Franco: itzal luzea argitara

Azaroaren 20an beteko dira 50 urte Franco diktadorea hil zenetik. Efemeridea baliatuko du BERRIAk frankismoaren erradiografia zabala egiteko, 1975eko azaroaren 20a oroitzeko, eta erregimen hartatik geratu den horri begiratzeko.

Francoren erretratu bat, buruz behera. BERRIA
Francoren erretratu bat, buruz behera. BERRIA
jon olano
2025eko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joxe Agirrek bertsotan abestua da:

Garai haietan Patxi ez zegon
hain jenio ondratuan;
jokatzen zuen Euskadin aurka
deabru baten graduan.

Azaroaren 20an mende erdia beteko da Francisco Franco diktadorea hil zenetik. 1936an Espainiako bigarren errepublikaren aurka matxinatu, eta Euskal Herrian urtebete iraun zuen gerra irabazita, ezpata zorrotzez gobernatu zuen ia berrogei urtez. Agirrek deabrutzat jotako hark estu hartu zuen Hego Euskal Herria; bai Bizkaia eta Gipuzkoa, traidoretzat jotako herrialdeak, bai Araba eta Nafarroa. Hasi zen frankismoaren gau luzea, eta iritsi ziren gosetea eta errazionamendu kartilla, erbestea, gupidarik gabeko jazarpena, zentsura. Batzuen miseria, besteen aberastasuna. Eta beldurra; beldur orokortua, garai hura bizi izan zuten askoren testigantzetan antzeman daitekeenez, gaur egun arte hezurretaraino sartuta geratu den izua.

Franco hil zen, eta haren memoria, hark esparru ugaritan utzitako arrasto luzea, eztabaidagai da oraindik ere; hobietatik ateratzeke dauden gorpuetan, oraindik galduta daudenetan, historia liburuetan, eztabaida publikoan. 50 urte geroago, non-eta Araban, jazarpen frankistaren ondorioz 1936 eta 1945 artean ia berrehun lagun hil zituzten herrialdean, Falangearen uztarria eta geziak kalera atera dituzte; zehazki, Gasteizen. Franco hil zen, eta BERRIAk efemeridea baliatuko du azaroan memoria ariketa sakon bat egiteko, eta, hala, diktadura beren larruan nozitu zutenei aitortza egiteko eta belaunaldi berriei frankismoaren kontakizun bat transmititzeko. Erreportajez eta iritzi artikuluz osatutako sorta mardul baten bidez, berrogei urte horietako argazki ahalik eta poliedrikoena egiten ahaleginduko da BERRIA datozen egunetan, Franco hil zen, eta... izenburupean.

Hego Euskal Herriko bizimodua definitu zuen fenomeno politiko, ekonomiko eta soziala izan baitzen frankismoa, hasiera-hasieratik. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan 36.000tik gora izan ziren gerraostean lan behartuetan aritutako gatibuak. Espainian gerra amaitzerako, erregimena hasia zen bere hizkuntza politika ezartzen: ehun pezetako isunak kalean euskaraz hitz egiteagatik (1937), liburu kiskaltzeak (Tolosa, 1936), umeei euskarazko izenak jartzeko debekua (1938), meza euskaraz ematekoa (1938), erregistro zibiletan soilik gaztelania erabiltzeko agindua (1938), hilarrietatik euskara ezabatzekoa (Gernika, 1949) eta abar eta abar. Horietako asko jaso zituen Joan Mari Torrealdaik El libro negro del euskera liburuan. Arlo ekonomikoari dagokionez, berriz, erregimenak isunak ezarri eta desjabetzeak abiatu zituen gerra bukatu eta berehala, Erantzukizun Politikoen Legea zelakoa baliatuta.

Francisco Franco Loiolako kuartelean, 1943an. VICENTE MARTIN / KUTXA FOTOTEKA
Francisco Franco Loiolako kuartelean, 1943an. VICENTE MARTIN / KUTXA FOTOTEKA

Lehen frankismoak politika ekonomiko autarkikoa ezarri zuen ezinbestean; izan ere, Bigarren Mundu Gerran Hitlerrren Alemania naziarekin eta Mussoliniren Italia faxistarekin lerratzearen ondorioz, Francoren erregimena politikoki bakartua gelditu zen nazioartean. 1953tik eta batez ere 1956tik aurrera hautsi zen bakartze hori; Gerra Hotzaren testuinguruaz baliatuta, Ameriketako Estatu Batuek eta Francoren erregimenak Madrilgo akordioak sinatu zituzten, zeintzuen arabera Espainiak laguntza ekonomikoa eta militarra jasoko baitzuen AEBen bost base militar jartzearen truke. Horrek parez pare ireki zion atea Espainiari Nazio Batuen Erakundean sartzeko; NBE sortu eta hamar urtera izendatu zuten kide. Eta irekiera horrek bide eman zion politika ekonomiko desarrollistak garatzeko. Horien bitartez, industria garatu zen Euskal Herrian, eta hazkunde demografikoa gertatu (immigrazioa eta baby boom-a); baina, aldi berean, langile mugimendu berritu bat agertu zen, eta zapalkuntza nazionalari eta sozialari erresistentzia egin nahi zion belaunaldi berri bat. 1960ko hamarkadan, ohitura bilakatu ziren salbuespen egoerak, atxiloketa politikoak, torturak; Euskal Memoriak hirurehun tortura kasu baino gehiago dauzka bilduta 1960tik 1970era bitartean.

Francorik gabeko frankismoa irudikatzen hasiak ziren. 1969an, Juan Carlos Borboikoa izendatu zuten estatuko buruzagiaren oinordeko, eta 1973ko ekainean, Luis Carrero Blanco izendatu zuten gobernuburu. Sei hilabete iraun zuen karguan, ETAk hil zuen arte, abenduaren 20an. Erregimena azkenetan zen, baina gogor jo zuen, 1975eko irailaren 27an bost militante fusilatuta.

Franco azaroaren 20an hil zen, baina frankismoa ez zen biharamunean amaitu. Izan ere, diktadorea ohean hil ondoren, erregimenak bortitzago jo zuen Euskal Herria: bost langile hil zituzten Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an; beste bat Basaurin, handik bost egunera, Gasteizko sarraskiaren aurkako protestetan, eta Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos karlistak Montejurran, maiatzean. Eta 1976ko lepotik burua 1977ak: urtarrilean, Juan Manuel Iglesias 15 urteko gaztea hil zen, Poliziarengandik ihesi ari zela, eta, maiatzean, zazpi lagun hil zituzten bost egunean, Amnistiaren Aldeko Astean. 1978ko sanferminetan, uztailaren 8an, German Rodriguez hil zuten poliziek, tiroz. Eta abar. 1976tik eta 1979ra, polizia indarkeriak eta eskuin muturreko taldeek 59 lagun hil zituzten guztira Hego Euskal Herrian.

Pasatu dira 50 urte, eta Joxe Agirrek berak 2000n iragarri zuen gaurkotasun osoko kezka bat:

Nahiz ta Patxiko bizi danikan
inortxok ez degun uste;
aspaldi hontan frankokumeak
indarrak hartu dituzte
eta bildur naiz: hoiek bizirik
gu laiste jango gaituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.