Hogei urteko zigorra, berrehun adin txikikori baino gehiagori sexu erasoak egiteagatik

Guztira 299 pertsonari sexu erasoak egin izana aitortu du Joel Le Scouarnec zirujauak bere kontrako epaiketan; haietatik 209 adin txikikoak ziren. Anestesiaren eraginpean zeudenean bortxatzen zituen.
Joel Le Scouarnec zirujaua kartzelan dago 2020. urtetik, lau adin txikiko bortxatzea egotzitacloseLeporatuta, tartean bi iloba. 74 urteko zirujauak aitortu du gutxienez 299 pertsona bortxatu zituela 1989tik 2014ra bitarte. Azken epaia otsailaren 24an hasi zen epaiketari dagokio, eta ezarritako hogei urteak ez dizkiote batuko aurreko zigorrari; beraz, Le Scouarnecek gehienez hogei urte eman beharko ditu kartzelan.
Biktimak anestesiaren eraginpean zeudenean egiten zien eraso ia beti Le Scouarnecek, gehienbat 11 urteko haurrei. Frantziako hainbat hiritan izan ziren erasoak, hainbat ospitaletan egin baitzuen lan. Frantziako Polizia 2017ko apirilean hasi zen zirujaua ikertzen, 6 urteko haur baten gurasoek salaketa jarri ondotik. Le Scouarnecen etxean eguneroko bat aurkitu zuen Poliziak, non zirujauak hirurehun eraso baino gehiagoren berri jaso baitzuen: biktimen izenak eta helbideak apuntatzen zituen, baita zer egin zien ere.
Frantziako Polizia 2017ko apirilean hasi zen zirujaua ikertzen, 6 urteko haur baten gurasoek salaketa jarri ondotik
Lehenago, 2004. urtean, FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federalaren ikerketa batean ondorioztatu zuten Le Scouarnecek adin txikikoen pornografia zuela bere ordenagailuan. Auzi horrengatik, baina, lau hilabeteko zigorra eta 20.000 euroko isuna besterik ez zioten ezarri, eta modua izan zuen umeekin lanean jarraitzeko.
Epaiketa oso mediatikoa izan da Frantzian, eta biktimetako asko han izan dira. Le Scouarnecek akusazioak ukatu zituen hasieran, baina, martxoaren 20an, lehen aldiz aitortu zuen egotzitako 299 erasoak egin izana. Azken alegazioancloseBakoitzaren defentsan egiten diren adierazpenak, epaiketetan, adierazi zuen eragindako minaz ohartzen zela, baina errukia eskatu zuen, «pertsona hobea» izateko. Sumarioan agertzen diren erasoez gain, beste hainbat aitortu ditu Le Scouarnecek, hala nola biloba bati egindakoa, zeina bere semearen aurrean aitortu baitzuen.
Biktimak ez daude ados
Amelie Levequek erasoak pairatu zituen 9 urte zituenean, eta adierazi du ez dagoela ados azken epaiarekin. «Badirudi borroka guztiak ez duela ezertarako balio izan. Sei urte daramatzagu borrokan, eta orain, epaileak ez du onartu fiskalak eskatzen zuen guztia», esan du Levequek. Francesca Satta biktimen abokatuetako baten arabera, hogei urteko zigorra, nahiz eta gehienezkoa izan, gutxi da kontuan hartuz gero zenbat biktima dauden.
Epaiketak iraun bitartean, biktimek hainbat elkarretaratze egin dituzte auzitegiaren kanpoaldean. Besteak beste, osasun sistema izan dute jomugan, ez baitute ulertzen nola litekeen adin txikikoen pornografia edukitzeagatik aurrekariak dituen norbaitek modua izatea haurrekin lanean jarraitzeko. Frantzian polemika handia sortu da Le Scouarnecen kasuaren inguruan, eta, horren harira, Yannick Neuder Osasun ministroak esan du «gogor» lan egingo dutela ez dadin berriro halakorik gertatu.
Francesca Satta biktimen abokatuetako baten hitzetan, hogei urteko zigorra, nahiz eta gehienezkoa izan, oso gutxi da kontuan hartuz gero zenbat biktima dauden
Le Scouarnecen abokatu Maxime Tessierrek epaiketaren ondoren egindako prentsaurreko batean azaldu du kondenatuak ez duela asmorik errekurtsoa jartzeko epailearen erabakiaren aurka. Tessierrek gehitu du Le Scouarnec «guztiz erruduna» dela, eta epailearen erabakiaren bidez justizia egin dela.
Sumarioan 299 biktima agertzen diren arren, badaude oraindik identifikatu ez dituztenak ere. Zirujauaren egunerokoan beste hainbat biktima agertzen dira, hirurogei inguru. Horregatik, litekeena da aurrerago beste epaiketa bat izatea.