Hidrogenoarentzako gasbide bat eraiki nahi dute Bilboko portutik Zorrotzaurreraino

  • Albistea entzun

Asmoa da urtean 20.000 tona hidrogeno ekoiztea, eta karbono dioxido isuriak milioi eta erdi tona murriztea urtero. Horri bide emateko eraiki nahi dute gasbidea Bilboko portutik Zorrotzaurreraino, ibaiaren azpitik. Gobernuz kanpoko erakunde batzuen iritziz, ordea, gasbide jabeen iraupen estrategia besterik ez dira hidrogenoari eman nahi dizkioten erabileretako batzuk.

Gero eta gehiago dira isuriak murriztu eta beroketa globala mugatzeko estrategiak. Horietan, tokia hartuz joan da hidrogenoa, eta haren ekoizpena eta erabilera bultzatzeko asmoa dute agintariek. Izan ere, 30 urteko denbora tartea dago zabalik, 2050. urterako zero karbono emisioko egoera lortzeko; Parisko Akordioaren ildotik, beroketa globala 1,5 gradu zentigradura mugatzeko.

30 urteko tartea dago zabalik zero karbono emisioko egoera lortzeko.

Berriztagarrien hedapena eta harekin egindako elektrifikazioa da estrategia nagusia deskarbonizaziorako. Baina hainbat sektoretara elektrifikazioa ezingo da zuzenean iritsi, eta horietan izango du tokia hidrogenoak, energia bektore izanda. Hain zuzen, eguzkitik eta haizetik lortutako argindarrak aukera emango diolako berdetzeko. 

Hemendik hamar urtera, 2030erako, hidrogenoa bere energia sistemaren barne-barnean egotea nahi du Europako Batasunak, 40 GW elektrolizagailurekin eta hamar milioi tonako hidrogeno ekoizpenarekin. Eta, hortik aurrera, hidrogeno berriztagarriak hedatuta egon beharko luke Europako Batasunean deskarbonizatzeko zailak diren sektore guztietan.

Hidrogeno berdea, beroketa globala gelditzeko

Gaur egun, jada hidrogenoa ekoizten da, hemen, Euskal Herrian ere, petrolioa fintzeko (Muskizen, Bizkaian) eta amoniakoa ekoizteko (Hernanin, Gipuzkoan). Baina hidrogeno hori grisa da, gas naturaletik ateratakoa. Haren ekoizpenean karbono dioxidoa atmosferaratzen da. Erregai fosilekin hidrogeno gris horrek beste erabileratarako aukera gutxi izan du orain arte. Baina, isuririk gabeko hidrogenoa dator energia bektorearen aukerak zabaltzera.

Hidrogenoa ekoizten da Euskal Herrian, baina hidrogeno hori grisa da; ekoizpenean karbono dioxidoa atmosferaratzen da.

Argindar berriztagarriarekin, nagusiki elektrolizagailu bidez, uretatik ateratako hidrogeno berdearen ekoizpenak ez dauka karbono aztarnarik. Erregai pila batean sartuta, hidrogeno berde horretatik berriz argindarra sor daiteke, edo beroa, ibilgailu bat mugitzeko edo galdara bat berotzeko, eta airera isuriko den gauza bakarra ura izango da. Energia berriztagarria biltegiratzeko modu bat ere eskain dezake hidrogeno berdeak. Hidrogeno berdeari lotuta Euskal Herrian aurkezten ari diren egitasmo gehienak demostraziokoak dira, probatzeko gerora negozio izan daitekeena.

Eztabaida puri-purian

Mereziko al du hidrogenoa erabiltzea eta hura garraiatzeko gasbide berriak egitea etxeak berotzeko? Zertarako, beste berokuntza modu efizienteagoak espero badira, eta teorian argindarrak beteko badu toki hori? Erregai fosilekin eta gasbideekin dabiltzan konpainia handiek uste dute hidrogenoa izan daitekeela haien jarduera deskarbonizatzeko aukera ona —bakarra ez bada—, eta agintari politikoek eta erabakiguneek haien jakintza eta azpiegituren balioa aintzat hartzea nahi dute.

Gobernuz kanpoko erakunde batzuen iritziz, ordea, gasbide jabeen iraupen estrategia besterik ez dira hidrogenoari eman nahi dizkioten erabileretako batzuk, haien aktiboen bizitza luzatzeko modua. 

Debatea egon badago, eta ez soilik berokuntzan. Hidrogenoa ekoitzi egin behar da, toki asko behar da hura biltegiratzeko, ez bada presiopean edo hotzetan (-253 gradu) likidotuta biltzen. Airea bera baino finagoa da, eta iheskorra, eta, ondorioz, garraiatzeko zaila; altzairua degrada dezake; sukoiacloseErraz sua hartzen duena. da...

Horrek guztiak, besteak beste, bere efizientzia baldintzatzen du. Adibidez, nahiko garbi dago ibilgailu arinetarako bateria elektrikoak askoz ere efizienteagoak direla energia ikuspegitik hidrogeno berdea baino. Baina, beharbada, erregai pilak hobeak izango dira garraio astunean eta modu intentsiboan jarduten diren autobus edo taxi flotentzat.

Jatorrizko artikuluak