Euskaldun kuadrilla bat Madrilen: «Asko eskertzen da horrelako lagun talde bat izatea».
Gazteak dira, euskaldunak, eta telesailetan ari dira lanean. Hobeko Gonzalez Viñaspre, Xabier Elizalde, Angela Etxaniz eta Ainhoa Larrañaga Madrilen bizi dira eta lagunak egin dira.
Angela Etxaniz aktorea 18 urterekin iritsi zen Madrilera, antzerkia ikastera, eta pozik dago bere tankerako euskaldunak topatu dituelako: «Asko eskertzen dut euskaldunon kuadrilla hau izatea. Zeren, gainerakoan, hiria bakartia da». Azpeitikoa da (Gipuzkoa), 23 urte ditu, eta bi urte eta erdi daramatza La promesa eguneroko telesailean lanean. Ainhoa Larrañaga aktorea Hernanikoa da (Gipuzkoa), 25 urte ditu, eta bosgarren denboraldia du La que se avecina telesailean lanean. Hobeko Gonzalez Viñasprek 29 urte ditu, Gasteizkoa da —The Walking Dead telesailean eta La sociedad de la nieve filmean zuzendari laguntzaile aritutakoa da—. Xabier Elizalde, berriz, Iruñekoa da, eta 29 urte ditu. Izenik ezin du eman, baina telesail batean ari da hura ere. «Saiatzen naiz euskaldun gehienei etxea auzo berean bilatzen»; denak barrez hasi dira. Larrañagak, baietz: «Elizaldek aurkitu digu denoi pisua». Madrilen bizi dira laurak, eta elkarri laguntzen diote sarri castingcloseikuskizun edo pelikula edo telesail batean aktore lanetan aritzeko egiten duten hautaketa prozesuetan, baita bestelako kontuetan ere.
Maria Peperina Cantina kafetegian egin dute elkarrizketarako hitzordua. «Elizalde da gu guztion arteko lotura», esan du Larrañagak. Hari esker hartu zuen hala moduzko etxe bat alokairuan. «Gure etxea dela-eta txantxak egiten dituzte, euskaldun ugari pasatu baitira bertatik. Gela txiki bat dugu, eta normalean hutsik egoten da, baina Madrilera datozen euskaldunek beharra badute, pare bat gau pasatzeko edo casting bat egiteko, bertan geratzen dira». Badute harremana Madrilen lanean ari diren beste aktore batzuekin ere: Miren Arrieta, Maria Redondo, Nerea Mazo, Asier Olaziregi... Haien Whatsapp taldearen harira ere txantxa bat baino gehiago egiten dituzte.
Larrañagak argi du: «Sekulako babesa sentitzen dugu beste euskaldunekin gaudenean». Gonzalez Viñaspre ere babestua sentitzen da: «Horrelako hiri batean asko eskertzen da horrelako lagun talde bat izatea».
Etxanizek kontatu du maleta handi bat eskuan zuela iritsi zela hiriko etorbide nagusira. «Lehen aldia zen Azpeititik modu horretan ateratzen nintzena, eta esan nuen: 'Zer da hau?'. Antzerkia gustatzen zitzaidan, baina lotsa ematen zidan gauzak esateak. Buruan nuen ea jendeak zer pentsatuko ote zuen nitaz. Baina, aldi berean, Madrilen libre eta aske sentitu nintzen, ni bezalako jendearen inguruan, eta askatasun puntu bat sentitu nuen. 'Hara, inori ez zaio inporta nor naizen', esan nezakeen. Baina denborak aurrera egin ahala, faltan sumatzen nuen etxea, eta horregatik asko eskertzen dut euskaldunen lagun talde hau izatea». Larrañagaren oharra: «Bakarrik bazaude, hiriak irentsi egin zaitzake».
Bizitakoak eta ikusitakoak
Gonzalez Viñasprek ekoizpen oso handietan egin izan du lan: «Esaten dizute izar batzuekin lan egingo duzula, eta gero batzuetan mitotzatcloseeredutzat, erreferentetzat zenuena ezagutu eta dezepzioclosezerbaitek edo norbaitek huts egiten dizunean sentitzen dena handia hartzen duzu. Tratuan, batzuk eskola zaharrekoak dira. Baina emakume gehiago daude botere postuetan. Bazen garaia! Gauzak aldatzen ari dira».
Denek aipatu dute Madrilen jende asko pasaeran izaten dela. «Aldi baterako etortzen den jende asko dago», diote lau lagunek. Elizalderi inguruko askok galdera bera egin ohi dio: «Zure burua luzaroan ikusten duzu Madrilen?». Iruñeko aktoreak argi du «oraingoz» bertan geldituko dela. «Neska lagunarekin gustura bizi naiz hemen. Bikotekideak esan dit denbora luzerako proiektu bat sortzen bazait Euskal Herrian, prest dagoela nirekin joateko. Go!azen-en nenbilenean, asteburuetan Madrilera etortzen nintzen». Gonzalez Viñaspre asko ibili da batera eta bestera azkenaldian. «Baina neure burua hemen ikusten dut. Etxe bat erostekotan, Madrilen erosiko dut». Larrañagak aitortu du Madril «pila bat» gustatzen zaiola: «Eta zintzoa banaiz neure buruarekin, lana dagoen tokian egongo naiz. Lana beste toki batean baldin badago, mugituko naiz». Etxanizek orain arte Madrilen baino ez du egin lan, eta badu gogoa Euskal Herrian lan egiteko. «Baina ez dut neure burua Azpeitian ikusten. Akaso Madril eta Euskal Herria artean, bai».
Jatorrizko artikuluak
-
Elkarri lagunduz, Madrilen
Urtzi Urkizu |
|