Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo: «Pozik gaude egindakoarekin, baina ezer ez da betiko»

  • Albistea entzun

Azkenekoa izango zela iragarri gabe igo ziren azken aldiz oholtzara Fran Urias (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1985), Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) eta Hesian taldeko gainerako kideak. Hamabost urteren, zortzi diskoren eta hamaika kontzerturen ostean, agur esatea erabaki dute.

Sakanan (Nafarroa) sortu zen Hesian. Musika indartsua eta bizia jorratzen du, haize instrumentuz eta neska-mutilen ahotsez hornituriko pop-rock eta punk-rock melodikoaren eremuan. Abestietan, hitz sakon eta konprometituak zabaltzen ditu, borrokalariak, esanahiz beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak.

Musika aldatu egin da hasi zinetenetik (2006an). Nola egokitu zarete garai bakoitzera?

F.U.: Pop-rock musika egin dugu, oinarrizkoa, baina, norabide aldaketaren bat izan bada, uste dut kontrako noranzkoan izan dela beti. Musika hegemonikotikcloseNagusigotasuna duena. aldentzen saiatu gara.

Zuen abestien gaien bilakaera ere nabarmena izan da. Zeren ondorio izan da hori?

Z.H.: Gizartea aldatu egin da, eta gu ere aldatu egin gara. Beti egongo bagina gai berberen inguruan hitz egiten, beti iguala litzateke, eta aldaketan dago aberastasuna.

F.U.: Letren egileak ere aldatu dira; bakoitzak bere idazteko modua zuen. Eta pentsa egoera politikoan: hasierako diskoetan, oso inportantea zen horri buruz hitz egitea, baina zenbat aldatu den egoera politikoa azken hamabost urteetan!

Jarraitzaile gazteak izan dituzue batez ere. Haientzat erreferente izan zintezketela jakiteak ardura sortzen zizuen?

Z.H.: Gaztetxoengana iristen bazara, eta ikusten baduzu erreferente bihurtu zarela, horrek ardura sortzen dizu. Nik bai, sentitzen nuen ardura hori, eta asko zaintzen nuen egiten eta esaten nuen guztia. Baina horrek mugatu egiten zaitu, eta, azkenean, presio horretatik askatuz joan naiz. 


F.U.: Musikariak gara, eta gure hitzak bihotzetik ateratzen dira. Buruak iragazki lana egin dezake pixka bat, baina bihotzetik ateratzen den guztia ez da politikoki zuzena edo pedagogikoa. Baina bihotzean dago. Gurea da, eta denona.


Zeintzuk dira agur esateko arrazoi nagusiak?

Z.H.: Sentitu genuen etapa honek amaitu egin behar zuela, eta modu naturalean izan zen.

F.U.: Azkeneko diskoaren ondoren [Baga-Biga, 2018], gogoeta bat egin genuen: talde gisa agian hori zela egin genezakeena. Pozik gaude egindakoarekin, harro; beraz, listo. Ezer ez da betiko.

Urtarrilaren 9an eman zenuten azken kontzertua, Bilbon, azkena zela esan gabe. Nolakoak izan ziren azken momentu haiek?

F.U.: Niri, momentu batzuetan, mundua gainera erori zitzaidan: azken akordea jo nuenean, errepika bat azken aldiz kantatuko nuela pentsatu nuenean. Gero, taldearekin elkartzean ere, ikustean gauza haiek ez direla berriz gertatuko... Hunkigarria izan zen.

Z.H.: Guk bagenekien azkena izango zela, eta hala bizi izan ge- nuen. Niretzat, kontzienteen bizi izan dudan kontzertua izan da, akaso: segundo bakoitza bizi eta gozatu nuen.

Jatorrizko artikuluak