Hogei urteko zigorra ezarri diote Joel Le Scouarneci, berrehun adin txikikori baino gehiagori sexu erasoak egiteagatik

Guztira 299 pertsonari sexu erasoak egin izana aitortu du zirujauak epaiketan; haietatik 209 adin txikikoak ziren. Anestesiaren eraginpean zeudenean bortxatzen zituen.

Manifestari batzuk, gaur, auzitegiaren kanpoaldean. TERESA SUAREZ / EFE
Manifestari batzuk, gaur, auzitegiaren kanpoaldean. TERESA SUAREZ / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko maiatzaren 28a
17:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Joel Le Scouarnec zirujauaren aurkako epaiketa egin dute gaur, 299 paziente bortxatzea leporatuta —haietatik gehienak adin txikikoak zirela—. Hogei urteko zigorra ezarri dio Vannesko (Bretainia) auzitegiko epaileak Le Scouarneci. Kartzelan dago 2020. urtetik, lau adin txikiko bortxatzea egotzita, tartean bi iloba. 74 urteko zirujauak aitortu du gutxienez 299 pertsona bortxatu dituela 1989tik 2014ra bitarte. Gaur kaleratutako epaia otsailaren 24an hasi zen epaiketari dagokio. Gaur ezarritako hogei urteak ez dizkiote batuko aurreko zigorrari, eta, beraz, Le Scouarnecek gehienez hogei urte eman beharko ditu kartzelan. 

Biktimak anestesiaren eraginpean zeudenean erasotzen zien ia beti Le Scouarnecek, gehienbat 11 urteko haurrei. Frantziako hainbat hiritan izan ziren erasoak, hainbat ospitaletan egin baitzuen lan. Frantziako Polizia 2017ko apirilean hasi zen zirujaua ikertzen, 6 urteko haur baten gurasoen salaketari esker. Haren etxean eguneroko bat aurkitu zuen Poliziak, non Le Scouarnecek hirurehun eraso baino gehiagoren berri jaso baitzuen: biktimen izenak eta helbideak apuntatzen zituen, baita zer egin zien ere.

Lehenago, 2004. urtean, FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federalaren ikerketa batean ondorioztatu zuten Le Scouarnecek adin txikikoen pornografia zuela bere ordenagailuan. Auzi horrengatik, baina, lau hilabeteko zigorra eta 20.000 euroko isuna besterik ez zioten ezarri, eta modua izan zuen umeekin lanean jarraitzeko. 

Epaiketa oso mediatikoa izan da Frantzian, eta biktimetako asko han izan dira. Le Scouarnecek akusazioak ukatu zituen hasieran, baina, martxoaren 20an, lehen aldiz aitortu zuen egotzitako 299 erasoak egin izana. Azken alegazioan, adierazi zuen eragindako minaz ohartzen zela, baina errukia eskatu zuen, «pertsona hobea» izateko. Sumarioan agertzen diren erasoez gain, beste hainbat aitortu ditu Le Scouarnecek, hala nola biloba bati egindakoa, zeina bere semearen aurrean aitortu baitzuen.

Biktimak ez daude ados

Le Scouarnec behin-behienean espetxeratzeko eskatzen zuen fiskaltzak, baina epaileak ez du onartu. Amelie Levequek erasoak pairatu zituen 9 urte zituenean, eta adierazi du ez dagoela ados gaurko epaiarekin. «Badirudi borroka guztiak ez duela ezertarako balio izan. Sei urte daramatzagu borrokan, eta orain, epaileak ez du fiskalak eskatzen zuen guztia onartu. Ez sinestekoa da hura berriro kalean ikusteko aukera izatea: ez du inolako zentzurik», esan du Levequek. Francesca Satta biktimen abokatuetako batek adierazi du zirujauari gehienezko zigorra ezarri dioten arren hogei urte gutxi direla zenbat biktima dauden ikusita. 

«Ez sinestekoa da hura berriro kalean ikusteko aukera izatea: ez du inolako zentzurik»

AMELIE LEVEQUESexu erasoen biktima

Le Scouarnecen abokatu Maxime Tessierrek epaiketaren ondoren egindako prentsaurreko batean azaldu du kondenatuak ez duela asmorik errekurtsoa jartzeko epailearen erabakiaren aurka. Tessierrek gehitu du Le Scouarnec «guztiz erruduna» dela, eta epailearen erabakiaren bidez justizia egin dela.

Sumarioan 299 biktima agertzen diren arren, badaude oraindik identifikatu ez dituztenak ere. Zirujauaren egunerokoan beste hainbat biktima agertzen dira, hirurogei inguru. Horregatik, litekeena da aurrerago beste epaiketa bat izatea.

Epaiketak iraun bitartean, biktimek hainbat elkarretaratze egin dituzte auzitegiaren kanpoaldean. Besteak beste, osasun sistema izan dute jomugan, ez baitute ulertzen nola litekeen adin txikikoen pornografia edukitzeagatik aurrekariak dituen norbaitek modua izatea haurrekin lanean jarraitzeko. Frantzian polemika handia sortu da Le Scouarnecen kasuaren inguruan, eta, horren harira, Yannick Neuder Osasun ministroak esan du «gogor» lan egingo dutela ez dadin berriro halakorik gertatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.