Noiz sortua: 2020-02-15 21:24:04

Bederatzigarren eguna

Zer gertatu da Zaldibarko zabortegian?

 

Luizia Zaldibarko zabortegian

Mikel P. Ansa -

2020ko otsailak 15

Eitzagako zabortegia kraskatu eta erori egin zen otsailaren 6an, ostegunarekin. Bi langile desagertu dira, baina zabortegian amiantoa zegoela jakiteak eta lurraren ezegonkortasunak zaildu egin dituzte haien bilaketa lanak. Susmoa agertu da lindanoa ere ba ote zegoen zabortegian; Jaurlaritzak ukatu egin du. Nolanahi ere, zabortegiaren kudeaketari buruzko irregulartasun metak ezinegona areagotu du. Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling 2002 SM enpresari egotzi dio erantzukizuna, eta instrukzio epailea enpresa ikertzen hasi da. Egunez egun gertatu dena berregiteko kronika bat da hau:

Osteguna, otsailaren 6a: krakatekoa

Luizi baten berriak iritsi dira 16:00 aldera. Oraindik inork ez daki seguru zer gertatu den, baina AP-8 autobidea etenda gelditu da alderik alde. Milaka lur eta zabor tona jausi dira errepidera, eta leku batzuetan lau metroko altuera hartu du zakar metak errepidean. Ez da inor zauritu bidean, baina ordu larriak pasatu dituzte parean tokatu direnek. Han suertatu den autobus bateko lekukoekin hitz egin du BERRIAk.

Iluntzean jakin da errepidearen gainean dagoen zabortegian krakateko bat izan dela, eta jausi egin dela zabortegia. Egunkari honek baieztatu duenez, bertan lan egiten duten langileetako bi bilatzen ari dira larrialdi zerbitzuak.

Verter Recycling 2002 SM enpresarena da zabortegia, eta «hondakin ez-arriskutsuak» hartzeko baimena du; alegia, batez ere obretako-eta hondakin inerteak. Aixolako urtegira bidean dago zabortegia, Zaldibarko Eitzaga auzoan (Bizkaia), baina Ermuko hirigunea gertuago dauka, eta auzotarren kexak eragin ditu askotan, kamioi mugimendu handiagatik-eta. Jose Ignacio Barinaga Egia eraikuntza sektoreko enpresariarena da zabortegia, eta 2007an  jaso zuen jarduteko ingurumen baimena.

Zabortegia mendi magal batean dago. Lehertu eta jausi denean, aurretik eraman ditu parean harrapatu dituen zuhaitz eta lur guztiak, eta AP-8 errepideraino jausi da. 500.000 metro kubo lur eta hondakin jausi dira. Errepide azpian dauden etxeak txiripaz libratu dira, eta husteko esan diete hango bizilagunei, badaezpada. Inork ez du azaldu zabortegian zer gertatu den. Inguruetako bizilagunek danbateko handi bat entzun dute.

Larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak eta ertzainak berehala jarri dira lanean, desagertutako bi langileen bila. Zabortegia jausi denean, bertako instalazio batzuk eta makinak eta ibilgailuak ere eraman ditu maldan behera. Txakurrek markatutako puntuetan zulatzen jardun dira erreskate taldeak. 23:00 aldera jakinarazi dute txakurrek seinalatutako lekuetan ez dutela inor aurkitu. Fokuak jarrita, gauez lanean jarraitzeko asmotan dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, zenbait eraikuntza enpresarekin hitz egin du, eta 45 bat langile, kamioiak eta hondeamakinak igorri ditu, AP-8a lehenbailehen zabal dezaten. Durango (Bizkaia) eta Eibar (Gipuzkoa) arteko bigarren mailako errepideetan zirkulazio arazo handiak izan dira gauera arte, trafikoa errepide horietatik desbideratu dutelako.

 

Ostirala, otsailaren 7a: amiantoa, eta sua

Ostegun gauean Osalaneko teknikariak agertu dira ezbeharraren lekura, eta jabetu dira amiantozko piezak ere badaudela amildutako zakarren artean. Bilaketa eta garbiketa lanak geldiarazi dituzte 01:00 aldean. Amiantoarekin lan egiteko baimena duen Sopelako (Bizkaia) enpresa batekin jarri dira harremanetan, eta errepidearen garbiketa lanekin jarraitu dute 03:00 aldera. 09:30 alderako ireki dute ingurabide bat AP-8an.

Bilaketa lanekin ez dira ostera hasi ostiral eguerdira arte, eta 18:00 aldera eten dituzte. Jakinarazi dute erreskate lanetan aritu direnak zerrenda berezi batean sartuko dituztela, eta Osalanek jarraipena egingo diela, amiantotik babestu gabe aritu direlako lanean ostegun arratsalde-gau partean. Erabili dituzten jantziak-eta, berriz, erre egingo dituzte. Erne sindikatuak salatu du Durangoko komisarian nolanahi utzita egon direla jantzi horietako batzuk, zakar poltsatan sartuta.

Artean, desagertuta dauden bi langileen identitateak jakin dira. Alberto Sololuze da bat, 62 urtekoa, eta zabortegiko langilea; Markinan bizi da, Bizkaian. Bestea Joaquin Beltran da, 51 urtekoa; Verter Recycling 2002 SM enpresak kontratatuta ari zen zabortegian lanean. Hondeamakinen enpresa bat du, eta lehenago Zallako zabortegian (Bizkaia) ere lanean aritu zen. Han du bizilekua ere.

Verter Recycling 2002 SMren jabea gertaeren lekuan izan da, baina enpresak ez du adierazpenik egin. Ordu honetan, apenas dagoen informazio ofizialik.

Zabortegiak amiantoa ere hartzen duela jakin da goizean, Zaldibarko alkateordea Euskadi Irratian elkarrizketatu dutenean. Bilaketa lanak horregatik daudela etenda ere jakin da. Zaldibarko Udaleko alkateak eta Eusko Jaurlaritzak baieztatu egin dute gero, eta zabortegiak amiantozko hondakin jakin batzuk hartzeko baimenak zituela zehaztu dute, aurreneko aldiz.

Horrekin batera, sare sozialen bidez zabaldu da Eusko Jaurlaritzako teknikariek zabortegira 2019ko ekainean egindako ofiziozko bisitaren txostena, ingurumen baimenak ezarritako eskakizunak betetzen ari zirela ziurtatzeko egindakoa. Ia urtero bisitatzen dute teknikariek zabortegia, eta funtzionamenduari buruzko kalifikazio nahiko onak eman izan dizkiote aurreko aldietan, baina 2019ko ekaineko bisitan arau hauste larriak topatu zituzten. Administrazioak ez du erantzunik eman txosten horren datuak zabaldu eta hurrengo egunera arte.

Jaurlaritzaren teknikariek egindako txosten hori estandarra zen, ikuskapen guztietarako erabiltzen duten eredu bat, eta ez zuen zehazten arau hausteak zehazki zeintzuk ziren. BERRIAk, bere kasa, baieztatu du irregulartasunak gertatzen zirela zabortegian. Batetik, amiantoa beste hondakinetatik behar bezala bereizi gabe botatzen zela zakarretara —berez, aparteko ziegatan jaso behar dira amiantodun gaiak—. Bestetik, itxura guztien arabera, baimendutakoa baino jarduera eremu handiagoa hartua zeukala zabortegiak, eta zakarra zigilatzeko prozedurak ez zirela behar bezala jarraitzen ari.

Larrialdi zerbitzuek ostiralean zabaldutako irudietan ikusten da, luizia gertatu eta gero ere, zabortegiaren lurrean pitzadurak daudela, eta lekua oso ezegonkorra dela oraindik. Inguruko bizilagunak kezka handiz ari zaizkio kasu egiten gertatutakoari, BERRIAk bertatik bertara kontatu duen bezala.

Ostiral gauean, beste gertakari batek kezka areagotu du: 23:00 aldera sua piztu da zabortegiaren zati batean, erortzea gertatu den lekuaren goiko aldean. Suhiltzaileak berehala joan dira lekura, baina ikusi dute ezin dutela amatatu, sutea dagoen lekuarengatik eta eremuaren ezegonkortasunarengatik. Suak zer bilakaera duen kontrolatzen geratu dira suhiltzaileak bertan, gauean.

 

Larunbata, otsailaren 8a: senideen haserrea

Suak piztuta segitzen du egunez, eta suhiltzaileek gertutik segitzen dute kontrolatzen.

Desagertutako langileen bila hasi dira berriro goizean, baina 14:00 aldera eten egin dituzte lanak. Euria hasi du, lurrak oso ezegonkor segitzen du, eta ez dago segurtasunik behar bezala lan egiteko. Anboto aldizkariak zabaldutako berri baten arabera, desagertutako langileenak izan zitezkeen autoak aurkitu dituzte jausitako zaborraren azpian, baina ez dago beste berririk. Igande goizean aztertuko dute bilaketa lanekin jarraitzeko baldintzarik ba ote dagoen.

Galdutako langileen senideak kexu dira, inor ez delako haiekin harremanetan jarri, ez dutelako lehen eskuko informaziorik, eta bilaketa lanetan enpeinu gutxi ikusten dutelako. Senide batek, Helene Alberdik —Alberto Sololuzeren iloba da— adierazi du «gauza asko» egin direla gaizki; «lur-jausiaren aurretik, ondoren ere bai». Erantsi du osabak sarritan esaten zuela zabortegiaren segurtasuna dudakoa zela. Jaurlaritzak behar bezalako arretarik ez diela eman ere salatu du, eta bilaketa lanak ez eteteko eskatu du: «Pazientzia agortu zaigu». Elkarrizketa egin dio EITBk ere. BERRIAn eta Euskal Telebistan salaketak egin ondoren jarri da Jaurlaritza senideekin harremanetan.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak larunbatean erantzun die bezperan zabaldutako irregulartasun salaketei. Ingurumen Sailburuordetzak ohar bat kaleratu du, onartuz 2019ko ikuskapenean irregulartasunak aurkitu zituela, eta enpresari azterketa bat egiteko eskatu ziola; eta enpresak ingeniaritza bat kontratatu zuela eta irregulartasunak bideratzeko zenbait proposamen aurkeztu zituela urrian, baina erortzeko arriskurik ez zutela hauteman orduan.

Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak ez du prentsaurrekorik eman eta ez da kazetarien aurrera agertu bere aurreneko agerraldian: EITBri egin dizkio adierazpenak, esplikatuz metanoa neurtzeko zabortegiko gailuek ez zutela behar bezala funtzionatzen, zabor isurketa batzuk ez zirela behar bezala egiten —zehaztu gabe zer materialetaz ari zen—, eta baimendutakoa baino eremu handiagoa hartzen ari zela zabortegia. BERRIAk bezperan kaleratutako informazioak baieztatu ditu beraz.

Jakinarazi du, halaber, zabortegiak 1,5 milioi tona hondakin inguru hartu dituela 2017tik. Horien artean zeuden 10.000 tona material amiantodun, fibrozementuak batez ere.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila Verter Recycling 2002 enpresari zigor txosten bat jartzeko zorian zegoela ere esan du sailburuordeak. Istripua gertatu zenetik 48 ordu igaro dira, eta lehen aldia da Eusko Jaurlaritzako agintari bat prentsaren aurrean agertu dena; Bizkaiko Foru Aldundiko agintaririk ez da agertu jendaurrean gaiari buruz hitz egitera, ezta enpresako ordezkaririk ere.

Larunbat iluntzean, Ekologistak Martxan taldeak salatu du Eitzagako zabortegian lindanoa ere egon litekeela «susmo sendoa» duela. Bestalde, Ermuko eta Eibarko bizilagunen kexak etengabeak dira, egun osoan suak hartuta egon den zabortegiaren zatiak sortzen duen usainarengatik. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtzeko unitate ibiltari bat jarri du Ermua inguruan, eta jakinarazi du airearen kalitatea «normala» dela, eta ez dagoela aparteko arazorik.

Mikel Biain Berraondo Oñatiko (Gipuzkoa) alkate ohiak, berriz, Twitterren salatu du bera alkatetzan egon zen garaian Epeleko inerteen zabortegi publikoa ixteko «presio handiak» egin zizkiela Jaurlaritzak. Debagoieneko mankomunitatearena da zakartegi hori. Garai hartan Verter Recycling 2002 enpresaren izena maiz entzun zutela erantsi du Biainek.

 

Igandea, otsailaren 9a: larrialdi mahaia

Zabortegiaren goiko partean sua piztu zenetik egun eta erdi igaro da. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute helikoptero batetik ura botaz saiatuko direla sua kontrolatzen, nahiz eta erabat itzaltzea oso zaila izango den oraingoz. Lekukoek esan dute helikopteroak bizpahiru itzuli egin dituela, eta gero ez dela gehiago agertu.

Larrialdi mahaiak bilera bat egin du goizean, Zaldibarko udaletxean. Istripua gertatu eta hirugarren egunera egin dute lehen agerraldi publikoa, bileraren ostean.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko zuzendariordeak jakinarazi du langileen bilaketa lanekin jarraituko dutela, hondeamakinak erabiliz, eta betiere erreskate taldeen segurtasuna zainduz. 24 ordu dira erreskate lanak geldirik daudela. Arratsaldean jardun da hondeamakina bat lanean, baina ilundu duenean berriro gelditu dituzte lanak.

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak, berriz, uxatu egin du ekologisten susmoa, zabortegian lindanoa egon daitekeelakoa: «Amiantoaz aparte beste kutsatzailerik dagoenik ez zaigu agertzen». Zakartegia garbitzeko lanak hilabeteak iraun dezakeela ere jakinarazi dute, eta aztertzen ari direla handik ateratako zakarrak nora eraman.

Vocento taldeko egunkariek, baina, jakinarazi dute beste substantzia arriskutsu bat ere hartu izan dutela Eitzagako zabortegian: poliklorobifeniloak —hidrokarburoak kloroarekin nahastuz sortzen diren konposatu batzuk dira, olio edo erretxin itxura har dezaketenak. Minbizia sortzen dute, eta 1987an guztiz debekatu ziren, nahiz eta obretan-eta zigilatzaile gisa eta elektrizitate instalazioetan isolatzaile gisa erabili izan ziren ordura arte, beste erabilera askoren artean—. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2015eko epai batek ohartarazi zuen Eitzagako zabortegian poliklorobifeniloen isurketa deskontrolatuak egin izan direla, Vocentoren informazioaren arabera.

Bizilagunek ere egin dute beren bilera, eguerdian. Eitzagako auzotarrek bederatzi puntuko agiri bat adostu dute, eta eskatu dute: langileen bilaketa lanak ez uzteko; informazio gardena emateko eta ingurumenaren kutsaduraren azterketak egiteko; auzotarren osasuna zaintzeko gomendio argiak emateko eta haien segurtasuna zaintzeko, lur mugimenduen arriskuaren aurrean; zabortegia ixteko eta hango gai toxiko guztiak ateratzeko; administrazioei, koordinatzeko eta plan zehatzak hasteko; eta dagokionari, erantzukizunak hartzeko.

 

Astelehena, otsailaren 10a: manifestazioak

Bileren eta agerraldien eguna izan da. Hasteko, Eusko Jaurlaritzako lehen mailako bi agintarik aurreneko agerraldi publikoa egin dute auziari buruz hitz egiteko, ezbeharra gertatu eta 92 ordura. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak prentsaurrekoa eman dute Zaldibarko udaletxean.

Beltran de Herediak, funtsean, azaldu du aurreko egunetako bilaketa lanak nola egin diren. Txakurren laguntzarekin eta eskuz ezin zutela ikusi eta gero, makinekin saiatu dira, baina luiziaren ingurua oso ezegonkor dago. Astelehen goizeko bederatzietan hasi dituzte, atzera, bilaketa lanak. Langileak desagertuta egon litezkeen puntu jakin batean aritu dira lanean. Baina handik ordu gutxira utzi dute lana, geologoek esanda lekua oso arriskutsua dela. Praktikan, azkeneko 72 orduetan, bilaketa lanek hamar ordu baino gutxiago iraun dute.

Iñaki Arriolak, berriz, ziurtatu du airearen eta uren kalitatea ona dela ezbeharraren inguruko herrietan. Nabarmendu du enpresa pribatu batena dela zabortegia, eta administrazioak erantzukizuna eskatuko diola, «lurra egonkortzeko konponbideak aurkez ditzan». Eta, enpresak erantzuten ez badu, orduan Jaurlaritzak ekingo diola, subsidiarioki. Esplikatu dute zabortegiko sutean, seguru asko, materia organikoa ari dela erretzen, zabortegia bera mugitzearen ondorioz sortzen diren marruskatzeek gartuta —zabortegiak bazuen egurrak hartzeko baimena—.

Arriola sailburuak adierazi du eskatu duela Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean agerraldi bat egitea, azalpenak emateko. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak leporatu dio, ordea, agerraldi hori egin nahi ez izatea. Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hauteskundeetara deitu du justu astelehen honetan, eta Eusko Legebiltzarra desegiteko agindua argitaratuko du asteartean. Hortaz, Ingurumen Batzordea ez da bilduko puska batean. Oterok jakinarazi du Arriolari eskaini diotela gaur bertan (13:30ean) egingo den batzordean azalpenak emateko —batzordeburuordea da Otero—. Sailburuak uko egin dio, goizegi dela argudiatuta.

Beste agerraldia Iñigo Urkullu lehendakariak egin du; prentsaurreko batera deitu ditu hedabideak, 16:00etarako. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5era aurreratuko dituela jakinarazi du. Kazetariek bizpahiru galdera egin dizkiotelako hitz egin du lehendakariak Zaldibarko ezbeharrari buruz. Laburtuz, esan du «lehen minututik» aritu direla krisiaren berri jasotzen, eta zegokien pertsonek gidatu dutela larrialdi mahaia, baina bera jakinaren gainean egon dela beti.

Gara egunkariko kazetariak galdetu dio ez ote duen sentitu Zaldibarrera joateko beharrik. «Twitterren antolatzen diren kanpainengatik? Ez», erantzun du. Urkulluk lehor eta tinko erantsi du, geroago: «Banago. Ez fisikoki, baina han nago». Ukatu egin du Jaurlaritza ez dagoela senideekin harremanetan. Hala ere, erantzun luze bat eman du, eta, tartean, aipatu du lan istripu bat izan dela gertatu dena —«hondamendi natural» ere esan dio beste momentu batean—, eta bera ez dela joaten lekuetara halakoak gertatzen direnean. «Kontua ez da egoteagatik egotea», adierazi du: «Operatiboak izan behar dugu».

Prentsaurrekoa bukatuta, zuzenean joan da erakundeen koordinazio mahaira, 17:00etarako deitu baitute. Lehendakariak lehendabizikoz parte hartu du, publikoki behintzat, halako bilera batean. Twitter sare sozialean ere isilik egon da, ia eguneroko jarduna izan ohi duen arren azken egunetan: otsailaren 5ean idatzi zuen azkeneko txioa; hurrengoa, otsailaren 10ean, Zaldibarko ezbeharrari buruzko larrialdi mahaian. Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren, sailburuen eta beste agintari batzuen azkeneko egunetako agendak aztertu ditu BERRIAk, Zaldibarko ezbeharrari buruz inork ez duelako adierazpenik egin lau egunez.

Larrialdi mahaian elkartu dira, aurreneko aldiz batera, Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko Udalak. Bileraren ostean zabaldu duten oharrean, Verter Recycling 2002 SM enpresari egotzi diote gertatutakoaren erantzukizun guztia. Ingurumenaren kutsadurari buruzko azterketen datuak ematea eta diru funts berezi bat sortzea erabaki dute. Ez dute azaldu funts hori nola eta zertarako erabiliko den. Bilaketa lanekin jarraitzeko hurrengo urratsei buruz ere aritu dira hizketan.

Bestetik, aldundiak jakinarazi du sei metroko garaiera izango duen horma bat eraikiko dutela hurrengo hamar egunetan AP-8an, luizi gehiago izateko arriskuari aurre egiteko. Jakin da, gainera, Mallabiko eta Zallako zakartegietara eramango dituztela Eitzagatik ateratako hondakinak eta lurrak.

Bitartean, zabortegiaren goiko parteko suteak itzali gabe jarraitzen du, eta badira hiru egun piztu zela. Goizaldean indarra hartu du, eta berriro garretan aritu da; aurreko egunetan baino ke gehiago isuri duelako ere kexu dira inguruko bizilagunak.

Administrazioak, lau egunen ostean, aurreneko aldiz azalpen publikoak eman ditu, baina horrek ez ditu erabat ase zabortegiaren inguruetan bizi diren herritarrak. Kezkatuta daude oraindik, eta kezka horren seinale izan dira 19:30ean Eibarren, Ermuan, Mallabian, Markinan eta Zaldibarren egin dituzten elkarretaratzeak eta manifestazioak. Galdutako langileen bilaketa ez uzteko, herritarren osasuna zaintzeko eta dagokion bakoitzari dagokion erantzukizuna hartzeko eskatu dute. Protesta horietan izan dira desagertutako langileen senide batzuk ere.

Beste aldera, zabortegiko irregulartasunei buruz, Ekologistak Martxan taldeak BERRIAri berretsi dio, ostera, salaketari eusten diola, eta zabortegian lindanoa isuri zela pentsatzeko arrazoi sendoak dituela. Zabortegiaren inguruan ezagutu diren irregulartasunen bilduma egin du BERRIAk. Eguzki talde ekologistak, berriz, salatu du Jaurlaritza ez dela gardentasunez ari, eta Zaldibarkoa ez dela kasu bakan bat.

 

Asteartea, otsailaren 11: epailearen ikerketa

Orain auzitegien txanda da. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea izan da berria eman duena —batere ohikoa ez dena, administrazioek inoiz ez baitute jakinarazten auzitegiek zer urrats emateko asmoa duten—: Durangoko Instrukzio Auzitegiak ikertuko du Verter Recycling enpresak lan eta ingurumen deliturik egin ote duen. Enpresa azkeneko egunetan ez dela behar beste laguntzen ari ere esan du Erkorekak. Enpresari egotzi dio erantzukizun guztia, berriro.

Epaileak izango du zer ikertua. Vocento taldeko egunkariek argitaratu duten informazio baten arabera, otsailaren 3an arrakala batzuk agertu ziren zabortegian —luizien aurrekari izan ohi dira halakoak—. Joaquin Beltranek, desagertutako langileetako batek, enpresari arrakala horietaz ohartarazi ziola ere aipatzen du informazio horrek. Eta irregulartasun gehiago: adibidez, arrainez betetako kamioi bat sartu zela azkeneko egunetan, nahiz eta zabortegiak ez zuen baimenik halakorik jasotzeko. Beti Vocentoren arabera, Verter Recycling enpresak topografo batzuk kontratatu zituen erortzea gertatu baino bi egun lehenago.

Zaldibarren, udalak osoko bilkura egin du, ezbeharra gertatu zenetik lehendabizikoa. Tentsio handiko bilera izan da. Jose Luis Maiztegi alkateak eta Juan Mari Uriarte alkateordeak onartu dute «okerrak» izan direla eta «beharbada berandu» ibili direla, baina langileen bilaketan eta zaldibartarrei zerbitzu ematen saiatu direla adierazi dute. Jaurlaritzako teknikariek azaldu diete herritarrei uraren eta airearen kalitatea ona dela inguruan. Hala ere, Eitzagako auzoei eskatu diete txorrotako urik ez edateko eta ur hori ez erabiltzeko jakiak prestatzeko. Teknikariek oraindik ez dute astirik izan Eitzagako etxe bakoitzera iristen diren ur iturri guztiak aztertzeko, auzoko etxe gehienek bere ur hornidurak baitituzte, sare publikotik aparte.

Ezbeharra gertatu eta berehala lanera joan ziren ertzain eta suhiltzaile batzuk haserre agertu dira. Ertzaintzako Erne sindikatuak bilera bat egin du, operatiboa aztertzeko, eta kritika gogorra egin dio Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, ertzainen osasuna «arrisku larrian» jarri zuela iritzita: «[Segurtasun Sailak] Barregarri utzi du larrialdiei aurre egiteko Euskadiko sistema».

Suhiltzaileei dagokienez, berriz, LAB sindikatuak salatu du Gipuzkoatik ordu haietan mugitu ziren lau kamioi —Oñatiko bi eta Eibarko beste bi— desinfektatu gabe daudela oraindik, ezbeharra gertatu eta sei egunera. Bizkaiko suhiltzaileen kamioiak, berriz, betiko enpresak garbitu ditu, eta enpresa horrek ez du amiantoarekin lan egiteko ohiturarik.

Aurreneko orduetan babesik gabe lanera joandako langileei aste honetan hasiko zaizkie azterketa medikoak egiten.

Amiantoaren kezka Zallara (Bizkaia) ere iritsi da. Eitzagako zabortegiko hondakinak hara edo Mallabira eramatea aztertzen ari direla jakin orduko, Zallako alkate Juanra Urkijok esan du bertako zakartegiak ez duela beharrezko baliabiderik eta langile prestaturik amiantoa hartzeko. Iluntzean, dozenaka herritarrek elkarretaratze zaratatsu bat egin dute Zallan; elkartasuna agertu diete galdutako langileen senideei, eta eskatu dute ez eramateko amiantodun hondakinik euren herriko zabortegira.

Suak, artean, piztuta jarraitzen du, eta badira lau egun. Suhiltzaileek gaur ere ezin izan dute lan handirik egin. Haize boladak Elgeta eta Eibar (Gipuzkoa) aldera eraman du kea.

Desagertutako langileen bilaketa lanak etenda daude oraingoz. Azkeneko orduetan ez dute saiakera gehiago egin. Geologoen laguntzarekin, aztertzen ari dira ezbeharra izan den mendi magala nola egonkortu eta segurtasuna nola bermatu. SOS Deiak-ek astelehenean iragarritakoaren bidetik, uler liteke bilaketa lanak moteldu egingo direla, magala egonkortzeko lanari lehentasuna emateko.

 

Asteazkena, otsailaren 12a: Urkulluren agerraldia

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazitakoek kontrakoa iradokitzen bazuten ere, goizean Zaldibarko zabortegira joan da; agenda publikoan ez zuen iragarria, eta, beraz, ezustekoa izan da ezbeharra gertatu eta sei egunera Urkullu lekura agertzea. Iñaki Arriola Ingurumen sailburua eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua ere bertan izan dira. Zaldibarko udaletxera joan dira gero, eta han desagertutako bi langileen familiekin elkartu dira. Senide batekin hitz egin du BERRIAk; bileraren ostean «are haserreago» gelditu direla esan du senide horrek, gehiago zehaztu gabe. Familiak abokatu baten esku utzi du auzia.

Bestela, kritika eta salaketa politikoen eguna izan da. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea Radio Euskadi irratian izan da —enpresak ez duela batere lagundu salatu du, eta kritikatu du «sarraskijale» batzuek EAJren kontra erabili nahi dutela ezbehar hau—; eta Koldo Mediavilla EAJren politika Instituzionalerako arduraduna, Onda Vasca irratian —kritikatu du «sektore batzuk» Zaldibarko gertakarien erabilera. «doilorra» egiten ari direla—. EAJk, bestalde, ohar bat argitaratu du, salatzeko hamar batzokitan zabor poltsak utzi dizkietela, eta txartelak jarri eta pintaketak egin dizkietela. Aitor Elizaran «ETAko buruzagi ohiak» kanpaina hori sustatu duela salatu du, hitzez hitz.

Beste aldera, Eusko Legebiltzarreko oposizioaren kritikak pilatzen jarraitzen du Jaurlaritzak. Asteartean EH Bilduk eskatu zuen Urkulluren premiazko agerraldia diputazio iraunkorrean. Gaur PP eta Elkarrekin Podemos izan dira Arriolaren eta Beltran de Herediaren agerraldiak eskatu dituztenak. Gehiengo sindikalak, berriz, lan istripuen kontrako protesta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzara eraman du goizean; ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiruko dozenaka ordezkari barrura sartu dira, eta blokeatu egin dute, handik bota dituzten arte.

ELA sindikatuak, bestalde, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak mezu bat igorri diela bere saileko funtzionarioei, hedabideekin hitzik egin ez dezaten esanez besteak beste: «Zaldibarren duen erantzukizuna ezkutatzeko, Eusko Jaurlaritzak isiltasunaren legea ezarri nahi die Ingurumen Saileko langileei».

Iluntzean protesta gehiago izan dira, oraingoan Gipuzkoan. Errausketaren aurkako mugimenduek deitu dituzte elkarretaratzeak, Donostian, Hernanin, Usurbilen, Zubietan, Andoainen, Oiartzunen, Urnietan, Iruran eta Oñatin. Zaldibar argitu, erraustegia gelditu leloa hartuta, guztira 800 bat lagun elkartu direla jakinarazi dute. Larreko mahaia plataforma ekologistak, berriz, manifestazio batera deitu ditu herritarrak, otsailaren 29an, Donostian.

Eitzagan jausitako hondakinak nora eramango dituzten kezka handitzen ari da zabortegiak dituzten herrietan. Ingurumen Sailak agindu bat argitaratu du, zabortegien jabeei jakinaraziz Jaurlaritzak derrigortu egin ditzakeela hondakinak hartzera. Gasteizko Udalak bere burua eskaini du, zakarrak Gardelegiko zabortegian hartzeko. Hurrengo egunean bertan ukatu du hori alkateak berak.

Jaurlaritzak Herbehereetako Afvalzorg enpresa kontratatu du, jausitako zabortegiaren kudeaketan aholkularitza aditu bat edukitzeko. Krisia hasi zenetik, bigarren aldia da Lakuak Europara laguntza eske jo duena: Copernicus Europako satelite sistemari luiziaren mapa egiteko eskatu zioten asteburuan—. Desagertutako langileak bilatzeko lanak erabat geldirik daude astelehen eguerdiaz geroztik. Lehentasuna mendi magala egonkortzen jarri dute. Eta lanek luze joko dute. BERRIAk jakin ahal izan duenez, eta oraindik estimazio bat besterik ez den arren, 80 eta 100 milioi euro arteko kostua izan dezakete obrek.

Erkorekak, goizean, zabortegiaren jabearen kontrako kritikak errepikatu dituen arren, baretu egin da kritika giroa. Arratsaldean bilera egin dute Verter Recycling 2002 SM enpresako ordezkariek eta Jaurlaritzakoek, Gasteizen. Laguntzen ari dela eta laguntzeko prest dagoela adierazi du enpresak, eta seinalatu du Jaurlaritzak egin zizkion ikuskapen guztietan ere ez zela inor jabetu mendi magalaren egonkortasuna arriskuan egon zitekeenik.

Ezbeharraren lekura aurrena iritsi zen suhiltzaileetako batekin hitz egin du BERRIAk: uste zuten luizi batean ibilgailuetan harrapatutakoak erreskatatzera zihoazela. Bertara iritsi zirenean ikusi zuten, kamioitik bertatik, zabortegi batean gertatu zela, eta zabortegiaren erortzearen aurrean zeudela. Ez zela ohiko luizi bat, alegia. Eta lanean aritu eta hurrengo egunera arte inork ez ziela esplikatu amiantoarekin kutsatutako leku batean aritu zirela lanean. Larrialdietako eta babes zibileko langileak «haserre» daudela azaldu du: «Ez dugu ulertzen horrelako toki batean kontrol gehiago ez egotea».

Bost egun daramatza suak pizturik zabortegian, eta jarraitzen du keak irteten. Gaur makina batekin ura jaurtiz hasi dira sua kontrolatu nahian.

Astebetean gertatu direnen laburpena jaso du BERRIAk bideo honetan:

 

Osteguna, otsailaren 13a: informazioa, orain bai

Gardentasun ariketa bat egin du Jaurlaritzak, ezbeharra gertatu zenetik astea bete den egunean, eta orain arte tantaka baizik eman ez dituen informazio eta xehetasunak kolpean eman ditu. Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak lehen bilera egin du, Zaldibarko udaletxean, eta hemendik aurrera egunero biltzea adostu du. Josu Zubiaga eta Elena Moreno agertu dira, berriro, prentsaren aurrera. Baina oraingoan informazio argigarriagoak eman dituzte.

Desagertutako langileen bilaketa lanei dagokionez, iragarri dute estrategia berri bat hartuko dutela: langileen gorpuak egon daitezkeela uste duten eremua zanpatzen duen lur eta zakar masa bat badago, eta hura kentzeari ekingo diote, ondoren gorpuak bilatzen jarraitzeko. Baina beti larrialdietako langileen segurtasuna bermatu behar dutela nabarmendu du.

Morenok, berriz, ingurumenari buruzko informazioak eman ditu. Batetik, adierazi du parametro batzuk igota atzeman dituzten arren, osasunarentzat arriskurik lekarkeen ezer ez dutela atzeman. Hartzen ari diren laginak Madrilera igortzen ari direla azaldu du. Barazkiak eta animaliak ere aztertuko dituzte.

Zabortegian piztutako suaren jatorria metano isurietan dagoela adierazi du. Onartu du sua urarekin itzaltzen saiatzea ez dela egokia izan, eta erantsi du, sua dagoen lekura iristea segurua dela ziurtatutakoan, hondarrarekin saiatuko direla itzaltzen, aurreko egunetako inprobisazioa agerian utziz. Inguruko herrietan sumatzen ari diren usain arraroak, berriz, hidrokarburo aromatiko poliziklikoetan du jatorria; Morenoren arabera, ez du arriskurik osasunarentzat.

Oraintxe, beste lehentasunetako bat dute hondakinak zabortegitik ateratzea eta eremua egonkortzea. Baina erabaki behar dute zakarra nora eraman. Ziurtatu du amiantoa ez dela zabortegiaren eremutik harago barreiatu, baina, gainerako hondakinekin nahastu denez, orain zakar guztiak «hondakin arriskutsu» kategorian daudela, eta ikusi behar dutela zein zabortegik har ote ditzakeen halakoak. Ez du baztertu kanpora eramatea ere.

Jakinarazi du, premiak eraginda, Jaurlaritzak lanak bere gain hartuko dituela era subsidiarioan, eta gero gastua enpresari egotziko diotela. Verter Recycling 2002 enpresari zigor txosten bat ireki diotela ere esan du —asteburuan aurreratu zuen asmoa bazutela—. Eta erantsi du baieztatuko balitz aurreko egunetan zabortegian pitzadurak agertu zirela eta enpresak ez zuela haien berri eman, arau hauste larria litzatekeela hori.

Eta, zazpi egunean aurreneko aldiz, zabortegiko lixibiatuei buruz ere hitz egin du. Hondakinek kutsatutako ur zikinak dira lixibiatuak. Morenoren hitzetan, ez dago arriskurik horiekin ere, denak kolektoreari lotuta daudelako. Egunotan izan litezkeen euri urei aurre egiteko eta arriskuak gutxitzeko, baltsa bat eraikitzea aztertzen ari dira.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, berriz, onetsi ditu EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta Alderdi Popularraren eskariak: Urkullu lehendakaria eta Arriola eta Beltran de Heredia sailburuak diputazio iraunkorraren aurrean agertuko dira datorren asteartean, alderdien galderei erantzuteko eta azalpenak emateko.

Gehiengo sindikalak, berriz, elkarretaratze bat egin du Bilbon, Arriaga aurrean, lan istripuak salatzeko.

Iraitz Lazkano Elgetako (Gipuzkoa) alkatearen kezkak bildu ditu BERRIAk. Herriko mugetatik 200 metrora dago zabortegia, eta Egoetxeaga auzotik oso gertu, baina inork ez dituela krisi honetan aintzat hartu, eta informaziorik ere ez direla jasotzen ari jakinarazi du.

 

Ostirala, otsailaren 14a: dioxinak eta furanoak

Zortzi egun joan dira luizia gertatu zenetik, eta zazpi zakartegiaren zati batek su hartu zuenetik, eta beste albiste kezkagarri bat eman du Osasun Sailak, berriro ere lasai egoteko eskatu duen arren: zabortegiaren inguruan, normala baino 40-50 aldiz handiagoa da dioxina eta furanoen kontzentrazioa airean. Normalean aireko metro kubo bakoitzean 10 eta 40 zentigramo artean izaten dira dioxinak eta furanoak, baina zakartegiaren inguruko auzoan metro kuboko 700 zentigramo neurtu dituzte.

Normalaz gaineko kopuru horiek denbora luzez irauten badute eta metatzen baldin badoaz, orduan oso kaltegarri bihur litezke dioxinak eta furanoak. Baina OME Osasunaren Mundu Erakundeak ez duela muga jakin bat ezarria, eta lasai egoteko eskatu dute Iñaki Berraondo Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak eta Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak.

Hala ere, prebentzio neurriak hartzeko eskatu diete Ermuko, Eibarko eta Zaldibarko herritarrei: eskatu diete etxeak ahal bada ez egurasteko, eta gauez, batez ere, leihoak itxita edukitzeko; eta ariketa fisikoa saihesteko. Eskolako Kirolako ekitaldiak bertan behera utzi dituzte herri horietan.

Eibarrek eta Realak igandean Ipuruan jokatu behar duten derbia kolokan dago, beraz. Klubek, federazioek eta Espainiako Ligak larunbatean erabakiko dute zer egin, baina litekeena da partida bertan behera uztea. Eskola Kirolako ekitaldiak, behintzat, bertan behera utzi dituzte.

Bestela, larrialdi mahaiak jakinarazi du asteburu honetan ekingo diotela zabortegia egonkortzeko lanei, hartara hurrengo aste hasieran desagertutako bi langileen bilaketa lanekin jarraitzeko. Sua itzaltzeko lanei dagokionez, ingurua egonkortzen hasiko dira; espero dute astelehenetik aurrera zakarra itzaltzen hastea.

Eitzaga inguruko baserritarrei agindu diete barazkirik ez saltzeko datozen egunetan. Animaliei eta barazkiei ere probak egin behar dizkiete. Inguruko baserritar bat maskara bat jantzita erakutsi du Euskadi Irratiak argazki batean.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ñabardura bat egin nahi izan du: 2019ko ekaineko azterketan Verter Recycling enpresari atzemandako irregulartasunak «arinak» izan ziren, eta ez zuten luiziarekin zerikusirik izan.

 

Larunbata, otsailaren 15a: milaka manifestari

Kutsadura arazo batek Espainiako Futbol Ligako partida bat geldiarazi duen aurreneko aldietako bat izango da Euskal Herrian. Eibarren eta Realaren arteko derbia bertan behera uztea erabaki dute, bezperan Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi baitu dioxina eta furano kontzentrazioa ez dela normala.

Bestela, egunak ez du mugimendu handirik izan. Sortu dira albiste txikiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere azpiegiturak eta laguntza eskaini ditu, ezbeharra gertatu eta bederatzi egun geroago. Eta jakinarazi dute makina astunak zabortegian sartzea lortu dutela, eta suteetara hurbiltzen hasiko direla. Bestela, Osasun Saileko zuzendariak lasaitasunerako deia egin du berriro, eta nabarmendu du dioxina kontzentrazio handien susmorik izan balute, lehenago abisatu izango zuketela.

Eta horiez aparte, manifestazio eguna izan da gaur. Milaka herritar elkartu dira Eitzagan. Hiru martxa abiatu dira arratsldean: bat Ermutik; bestea, Eibartik; eta beste bat, Elgetatik. Ermuko eta Eibarko martxek bat egin dute, eta elkarrekin igo dira Eitzagara; eta han Elgetatik etorritako ehun bat lagun ere batu zaizkie. Manifestariek oso gogoan hartu dituzte desagertutako langileak; haien senide batzuk ere izan dira manifestazioan, eta bukaeran Helene Alberdik hitza hartu du, eskerrak emateko jasotzen ari diren «maitasunarengatik». Herritar horietako batzuen iritziak ere bildu ditu BERRIAk.

Bertso hau kantatuta bukatu dute ekitaldia bukatzeko: «Urteetan pilatu denez gezurra eta miseria / gure gainera etorri da zuen zabortegia / irentsiz natura eta bertako langileria / informazioa gordez, eman barik aurpegia / herrietara banatu nahi duzue tragedia / ez ezazue handitu gehiago amildegia / guztion bizitzak dira, eta zor zaigu egia».

Erantzukizunak eskatu baitituzte. Eta informazio osoa.

Eta honekin, hamar egun geroago, bukatuko da BERRIAk krisi honen inguruan sortutako albisteei egin dien egunerokoaren jarraipena. Hemendik aurrerakoak —eta orain artekoak—, webgune honetan jarraitu litezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna