ETBko kateen eskaintzak aro berri bat hasi du gaur. Haurrentzako ETB3 katea jada ez da izango neska-mutikoentzako edukiekin betetako kanal bat, eta kate hori jartzen duen edozein ikus-entzulek ETB1 On katea topatuko du gaur. EITBk iragarri duenez, kate berri horretan albistegi eta gaurkotasuneko saioak, eduki berezi eta osagarriak, euskarazko haur programazio zabala, eta euskal gizartearentzat eta kulturarentzat erreferenteak diren ekitaldiak eta zuzenekoak emango dituzte. ETB4 lehen ikusten zen tokian, halaber, ETB2 On katea aurkituko du ikusleak gaurtik aurrera —ETB2 kateko saioek beteko dute programazioa, gehienbat, baina beste ordu batzuetan—.
Estrategia digital berriaren barruan kokatu du EITB taldeak erabakia. «Azken urteotan EITBk bere eskaintza birformulatu du, plataformen eta streamingaren arora egokitzeko. Etapa hori ETBren erabateko digitalizazioarekin amaituko da orain. Horretarako, ETBk unibertso digitalera ere eramango ditu bere kate jeneralistak, eta ETB1 On eta ETB2 On jarriko ditu abian». Bi kate berri horiek Interneten, Youtuben, plataforma nagusietan eta telebista hornitzaileetan banatzeko diseinatuta daudela azaldu du talde publikoak. Era berean, ETB1 On kateko programazioa izango da erreferentzia Nafarroako bost toki eremuetan (ETB3 emititzen den tokietan).
Aldaketarekin batera, ETB1 eta ETB2 kateen identitate korporatiboa berritu du EITBk —Mikel Urmenetaren diseinuak 2021eko abenduaren 31n estreinatu zituzten; hortaz, lau urte baino ez dute iraun—.

Pantailak Euskaraz taldearen arabera, marrazki bizidunak aurrerantzean ETB1en emango dituzte honako ordutegi honetan: 06:00etatik 08:00etara eta 14:30etik 16:30era. «Arratsaldeetan, eskolatik bueltan, sofan esertzen diren milaka haurren aukera bakarra gaztelaniazkoa izango da aurrerantzean, telebista adimendunik ez duten etxeetan», ohartarazi du Pantailak Euskaraz-ek.
Sinadura bilketa bat, «ETB3 ez ixteko»
EITBren erabakiaren aurka gogor mintzatu dira Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeak. Joan den asteburuan, Aldatu Gidoia-k eman zuen ETB3 ixteko asmoaren berri.
Pantailak Euskaraz-en arabera, haurrentzako euskarazko kate bakarra desagerrarazi izanak «kalte atzeraezina sor diezaioke euskararen normalizazioari». Eustaten 2025eko abenduko datuen arabera, EAEko etxeen ia %40k ez dute Internetera konektatutako telebistarik. «Gainera, merkatuan dauden telebista adimendunen %20 inguru ez dira bateragarriak Makusi plataformarekin. Beraz, telebista adimenduna duten etxe askotan ere ez dago haurrentzako plataforma digital hori ikusteko aukerarik». Talde euskaltzalearen arabera, ETB3 desagertzeak haurrentzako euskarazko katerik gabe utz ditzake Euskal Herriko familien erdiak.
Aldatu Gidoia-k ere nabarmendu du etxe askotan ez dela telebista Internet bidez ikusten, baliabiderik ezagatik edo ohitura faltagatik. ETB3ren emisioa eteteak ekar dezakeen galera salatu du taldeak: «170.000 haurren eta gazteren eskubideei eragingo die. Hego Euskal Herriko hamar neska-mutikotatik lauri ez zaie euskararako eta euskarazko edukietarako sarbide unibertsala bermatuko». Talde horretako kide Eñaut Zearrak dio ETB3 desagertzea «galera handia» dela: «Euskarak atzera egin du nabarmen telebista konbentzionalean eta ikus-entzunezkoetan zuen posizioan». Kezkagarritzat jo du EITBko arduradunek milaka haurtxori eta familiari eragiten dien erabakia modu horretan hartzea: «Ezkutuan eta ezer argirik esan gabe».
EITBri haurrentzako ETB3 katea ixteko bere erabakian atzera egiteko eskatu dio Pantailak Euskaraz-ek. «Eta bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburura lotzeko eskatu nahi diogu, Euskal Herriko etxe guztietara haurrentzako edukiak modu unibertsalean eta ordu oro iritsiko direla bermatuz».
ETB3 ETB1 On da jada. Baina Pantailak Euskaraz-ek sinadura bilketa bat abiarazi du gaur, ETB3 Ez Itxi! lelopean, «Eusko Jaurlaritzari eta EITBri haurrentzako euskarazko kate unibertsal bat bermatu dezala eskatzeko».
Aldatu Gidoia-ko kideak, berriz, ohartarazi du ETB1 On nazioarteko edukien gaineko lizentzia mugarik gabe emititzeko diseinatutako katea dela. «Horrenbestez, emititzekotan ETBren ekoizpen propioak emango dituzte soilik. ETB1 On-en ez dituzte haurrentzako eta gaztetxoentzako telesail entzutetsuenak emango. ETB1 katean, haurrentzako marrazki bizidunekin betelana egingo dute. Modu horretan, gehiago urardotuko dute ETB1. Ez dute ETB1 euskaldunon erreferentziazko kate jeneralista nagusia bilakatzearen alde egingo».
Zearraren iritziz, ez da onargarria EITBko arduradunek ikusle datuen eta kontsumoaren argudioa erabiltzea milaka haurri eragingo dien neurria hartzeko. «Zerbitzu publikoaren aurka joatea da hori. Aldatu Gidoia-k telebista publikoaren ikusle datuen bestelako tratamendu bat egiteko eskatzen du. Kantar Media enpresak kudeatzen ditu ikus-entzule datuak, eta ez da onargarria euskara bezalako hizkuntza gutxitu bati parametro horietan lehiatzeko eskatzea». Zearraren ustez, ETB3ren emisioa etetearen erabakia modu horretan hartzean EITBko arduradunek «defizit demokratiko larria» erakutsi dute.