Gernika: barkamen eskeak eta hutsune nabarmenak
Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak eta Felipe VI.a Espainiako erregeak Gernikara egindako bisitak gogoetarako gako asko eman ditu: Alemaniak barkamena eskatu du Gernikako bonbardaketagatik, baina Espainiako erregeak ez. Bisita hori abiapuntutzat hartuta osatu dute 'Berria Berriketan'-en podcast hau.
Gernika Memoriaren Lekuko elkarte memorialisten bilguneak urrats egoki gisa ikusi du Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierrek Gernikara bisita egitea eta Kondor Legioak hango bonbardaketan izandako erantzukizuna aitortu eta horregatik barkamena eskatzea.
Hegazkin naziek Gernika bonbardatu zuten 1937ko apirilaren 26an, Italiako abiazioaren laguntzarekin, eta betiere alde frankistak 1936ko gerrarako zituen interesei jarraikiz. Gernikako bisitan izan da beste estatuburu bat ere, Felipe VI.a Espainiako erregea, baina hark ez du barkamenik eskatu, nahiz eta Francisco Franco diktadoreak hautatutako estatuburuaren oinordekoa izan.
Podcast hau hala Iker Tubia eta Gurutze Izagirre kazetariek nola Josu Chueca historialariak ondu dute. Izagirrek gogoratu du oraingoa ez dela Alemaniako estatuak bere erantzukizuna aitortzen duen lehenengo aldia. 1997an, Roman Herzog presidenteak gutun bat idatzi zuen barkamena eskatzeko, eta, urte hartan bertan, herrialde horren Espainiako enbaxadoreak parte hartu zuen bonbardaketaren egunean Gernikan egin zen oroimen ekitaldian. 1981ean, Euskal Herrira egindako lehenengo bisita ofizialean, Espainiako orduko erregea Gernikan izan zen: ez bonbardaketa oroitzeko ekitaldietan, juntetxean baizik, baina, hala ere, Izagirrek uste du ez zela kasualitate hutsa izan.
Chuecaren iritziz, garrantzitsua izango litzateke Alemaniak, barkamena eskatzeaz gain, argitzea Kondor Legioak zer jardun izan zuen 1936ko gerran, eta aldi berean, eskura jartzea horren inguruko dokumentazioa. Espainiari dagokionez, Chuecak gogoratu du egungo armada gerran garaile irten zen armada frankistaren oinordeko zuzena dela, eta argitu beharko lukeela zer erantzukizun izan zuen bonbardaketan. «Bonbardaketa Kondor Legioak egin bazuen ere, eraso hark bat egin zuen alde frankistaren estrategiarekin. Ziur nago Espainiako armadak badauzkala agiri esanguratsuak hori argitzeko».
Jatorrizko artikuluak
-
‘Es tut mir Leid’. Barkamen eske bat, alemanez
Iker Tubia |
|