabaiteko hutsunea dago. Horretan lanean gabiltza».

SAKANAKO AIZKORA ESKOLA (Etxarri Aranatz, Nafarroa)

Eskualdean aizkolaritzan dagoen usadioa sustatzeko asmoz, Sakanako Mankomunitateak aizkora eskola jarri zuen martxan 2004an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Lehenbizi, Joxe Inaxio Flores Axio zenak hartu zuen 10 urtetik gorako gaztetxoei aizkoran irakasteko ardura. Gero, Juan Mari eta Floren Nazabal aita-semeak batu ziren, aizkoran makina bat txapel irabazitakoak biak. Garai hartan, Juanito Erdozia (Etxarri Aranatz, 1943) laguntzera joaten zitzaien tarteka.

Orain dela sei urte hasita, Erdoziak etxetik gertu duen bordara eramaten ditu gazteak aizkoran entrenatzera. Materiala hara eta hona eramateko, berriz, semeak laguntzen dio, Juanjo Erdoziak (Etxarri Aranaz, 1972). Aurten hamazazpi gazte eduki ditu bere esanetara, tartean bost iloba.  

Erdoziatarrek uste dute aizkora eskolak laguntza handia ematen diela gazteei hastapenean bidea errazago egiteko. Gazteenak azaldu duenez, aukera izaten dute jakiteko zein diren oinarrizko ezaugarriak aizkoran trebatzeko; besteak beste, enborrari ebaketa ona egiteko eta jarrera egokian aritzeko. Lehen egunetik heltzen diote aizkorari gaztetxoek. Aitak hartu du hitza: «Egurrean zulo bat egin, eta, ondo edo gaizki, hura jotzea da haien lehen eginbeharra. Hurrengo zeregina, berriz, arlo teknikoa hobetzea da, aizkora menperatu arte».

«Gaztetxo horiek aizkoran zeinen gustura ibiltzen diren ikusten ditudanean, halako poztasuna ematen dit».

Juanjo Erdozia (Sakanako Aizkora Eskola)

Ordu asko pasatzen dute erdoziatarrek nerabeekin, aitak bereziki. «Emazteak sarritan galdetzen dit ea zergatik hartzen ditudan halako lanak». Honela arrazoitu du etxarriarrak: «Gaztetxo horiek aizkoran zeinen gustura ibiltzen diren ikusten ditudanean, halako poztasuna ematen dit. 77 urte ditudan arren, lanean jarraituko dut».

GAZTEDI SOKATIRA TALDEA (Laukiz, Bizkaia)

Harriaren eta aizkoraren aldean, Gaztedi sokatira taldeak eskolarik ez dauka, baina Laukizek (Bizkaia) beti izan du harreman estua sokatirarekin. «1961etik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren bitartez, sokatirak bizirik dirau Laukizen», esan du Jon Iñaki Mardarasek (Gatika, Bizkaia, 1961), gizonezkoen taldeko entrenatzaileak.

Aldika-aldika, 15 urte inguruko gazte multzo txiki bat hasten da sokatiran. Gerora datoz gabeziak, Mardarasen esanetan. Sokatira kirol profesionala ez denez, zarata gutxi sortzen du: «Sokatirak gehiago ikusten diren beste kirolek adinako erakargarritasunik ez du». Hori dela eta, gehienek utzi egiten dute, eta soilik herriko hiruzpalau gaztek jarraitzen dute sokari tiraka. Horietako bat da Aimar Gaminde (Laukiz, Bizkaia, 2003). 

Mardarasek argi du: «Benetako belaunaldi aldaketa gauzatzeko, gazteak behar dira, alor teknikoan askoz ere arinago ikasten baitute. Iritzi berekoa da Gaminde ere. «Sokari nola tiratu behar den jakiteko garairik onenean nago ni; gerora, fisikoa landuko duzu».

«Benetako belaunaldi aldaketa gauzatzeko, gazteak behar dira, alor teknikoan askoz ere arinago ikasten baitute»

Jon Iñaki Mardaras (Gaztedi Sokatira Taldea)

Sokatira munduan gazte gutxi dabilela eta, kezkaz begiratzen dio geroari Gamindek. «60 urte dituzten tiratzaileek esango dute atzetik ez datorrela segidarik. Zer pentsatua ematen dit horrek». Egoera are gehiago zaildu zaie pandemiaren ondorioz. «Joan den urtean, bizpahiru talde genituen; orain, bakarra besterik ez dugu».

Jatorrizko artikuluak