Iñigo Izargarai: «Gure helburuetako bat da drogak hain normalizatuta ez egotea»

Iñigo Izargaraik (Donostia, 1971) maiz ikusi zuen drogak zer ondorio eragin zituen Altzan, beraren auzoan, eta egun bizi den lekuan ere nabaritzen ditu: Oiartzunen. Gazteen artean askotariko adikzioak daudela dio: droga, jokoa, sakelakoa, pornografia... Horrek ekar ditzakeen ondorioak ikusarazteko, talde bat sortu du Izargaraik, bi lagunekin batera. 

Nondik dator drogen arriskuaz ohartarazteko taldea sortzeko ideia?

Duela bi urte, bederatzi hilabetez ospitaleratua egon nintzen depresioa zela eta. Gauza asko ikusi nituen han, egoera lazgarri closeGogorasko. Besteak beste, adikzio oso gogorrak zituzten hainbat lagun ezagutu nituen. Iazko urtarrilean atera nintzen, eta, ordu hartan, ataka zail bat pasatu nuen etxean, familiako kide batekin. Ospitaletik atera nintzenean, konturatu nintzen Oiartzunen droga asko dagoela, eta gazte batzuk oso gaizki zeudela. Egoera horrek bultzatuta, hiru lagun elkartu ginen, gure kezkak komentatu genituen, eta ondorio bakarra atera genuen: zerbait egin behar genuela.

Zer egin?

Ez dakigu zehazki zer egingo dugun. Zaila da. Adikzioak lantzen dituzten elkarte asko ditugu inguruan —Agipad, Gizakia Helburu eta Alkoholiko Anonimoak—, eta haiekin harremanetan jarri gara gazteen egoerari buruzko informazioa jasotzeko. Errenteriako Ekintza Bibe elkartearekin ere egin genuen harremana ; haiek ludopatia Jokoak sor dezakeen adikzioajorratzen dute, gaur egun adikzioak ez baitaude lotuak beti ezagutu ditugun drogei soilik. Azken finean, gure helburua da herriaren eta halako elkarteen artean zubi lanak egitea, gazteei erakusteko arazoa non dagoen.

«Konturatu nintzen Oiartzunen droga asko dagoela, eta gazte batzuk oso gaizki zeudela. Egoera horrek bultzatuta, hiru lagun elkartu ginen, eta ondorio bakarra atera genuen: zerbait egin behar genuela»

Drogak debekatzea da zuen helburua?

Ez, hori ez da gure helburua. Guk prebentzioa eta sentsibilizazioa closeZerbaitek duen balioa edo garrantzia ikusiarazteasustatu nahi ditugu. Adibidez, gure helburuetako bat da drogak hain normalizatuak ez egotea. Badirudi batzuentzat gauza bera dela zurito bat eskatzea eta kokaina marra bat sartzea, eta hori oso kezkagarria da. 1980ko hamarkadan, drogaren aurkako kanpainak egiten ziren, droga debekatzea sustatzen zen, baina guk ez dugu hori egin nahi. Guk zera nahi dugu, gazteek jakitea drogak hartzeak zer ondorio ekar diezaiekeen, eta, beraz, jakin dezatela zer den onena eurentzat.

Esan duzu Oiartzunen droga asko dagoela. Zer-nolakoa da egoera?

Badira 14 urterekin kokaina probatzen dutenak. Kokaina hartu aurretik, marihuana porruak erretzen dituzte, eta lehenago, segur aski, alkohola probatu. Hori izaten da ordena; azken batean, droga baten kontsumoa hurrengoarekin lotuta baitago. Ludopatia eta prostituzioa lotu ditzakegu droga potenteagoekin, besteak beste. Ikusi dugu AEBetan zer arazo dituzten fentaniloarekin, eta uste dugu urrun gelditzen zaigula hori, baina hona iristen bada, zer? Prestatuta egon behar dugu. Bartzelonara eta Madrilera ailegatu dira fentaniloaren arrastoak. Gainera, askotan, gazteek kontsumitzen duten droga oso kalitate txarrekoa izaten da.

Droga mota horiek al dira gazteen adikzio bakarrak?

Eskoletan izan gara; zer helburu ditugun kontatu diegu ikasleei, sentsibilizazio prozesu hori egite aldera, eta konturatu gara nerabeek beste adikzio batzuk ere badituztela. Sakelakoarekin lotutako adikzioa, adibidez, oso hedatua dago gazteen artean, eta eskolek hainbat ekinbide egiten dituzte horren aurka. Altxa Burua, esaterako, sakelakoarekiko adikzioaren aurka esku hartzen duen sarea da. Edari energetikoak dira egungo beste adikzioetako bat, baita vaper-ak ere. Beraz, ikusita beti ezagutu ditugun drogez gain beste adikzio batzuk ere badaudela, gure artean hitz egin genuen, eta erabaki dugu gure jarduera mendekotasun closeAdikziomota guztietara hedatzea, adikzio guztiak landu nahi baititugu.

Mendekotasuna duten gazteei zaila zaie laguntza eskatzea?

Normalean, ez dira ohartzen zer-nolako arazoa duten harik eta gurasoei dirua lapurtu edo zorrak izaten hasten diren arte. Hondoa jo behar izaten dute egoeraz jabetzeko. Adikzioak gaixotasunak dira, eta hori ulertu egin behar du adikzioa duen gazteak, eta baita gurasoek ere. Guk konfiantza transmititu nahi diegu, zubi lana egiteko. Kalean arituko gara, droga kalean baitago. Nahi dugu jendeak begi onez ikustea egiten ari garen hori.

«Gazte guztiengana iristeko, garrantzitsua da herritarren bizipenen berri izatea, horrek hurbiltasuna ematen baitu, eta gazteei begiak irekitzeko modua ere bai»

Aurrera begira, zer?

Orain arte eskoletan izan gara, eta, eskoletara joanda, erraza da gazteengana iristea, behartuta baitaude gu entzutera. Baina eskoletan ez dauden gazteengana iristea zaila da, eta, horretarako, beste lanketa batzuk egin beharko ditugu. Adibidez, irratian presentzia eduki nahiko genuke, eta mendi elkartearekin irteerak egin, Haizegain baserrian daudenekin ekintzak antolatu... Halako gauzak egiteko gogoa dugu. Gazte guztiengana iristeko, garrantzitsua da herritarren bizipenen berri izatea, horrek hurbiltasuna ematen baitu, eta gazteei begiak irekitzeko modua ere bai. 

Jatorrizko artikuluak