Albistea entzun

Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo. Musikariak

«Pozik gaude egindakoarekin, baina ezer ez da betiko»

Hesian taldeko kideak dira Urias eta Hidalgo. Jotzeari utziko diotela iragarri eta egun batzuetara, taldearekin bizi izan duten guztiaz jabetzen ari dira oraindik. Jasotako babesa eskertu dute. Bideoa, albistearen barruan.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin - Ane Eslava -

2021eko urtarrilak 30

Azkenekoa izango zela iragarri gabe, duela hiru aste igo ziren azken aldiz oholtzara Fran Urias (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1985), Zuriñe Hidalgo (Gasteiz, 1990) eta Hesian taldeko gainerako kideak. Hamabost urte, zortzi disko eta hamaika kontzerturen ostean, agur esatea erabaki dute. Uriasek eta Hidalgok beraiekin batera hazi eta aldatu den taldearen bidea gogoratu, eta amaieraren arrazoia azaldu dute.

Hesian-en lehenengo urteak bereziki arrakastatsuak izan ziren. Nola gogoratzen dituzue?

FRAN URIAS: Amets batean egotea bezala izan zen; oso zaila zen gertatzen ari zitzaiguna sinestea. Hasierako taldea osatzen genuen gehienak beste proiektu batzuetatik gentozen, baina horien ibilbidea etxekoa izan zen oso. Eta, bat-batean, Hesian-ekin hasi, eta ikustea gertukoa ez zen jendeari gustatzen zitzaiola, kontzertuetara joaten zirela, dena ematera... Oso polita izan zen. Ilargian bezala geunden.

ZURIÑE HIDALGO: Nik neure burua oso gazte gogoratzen dut, eta, aldi berean, oso gogotsu, kristoren ilusioarekin. Hasierako urteak oso biziak izan ziren: asko entseatzen genuen, eta, aldi berean, diskoak prestatzen ibiltzen ginen. Batez ere 2010. eta 2011. urteak oso biziak izan ziren. Baina, hain geunden motibatuta, non dena gustura egiten genuen, nekatu gabe.

Musika aldatu egin da hasi zinetenetik. Nola egokitu zarete garai bakoitzera?

Z.H.: Uste dut ez dugula egin egokitze prozesurik, modu naturalean heldu dela aldaketa. Taldekideak aldatuz joan dira, eta, urteek aurrera egin ahala, zu ere hazi egiten zara; ez bakarrik musikalki, pertsona gisa ere bai, eta zure estiloa eta egiten dituzun ekarpenak ere aldatzen dira.

F.U.: Pop-rock musika egin dugu, oinarrizkoa, baina, norabide aldaketaren bat egon bada, uste dut kontrako noranzkoan izan dela beti. Musika hegemonikotik aldentzen saiatu gara.

Zuen abestien gaitegiaren bilakaera ere nabarmena izan da. Zeren ondorio izan da hori?

Z.H.: Errealitatea aldatu egin da, eta kontatzeko genuena ez zen berdina duela hamar urte edo gaur egun. Gizartea aldatu egin da, eta gu aldatu egin gara: gure egoera, gure ingurua. Beti egongo bagina gai berberen inguruan hitz egiten, beti iguala litzateke, eta aldaketan dago aberastasuna.

F.U.: Letren egileak ere aldatu dira; bakoitzak bere idazteko modua zuen, eta bere mundua islatzen zuen hor. Gainera, pertsona bakoitzak bere eboluzioa du. Eta pentsa egoera politikoan: hasierako diskoetan oso inportantea zen horri buruz hitz egitea, baina, zenbat aldatu den egoera politikoa azken hamabost urteetan!

Jarraitzaile gazteak izan dituzue batez ere. Haientzako erreferenteak izan zintezketela jakiteak ardura sortzen zizuen?

Z.H.: Gaztetxoengana iristen bazara, eta ikusten baduzu erreferente bihurtu zarela, horrek ardura sortzen dizu. Nik sentitzen nuen ardura hori, eta asko zaintzen nuen egiten eta esaten nuen guztia. Baina horrek mugatu egiten zaitu. Eta joan naiz presio horretatik askatzen. Kontraesan horiek izatea normala da, baina jarraitu behar dugu esaten benetan sentitzen duguna.

F.U.: Musikariak gara, eta gure hitzak bihotzetik ateratzen dira. Eta buruak filtratu dezake pixka bat, baina bihotzetik ateratzen den dena ez da politikoki zuzena edo pedagogikoa. Baina bihotzean dago. Gurea da, eta denona.

Zer izan dira zaleak zuentzat?

F.U.: Zatirik inportanteena izan dira, seguruenik. Mezu bat idazten dizutenean, edo kontzertu baten ostean zerbait esatera joaten zaizkizunean, norbaitek zure esaldi batek lagundu diola esaten dizunean, horrek ez du preziorik. Horrek sentiarazten dizu egiten duzunak benetako balioa daukala.

Z.H.: Proiektu honen parterik garrantzitsuenetako bat izan dira. Musika sortzen dugu, guretzat, baina baita konpartitzeko ere. Beste aldean egon diren guztiak izan dira proiektuaren parte.

Zeintzuk dira agur esateko arrazoi nagusiak?

Z.H.: Beti jarrai dezakezu aurrera, inertzia horretan sartzen bazara. Baina sentitu genuen etapa hau amaitu behar zela, eta modu naturalean izan zen. Erabakia aspalditik genuen hartua. Egoera aldatu egin da, eta gure planak ez dira izan pentsatzen genuen modukoak; baina hautua egina zegoen, eta egokitzen saiatu gara.

F.U.: Azkeneko diskoaren ondoren, gogoeta bat egin genuen: talde gisa agian hori zela egin genezakeena. Egindakoarekin pozik gaude, harro; beraz, listo. Ezer ez da betiko. Zikloa itxi egin zen.

Esan duzue agurra beste era batera imajinatzen zenutela. Gogorra izan da horrela bukatzea?

Z.H.: Penarekin eta amorruarekin bizi izan dugu, ezin izan dugulako eskaini nahi genuen amaiera hori. Ez guregatik bakarrik, publikoarengatik ere bai. Zuk proiektatzen duzu nolakoa izango den amaiera, zer polita eta zer zaindua izango den, eta, bat-batean, proiekzio horiek guztiak desagertu egiten dira. Baina uste dut gakoa izan dela onartzea zein den errealitatea: guretzako oso tristea da, baina ikusten dugu askoz gauza larriagoak daudela. Hau tokatu zaigu, eta onartu behar izan dugu.

Urtarrilaren 9an eman zenuten azken kontzertua, Bilbon, azkena zela esan gabe. Nola bizi zenituzten azken momentuak?

F.U.: Oso hunkigarriak izan ziren. Niri momentu batzuetan mundua gainera erori zitzaidan: azken akordea jo nuenean, errepika bat azken aldiz kantatuko nuela pentsatu nuenean. Gero, taldearekin elkartzean ere, ikustean gauza horiek ez direla berriz errepikatuko... Hunkigarria izan zen.

Z.H.: Guk bagenekien azkena izango zela, eta hala bizi izan genuen. Nire kasuan, modu kontzienteenean bizi izan dudan kontzertua izan da akaso. Segundo bakoitza bizi eta gozatu nuen.

Erabakiaren berri eman zenutenean, sareetan oihartzuna izan zuen. Espero zenuten?

Z.H.: Badakizu kantuak jendearengana iristen direla, badutela eragina. Baina nik komunikatua zabaldu eta ondorengo orduetan hartu nuen urte hauetan egindakoak izan duen eraginaren kontzientzia.

F.U.: Babestuta sentitu ginen; besarkatuta, laztanduta.

Nola laburbilduko zenukete Hesian zer izan den?

F.U.: Niretzat, nire bizia izan da.

Z.H.: Nire bizitzako proiekturik garrantzitsuenetariko eta politenetariko bat izan da; ikaskuntza, ahalduntzea, nire izaera eraikitzeko bide bat, eta gehien maite duguna egiteko gune bat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.