«Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Zaldibarko zabortegira»

Kamioi gidari batek BERRIAri kontatu dio, esklusiban, nola funtzionatzen zuen Verter enpresaren Zaldibarko zabortegiak. Denetik ikusi du han: «amiantoa, material korrosiboak, suharberak», dena batera pilatuta eta bereizteko inolako prozesurik eta kontrolik gabe botata.

Gipuzkoako enpresa batentzat lan egin izan du Jokin Zelaiak —izena asmatua da—. Barrena mugitu dio Verter Recycling 2002 SMren zabortegiaren luiziak; gertutik ezagutzen zituen desagertutako bi langileak: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, hondakinen artean lurperatuta desagertu direnak. «Hura gertatu eta biharamunean, sei-zortzi lagunek kartzelan egon beharko zuten, nire ustez, baina inork ez du ezer esango. Zaborren inguruan mafia handi bat dago, eta azpian geratu diren bi langileak ez zaizkio inori axola. Daukaten kezka bakarra da ea nora eramango dituzten zabor horiek denak hemendik aurrera».


Zelaiak lan egiten zuen enpresak zaborra erosten zuen beste enpresetatik eta partikularretatik, eta zabortegira eramaten zuen. Hondakindegira eramandako tona bakoitzeko, diru bat kobratzen zuen haren nagusiak, eta zabortegiak berak ere bai, jasotzeagatik. «Kamioia zamaz bete, eta hara eramaten genuen zaborra, birziklatzeko inolako prozesurik egin gabe. Han denetik ikusi izan dut: material korrosiboen bidoiak, suharberak, amiantoa...».

Kontroletan eta prozeduretan, ezaugarri bat zuen Verterrek, Zelaiaren esanetan: kontrolik eza.

Kontroletan eta prozeduretan, ezaugarri bat zuen Verterrek, Zelaiaren esanetan: kontrolik eza. «Gu baskulara joaten ginen. Langile batek paperak ematen zizkigun sinatzeko. Eta, paperean, argi eta garbi azaltzen zen Eusko Jaurlaritzaren zigilua. Han apuntatzen zituen sartu eta irteteko orduak eta jasotako pisua». Paper horretan, materia inertea balitz bezala agertzen zen dena, baina Zelaiak ziurtatu du hor parte bat besterik ez zela material geldoa. Berez, obra hondakinak Verterren sartzen ziren zaborren parte txiki bat baino ez ziren, haren esanetan: «%20 bat edo izango zen, gutxi-asko. Gai arriskutsuz betetako kamioiak ere ikusi ditut bertan, ADR plaka bereizgarria itsatsita. Zama hustu, plaka kendu, eta alde egiten zuten handik».

Verter Recycling 2002k ez zuen baimenik halako materialik jasotzeko, gai ez-arriskutsuen zabortegi bat baitzen. Amiantoa hartzeko, Jaurlaritzaren baimen berezi bat zuen, baina betiere bereizi eta beste hondakinetatik baztertuta kudeatzeko baldintzarekin. Prozedura hori ez zuten inoiz betetzen. «Gu amiantoaren gainean ibili izan gara kamioiarekin. Askotan, nola puskatzen zen ere sumatzen nuen». Lan horietarako jantzi eta material egokirik ez dute erabili izan. «Neu aritua naiz Hernaniko etxebizitza batetik amiantoa jaisten; ez dut inoiz eraman ez jantzirik, ez maskararik». Behin, enpresako nagusiari eskatu zion eros ziezaiola babes jantzi berezi bat, eta hark erantzun zion ez zuela balio jantzi hark adina.

«Gu amiantoaren gainean ibili izan gara kamioiarekin. Askotan, nola puskatzen zen ere sumatzen nuen».

Kamioi gidaria

Antzeko beste zabortegi batzuetan baino kontrol gutxiago zegoen Zaldibarren; argi eta garbi esplikatu du. «Abenduaren 24 batean, Mallabiko [Bizkaia] Bete Artera joan nintzen kamioia hustera, eta hango kontrolatzaileak esan zidan zama aztertu behar zidatela. Hustu nuen edukiontzi bat, eta etorri zitzaidan esatera ezin nuela jarraitu, nire nagusiari askotan esan ziotela ezin zituela halako gaiak ekarri. Handik alde egin, eta Verterrera joan nintzen, han ez zuten-eta ezer ikusten: makinarekin bultzatu, eta kito. Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera».

Ertzaintzari izkin egiten

Frantziatik eta Ipar Euskal Herritik ere askotan ekarri izan dute zaborra, Zelaiaren esanetan. «Material birziklagarriaren bereizgarria jarri, eta halaxe pasatzen zuen muga, baina, gero, Verterrera eraman, eta dena botatzen zen zulora».

Zelaiak egunean bi eta hiru joan-etorri egin izan ditu Zaldibarko zabortegira. Aldi bakoitzean, 50 tonako garraioa, batez beste. «60 tona ere eraman izan ditut, zapa-zapa, nahiz eta 40 tonakoa izan muga. Ertzaintzaren pisu kontrolak saihesteko [Zarauzko A-8 autobideko ordainlekuaren ondokoa, adibidez], agenteek txanda aldatzeko erabiltzen zituzten ordutegiak aprobetxatzera behartzen gintuzten».

Verterren, azken bi urteotan, 500.000 tona hondakin pilatu zituzten urtero. Kopuru handi horri neurria hartzeko, Gipuzkoan, 2018. urtean, 325.000 tona hiri hondakin sortu ziren, eta haietako 141.000 tona joan ziren zabortegietara edo Zabalgarbira. Lana buru-belarri egin izan dute horretarako Zaldibarren. Egunean 230 bat kamioi sartu izan dira bertara. Haietako asko —40 bat kamioi egunean— paper fabriketako lohiez beteta sartzen ziren. «Lohiek ez dute lurzorua batere trinkotzen. Horren gainean sartzen zenuen kamioia, eta hondoratu egiten zen. Askotan, makinarekin bultza egin behar izaten zenion atera ahal izateko. Astetik astera, Verter hiru bat metro igotzen zen».

«Astetik astera, Verter hiru bat metro igotzen zen».

Kamioi gidaria

Zabortegiak derrigorrean bete behar zuen beste baldintza bat zen erabilitako eremua ezin zela izan hektarea bat baino handiagoa. Halako mugarik behin ere ez du ikusi Zelaiak.

Beste istripu larri bat lehenago

2020ko otsailaren 6koaren abisutzat jo zitekeen gertakari bat ere izan da Zaldibarko zabortegian. Mendiaren zati bat behera erori zen, zabortegia handitzeko maldari hozka ari zitzaizkiola. Zelaia ez zen lekuko izan, baina ongi daki zer gertatu zen, lankide batek kontatuta. «Esan zidaten Joaquinen [Beltran] semea zela, 20 bat urteko mutila. Garai hartan euri asko egin zuen. Eremua zabaltzen eta hormigoia botatzen ari ziren. Baserriaren gainean zegoen eremuaren malda jan eta jan ari ziren, eta han gertatu zen luizi bat. Makina harrapatu zuen: estali, eta irauli egin zuen. Lortu zuten mutila bizirik ateratzea. Baina hura isil-isilik pasatu zuten. Nik dakidala, larrialdietara ere ez zuten deitu».

Hango langileekin harreman ona izan zuen beti Zelaiak. Bereziki goraipatzen du desagertuta daudenetako bat, Alberto Sololuze. Gogoan ditu bertan ziren hiru behargin senegaldar ere, eta zenbat kexa zituzten euren lan baldintza «kaskarrengatik». Arduraz eta penaz bizi du gertatutakoa, eta itxaropen handirik ez du gorpuak ateratzeko gai izango direla.

Hondakinen atzean dagoen sarearen azpian «diru eta interes asko» mugitzen direla nabarmendu du. «Nik ikusia dut nola enpresa batek dirua eskaintzen zion zabortegiari, konpetentziako beste enpresa bati zaborra sartzen ez uzteko». Zelaiak dioenez, Verterren jaso duten material horrekin guztiarekin aberastu egin dira batzuk: zabortegiko arduradunak bai, baina baita hara zaborra eraman duten enpresa asko ere. «Eta Eusko Jaurlaritzak badaki zer gertatu den hor». Itxaropen izpi bat du: sortu den haserre giroak zerbait mugituko duela.

Jatorrizko artikuluak