Haurrentzako edukiak pantailaratzeko erabiltzen zen ETB3 telebista ETB1 On izango da aurrerantzean. ETBko arduradunen erabakiari kritikak egin dizkiote Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeek.
ETBko kateen eskaintzak aro berri bat hasi du. Haurrentzako ETB3 katea jada ez da izango neska-mutikoentzako edukiekin betetako kanal bat, eta kate hori jartzen duen edozein ikus-entzulek ETB1 On katea topatuko du gaur. EITBk iragarri duenez, kate berri horretan albistegi eta gaurkotasuneko saioak, eduki berezi eta osagarriak, euskarazko haur programazioa, eta euskal gizartearentzat eta kulturarentzat erreferentziak diren ekitaldiak eta zuzenekoak emango dituzte. ETB4 lehen ikusten zen tokian, halaber, ETB2 On katea aurkituko du ikusleak.
Estrategia digital berriarekin lotu du EITB taldeak erabakia. «Azken urteotan EITBk bere eskaintza birformulatucloseAldatu. du, plataformen eta streamingarencloseInternet bidez egiten den audio eta bideo transmisioa. arora egokitzeko. Etapa hori ETBren erabateko digitalizazioarekin amaituko da orain. Horretarako, ETBk unibertso digitalera ere eramango ditu bere kate jeneralistak, eta ETB1 On eta ETB2 On jarriko ditu abian». Bi kate berri horiek Interneten, Youtuben, plataforma nagusietan eta telebista hornitzaileetan banatzeko diseinatuta daudela azaldu du talde publikoak. Era berean, ETB1 On kateko programazioa izango da erreferentzia Nafarroako bost toki eremuetan (ETB3 emititzen den tokietan).
Pantailak Euskaraz taldearen arabera, marrazki bizidunak aurrerantzean ETB1en emango dituzte honako ordutegi honetan: 06:00etatik 08:00etara eta 14:30etik 16:30era. «Arratsaldeetan, eskolatik bueltan, sofan esertzen diren milaka haurren aukera bakarra gaztelaniazkoa izango da aurrerantzean, telebista adimendunik ez duten etxeetan», ohartarazi du.
EITBren erabakiaren aurka gogor mintzatu dira Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeak. Azken talde horrek eman zuen ETB3 katea desagertzeari buruzko berria.
Pantailak Euskaraz-en arabera, haurrentzako euskarazko kate bakarra desagerrarazi izanak «kalte atzeraezina sor diezaioke euskararen normalizazioari». Eustaten 2025eko abenduko datuen arabera, EAEko etxeen ia %40k ez dute Internetera konektatutako telebistarik. «Gainera, merkatuan dauden telebista adimendunen %20 inguru ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin. Beraz, telebista adimenduna duten etxe askotan ere ez dago haurrentzako plataforma digital hori ikusteko aukerarik». Haren esanetan, ETB3 desagertzeak haurrentzako euskarazko katerik gabe utz ditzake Euskal Herriko familien erdiak.
Aldatu Gidoia-k ere bide beretik jo du: «170.000 haurren eta gazteren eskubideei eragingo die. Hego Euskal Herriko hamar neska-mutikotatik lauri ez zaie euskararako eta euskarazko edukietarako sarbide unibertsala bermatuko». Talde horretako kide Eñaut Zearrak dio ETB3 desagertzea «galera handia» dela: «Euskarak atzera egin du nabarmen telebista konbentzionalean eta ikus-entzunezkoetan zuen posizioan». Kezkagarritzat jo du ere EITBko arduradunek erabakia hartzeko modua: «Ezkutuan eta ezer argirik esan gabe».
EITBri haurrentzako ETB3 katea ixteko bere erabakian atzera egiteko eskatu dio Pantailak Euskaraz-ek, eta sinadura bilketa bat abiarazi du gaur, ETB3 Ez Itxi lelopean, «Eusko Jaurlaritzari eta EITBri haurrentzako euskarazko kate unibertsal bat bermatu dezala eskatzeko».
Aldatu Gidoia-ko kideak, berriz, ohartarazi du ETB1 On nazioarteko edukien gaineko lizentzia mugarik gabe emititzeko diseinatutako katea dela. «Horrenbestez, emititzekotan ETBren ekoizpen propioak emango dituzte soilik. ETB1 On-en ez dituzte haurrentzako eta gaztetxoentzako telesail entzutetsuenak emango. ETB1 katean, haurrentzako marrazki bizidunekin betelana egingo dute. Modu horretan, gehiago urardotuko dute ETB1».
Zearraren iritziz, ez da onargarria EITBko arduradunek ikusle datuen eta kontsumoaren argudioa erabiltzea milaka haurri eragingo dien neurria hartzeko. «Zerbitzu publikoaren aurka joatea da hori».
Jatorrizko artikuluak
-
Haurrak euskarazko katerik gabe utzi ditu ETBk
Urtzi Urkizu |
|