ETB3 kate konbentzionala ixteko asmoa dagoela salatu du Aldatu Gidoia-k

Haurrentzako euskarazko katea ixtea «oso larria» da, Aldatu Gidoia-ren arabera. ETB4 ixteko asmoa ere badagoela adierazi du. EITBk astelehenean emango ditu argibideak.

Makusi jaia, iazko urrian, BECen. EITB
Makusi jaia, iazko urrian, BECen. EITB
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko martxoaren 14a
17:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITB komunikazio talde publikoak ETB3 kate konbentzionala ixteko asmoa duela salatu du Aldatu Gidoia taldeak. Horixe jakin du EITBko iturrien bidez, eta halaxe eman du aditzera sare sozialetan. ETB4 kate konbentzionala ixteko asmoa dagoela ere adierazi dute, eta martxoaren 17a izan daitekeela bi kate horien azken eguna egungo ereduarekin. Hilaren 18tik aurrera beste bide bat hartuko dute bi kateek. BERRIAk jakin duenez, EITBk astelehenean emango ditu ETB3 eta ETB4 kateen inguruko argibideak —baliteke ETB3ko edukiek ETB On plataforman egitea bidea—.

Aldatu Gidoia-k gogor salatu du ETB3 ixteko asmoa. «Haur eta gazteentzako euskarazko telebista ixtea oso larria iruditzen zaigu: ETB3 katea oinarrizko zutabe bat da haurrak eta gazteak euskaran murgiltzeko eta beren hizkuntza ohituren normalizazioan», esan du Eñaut Zearra talde horretako kideak. Zera gaineratu dute sare sozialetan: «EITBri dagokio haurrei eta gaztetxoei euskararako eta euskarazko edukietarako sarbide unibertsala eta doakoa bermatzea, eta hori, gaur-gaurkoz, ETB3 kate konbentzionalaren bidez egiten da». Erabakia hartzeko modua ere gaitzetsi dute: «Onartezina iruditzen zaigu».

EITBk 2024ko apirilean sortu zuen Makusi, haurrentzako euskarazko lehen plataforma digitala. Ondorioz, une honetan haurrek eta gazteek entretenimendua euskaraz jasotzeko aukera daukate, bai telebista konbentzionalean, bai plataforma horretan. Hori bai, Hego Euskal Herrian: Makusiko edukien %73 ezin dira Iparraldean ikusi. «Guk defendatzen dugu haur eta gazteentzako streaming plataformaren aldeko apustua egin behar dela, Makusiren aldekoa, baina, era berean, kate konbentzionala ere behar dugula. Biak ala biak dira beharrezkoak eta estrategikoak euskararen normalizaziorako», nabarmendu du Zearrak.

Eta, horregatik, adierazi du ez dutela onartuko ETB3 ixtea. Are, asmo hori gauzatzen bada, erabaki horren aurkako mobilizazioetara deitzeko asmoa dute.

Iparragirrek esan zituenak

ETB3ren ikusle kuota %0,1 da, eta ETB4, %1ekoa. Horren haritik, 2021eko uztailean zera esan zion Unai Iparragirrek —orduan ETBko zuzendaria zenak— BERRIAri, elkarrizketa batean: «Ez dut uste datu txiki horren arrazoia edukia bera denik, ETB3k eduki nahiko indartsuak eskaintzen ditu eta. Uste dut ikusle gazte hori ez dagoela telebistan, gehiago dagoela eremu digitaletan». Handik hiru urtera sortu zuten Makusi. Eta 2021eko elkarrizketan, zera erantsi zuen: «Baliteke azkenean erabakitzea ETB3 telebista linealean egon beharrean eremu digitalean egotea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA