Francoren heriotza: mende erdi baten itzal luzea

  • 646 hitz

Heldu den azaroaren 20an 50 urte beteko dira Francisco Franco Espainiako diktadorea hil zela. Errepublikaren aurka matxinatu, gerra irabazi, eta 40 urteko diktadura faxista bat ezarri zuen Hego Euskal Herrian. Horrek ondorio handiak izan zituen arlo askotan. BERRIAk 'Franco hil zen, eta...' bilduma hasi du, frankismoaren erradiografia bat egiteko.

Joxe Agirrek bertsotan abestua da:

Garai haietan Patxi ez zegon hain jenio ondratuan; jokatzen zuen Euskadin aurka deabru baten moduan.

Azaroaren 20an mende erdia beteko da Francisco Franco diktadorea hil zenetik. 1936an Espainiako bigarren errepublikaren aurka matxinatu, eta, Euskal Herrian urtebete iraun zuen gerra irabazita, ezpata zorrotzez gobernatu zuen ia berrogei urtez. Agirrek deabrutzat jotako hark estu hartu zuen Hego Euskal Herria; bai Bizkaia eta Gipuzkoa, traidoretzat jotako herrialdeak, bai Araba eta Nafarroa. Hasi zen frankismoaren gau luzea, eta iritsi ziren gosetea eta errazionamendu kartillacloseGerra ostetik 1952ko maiatzera arte indarrean egon zen hainbat produkturen gaineko banaketaren muga, pertsona, familia edo enpresa bakoitzari zegokion gehienezko kopuruak ezarriz eta prezioak kontrolatuz, erbestea, gupidarik gabeko jazarpena, zentsuracloseGobernuak ezarritako adierazpen askatasunaren murrizketa eta hedabideen kontrola. . Batzuen miseria, besteen aberastasuna. Eta beldurra; beldur orokortua, garai hura bizi izan zuten askoren testigantzetan antzeman daitekeenez.

Franco hil zen, eta haren memoria, hark esparru ugaritan utzitako arrastocloseAztarna, eragina. luzea, eztabaidagai da oraindik ere; hobietatik ateratzeke dauden gorpuetan, oraindik galduta daudenetan, historia liburuetan, eztabaida publikoan. 50 urte geroago, non-eta Araban, jazarpen frankistaren ondorioz 1936 eta 1945 artean ia berrehun lagun hil zituzten herrialdean, Falangearen uztarria eta geziak kalera atera dituzte; zehazki, Gasteizen. Franco hil zen, eta BERRIAk efemeridea baliatuko du azaroan memoria ariketa sakon bat egiteko, eta, hala, diktadura beren larruan nozitu zutenei aitortza egiteko eta belaunaldi berriei frankismoaren kontakizun bat transmititzeko. 

Hego Euskal Herriko bizimodua definitu zuen fenomeno politiko, ekonomiko eta soziala izan baitzen frankismoa. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan 36.000tik gora izan ziren gerraostean lan behartuetan aritutako gatibuak. Espainian gerra amaitzerako, erregimena hasia zen bere hizkuntza politika ezartzen: ehun pezetako isunak kalean euskaraz hitz egiteagatik (1937), liburu kiskaltzeak (Tolosa, 1936), umeei euskarazko izenak jartzeko debekua (1938), meza euskaraz ematekoa (1938), erregistro zibiletan soilik gaztelania erabiltzeko agindua (1938), hilarrietatik euskara ezabatzekoa (Gernika, 1949)... Horietako asko jaso zituen Joan Mari Torrealdaik El libro negro del euskera liburuan. 

Bigarren Mundu Gerran Hitlerren Alemania naziarekin eta Mussoliniren Italia faxistarekin lerratzearen ondorioz, Francoren erregimena politikoki eta ekonomikoki bakartua gelditu zen nazioartean. 1953an Ameriketako Estatu Batuek eta Francoren erregimenak Madrilgo akordioak sinatu zituzten, zeintzuen arabera Espainiak laguntza ekonomikoa eta militarra jasoko baitzuen AEBen bost base militar jartzearen truke. Horrek parez pare ireki zion atea Espainiari Nazio Batuen Erakundean sartzeko; NBE sortu eta hamar urtera izendatu zuten kide. Eta irekiera horrek bide eman zion politika ekonomiko desarrollistak garatzeko. Horien bitartez, industria garatu zen Euskal Herrian, eta hazkunde demografikoa gertatu (immigrazioa eta baby boom-aJaiotze tasaren igoera handia, Hego Euskal Herrian 1958tik 1977ra arte izan zen. Europan eta Ipar Euskal Herrian lehenago gertatu zen, 1946. eta 1964. urteen artean, II. Mundu Gerra amaitu ostean. ); baina, aldi berean, langile mugimendu berritu bat agertu zen, eta zapalkuntza nazionalari eta sozialari erresistentzia egin nahi zion belaunaldi berri bat. 1960ko hamarkadan, ohitura bilakatu ziren salbuespen egoerakcloseEstatuak bere ohiko ordenamendu juridikoa behin-behinean bertan behera uzten du halakoetan, ohiz kanpoko arrisku egoera baten aitzakiarekin., atxiloketa politikoak, torturak; Euskal Memoriak 1960tik 1970era bitartean gertatutako hirurehun tortura kasu baino gehiago dauzka bilduta.

Francorik gabeko frankismoa irudikatzen hasiak ziren. 1969an, Juan Carlos Borboikoa izendatu zuten estatuko buruzagiaren oinordeko, eta 1973ko ekainean, Luis Carrero Blanco izendatu zuten gobernuburu. Sei hilabete iraun zuen karguan, ETAk hil zuen arte, abenduaren 20an. Erregimena azkenetan zen, baina gogor jo zuen, 1975eko irailaren 27an bost militante fusilatuta.

Franco azaroaren 20an hil zen, baina frankismoa ez zen biharamunean amaitu. Izan ere, diktadorea ohean hil ondoren, erregimenak bortitzago jo zuen. 1976tik eta 1979ra, polizia indarkeriak eta eskuin muturreko taldeek 59 lagun hil zituzten guztira Hego Euskal Herrian.

Pasatu dira 50 urte, eta Joxe Agirrek berak 2000n iragarri zuen gaurkotasun osoko kezka bat:

Nahiz ta Patxiko bizi danikan inortxok ez degun uste; aspaldi hontan frankokumeak indarrak hartu dituzte eta bildur naiz: hoiek bizirik gu laiste jango gaituzte.

Azaroaren 20ra arte, egunero Francoren heriotzari buruzko irakurgairen bat argitaratuko du BERRIAk, hemen.

Jatorrizko artikuluak