Luizia Zaldibarko zabortegian. Testigantza

«INORK NAHI EZ ZITUEN HONDAKINAK JOATEN ZIREN VERTERRERA»

Iazko urtarrilean utzi zion Zaldibarrera zamak eramateari. Zortzi urtez egunero joan-etorriak egin ditu hara, eta nola funtziontzen zuen azaldu dio kamioi gidari batek BERRIAri. Denetik ikusi du han: «amiantoa, material korrosiboak, suharberak», dena batera pilatuta eta bereizteko inolako prozesurik eta kontrolik gabe botata.

Zabortegiko azpiegiturak eta makinak ere jausi ziren ezbeharrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
inaki petxarroman
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Gipuzkoako enpresa batentzat lan egin izan du Jokin Zelaiak —izena asmatua da—. Ezagun du hitz egiteko gogoa. Barrena mugitu dio Verter Recycling 2002 SMren zabortegiko luiziak, gertutik ezagutzen zituen desagertutako bi langileak: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, hondakinen artean lurperatuta desagertu direnak. «Hura gertatu eta biharamunean, sei-zortzi lagunek kartzelan egon beharko lukete, nire ustez, baina inork ez du ezer esango. Zaborren inguruan mafia handi bat dago, eta azpian geratu diren bi langileak ez zaizkio inori axola. Daukaten kezka bakarra da ea nora eramango dituzten zabor horiek denak hemendik aurrera».

Zelaiak lan egiten zuen enpresak, beste enpresetatik eta partikularretatik zaborra erosi, eta zabortegira eramaten zuen. Hondakindegira eramandako tona bakoitzeko diru bat kobratzen zuen haren nagusiak. Zabortegiak berak ere bai, jasotzeagatik. Zaldibarren mendian behera jausi den Verter Recycling 2002ra joaten zen Zelaia gehienetan. «Kamioia zamaz bete, eta hara eramaten genuen zaborra, inolako birziklatze prozesurik egin gabe. Han denetik ikusi izan dut: material korrosiboen bidoiak, suharberak, amiantoa...».

Zaldibarrera zaborra garraiatzen aritu den beste kamioilari baten lekukotza bildu du Euskadi Irratiko Amarauna saioak igande goiz honetan. Zelaiak esandakoak berretsi ditu hark ere.

Kontroletan eta prozeduretan ezaugarri bat zuen Verterrek, Zelaiaren esanetan: kontrolik eza. «Gu baskulara joaten ginen. Langile batek paperak ematen zizkigun sinatzeko. Eta, paperean, argi eta garbi azaltzen zen Eusko Jaurlaritzaren zigilua. Han apuntatzen zituen sartu eta irteteko orduak eta jasotako pisua». Paper horretan agertzen zen dena materia inertea balitz bezala. Baina Zelaiak ziurtatu du hor material geldoa zati bat besterik ez zela. Berez, obra hondakinak Verterren sartzen ziren zaborren zati txiki bat baino ez zen, haren esanetan: «%20 bat edo izango zen, gutxi-asko. Gai arriskutsuekin betetako kamioiak ere ikusi ditut bertan, ADR plaka bereizgarria itsatsita. Zama hustu, plaka kendu eta alde egiten zuten handik».

Verter Recycling 2002k ez zuen halako materialik jasotzeko baimenik, gai ez-arriskutsuen zabortegi bat baitzen. Amiantoa hartzeko, Jaurlaritzaren baimen berezi bat zuen, baina betiere bereizi eta beste hondakinetatik aparte kudeatzeko baldintzarekin. Prozedura hori ez zuten inoiz betetzen. «Gu amiantoaren gainean ibili izan gara kamioiarekin. Askotan, nola puskatzen zen ere sumatzen nuen». Lan horietarako jantzi eta material egokirik ez dute erabili izan. «Neu aritu naiz Hernaniko etxebizitza batetik amiantoa jaisten, ez dut inoiz eraman ez jantzirik ez maskararik». Behin enpresako nagusiari eskatu zion babes jantzi berezi bat eros ziezaion, eta hark erantzun zion ez zuela balio jantzi hark adina.

Eta ez bakarrik amiantoa. Gertatu izan zaio, zaborra husteko tokiraino kamioia eraman, bertatik jaitsi eta ezin arnasa hartuta geratzea, horren handia zen amoniako usaina: «Kamiseta hartu, sudurra estali, ateak ireki, hustu ahal den azkarrena, eta alde egiten nuen ziztu batean. Hori neuri gertatu zait, ez bat, ez bi, eta ez hirutan».

Gogoan du behin Hondarribiko portura joateko agindu ziotela, itsasontzi baten hondarren bila. «Galdetu nien: itsasontzia hutsik al dago, gasolioa kenduta al dago? Baietz esan zidaten, baina hara joan, pintza sartu, eta gasolioa botatzen hasi zen... Kaka-nahaste hori nola edo hala hartu, kamioira sartu eta zabortegira eraman nuen». «Dena» hartzen zuten Verterren, «dena nahastuta». «Olio erabiliak, pinturak, aerosolak, plastikoak, kartoiak, obretako hondakinak».

Antzeko beste zabortegi batzuetan baino kontrol gutxiago zegoen Zaldibarren; argi eta garbi esplikatu du. «Abenduaren 24 batean, Mallabiko [Bizkaia] Bete Artera joan nintzen kamioia hustera, eta hango kontrolatzaileak esan zidan zama aztertu behar zidatela. Hustu nuen edukiontzi bat, eta etorri zitzaidan esatera ezin nuela jarraitu, nire nagusiari askotan esan ziotela ezin zituela halako gaiak ekarri. Handik alde egin, eta Verterrera joan nintzen, han ez zuten-eta ezer ikusten: makinarekin bultzatu, eta kito. Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera».

Mutiloako (Gipuzkoa) zabortegira ere eraman izan du amiantoa, baina han kontrol prozesuak baziren. «Hura paketeetan jartzen zen, ondo forratuta, eta zinta batekin bereizgarria itsatsita: Kontuz, amiantoa! Nik Mutiloara eramaterako, hark bazuen zulo bat horretarako prestatuta, eta han hustu egiten nuen. Mutiloan, aldiz, bazekiten zamaren berri, eta enpresan papera ematen zizuten, zegokion baimenarekin. Eta zabortegira ez bazen azaltzen haiek erregistratuta zeukaten kamioia, bere matrikularekin, ez zen sartuko». Verterren, aldiz, ez du ikusi halako kontrol prozedurarik sekula.

Jaurlaritzak egindako hiru ikuskatzeetan (2015, 2017 eta 2019) ez dute inoiz aipatu amiantoa beste hondakinekin nahastuta zegoela. Are gehiago: 2015 eta 2017ko ikuskatzeetan Jaurlaritzak ez zuen irregulartasunik topatu, eta ingurumen baimen bateratuaren baldintzen betetze maila «handia» zela adierazi zuen. Iaz zerbait aldatu zen: txostenak irregulartasunak jaso zituen. Baina Zelaia ordurako ez zen han lanean ari: Jaurlaritzako teknikariek irregulartasunik atzeman ez zuten urteetan aritu zen bera Zaldibarrera zaborra eramaten.

Ertzaintzari izkin egiten

Frantziatik eta Ipar Euskal Herritik ere askotan ekarri izan dute zaborra, Zelaiaren esanetan. «Material birziklagarriaren bereizgarria jarri, eta halaxe pasatzen zuen muga, baina gero Verterrera eraman, eta dena botatzen zen zulora».

Zelaiak egin izan ditu egunean bi eta hiru joan-etorri Zaldibarko zabortegira. Aldi bakoitzean, 50 tonako garraioa, batez beste. «60 tona ere eraman izan ditut, zapa-zapa, nahiz eta 40 tonakoa izan muga. Ertzaintzaren pisu kontrolak saihesteko [Zarauzko A-8 autobideko ordainlekuaren ondokoa, adibidez], agenteek txanda aldatzeko erabiltzen zituzten ordutegiak aprobetxatzera behartzen gintuzten».

Verterren, azken bi urteotan, 500.000 tona hondakin pilatu zituzten urtero. Kopuru handi horri neurria hartzeko, Gipuzkoan, 2018. urtean, 325.000 tona hiri hondakin sortu ziren, eta haietako 141.000 tona joan ziren zabortegietara edo Zabalgarbira. Lana buru-belarri egin izan dute horretarako Zaldibarren. Egunean 230 bat kamioi sartu izan dira bertara. Haietako asko —40 bat kamioi egunean— paper fabriketako lohiez beteta sartzen ziren. «Lohiek ez dute lur zorua batere trinkotzen. Horren gainean sartzen zenuen kamioia, eta hondoratu egiten zen. Askotan, makinarekin bultza egin behar izaten zenion atera ahal izateko. Astetik astera, Verter hiru bat metro igotzen zen gora».

Zabortegiak derrigorrez bete behar zuen beste baldintza bat zen erabilitako eremua ezin zela hektarea bat baino handiagoa izan. Halako mugarik behin ere ez du ikusi Zelaiak. «Hura betetzen zenean, mendiari beste puska bat kentzen zioten, tokia ahal zen gehiena zabaltzeko. Mugako maldei oihal bat jartzen zieten, baina beste zabortegietan ezberdin jokatzen zuten: zati bat erabiltzen zuten, estali egiten zuten, beste zati bat erabiltzen hasten ziren, eta, betetzen zenean, hura ere estali eta lehendik zegoena atzera erabili, puskaka. Verterren ez, han dena batera erabiltzen zen. Nik galdetu izan nien: 'Noraino igo behar duzue?'. 'Haraino', erantzuten zuten. Eta nik, berriz: 'Ez al da gehiegi?'».

Istripu bat zabortegian

Berez, otsailaren 6koaren abisutzat jo zitekeen gertakari bat ere izan da Zaldibarko zabortegian. Duela ez asko —urte eta erdi edo, lekukoen arabera— mendi zati bat behera erori zen, zabortegia handitzeko maldari hozka ari zitzaizkiola. Zelaia ez zen lekuko izan, baina ongi daki zer gertatu zen, lankide batek kontatuta. «Esan zidaten Joaquinen [Beltran] semea zela, 20 bat urteko mutila. Garai hartan euri asko egin zuen. Ari ziren eremua zabaltzen eta hormigoia botatzen. Baserri gainean zegoen eremuaren maldari jan eta jan ari ziren, eta han gertatu zen luizi bat. Makina harrapatu zuen, estali eta irauli egin zuen. Lortu zuten mutila bizirik ateratzea. Baina hura isil-isilik pasatu zuten. Nik dakidala, larrialdietara ere ez zuten deitu».

Hango langileekin harreman ona izan zuen beti Zelaiak. Bereziki goraipatzen du desagertuta daudenetako bat, Alberto Sololuze. Gogoan ditu bertan ziren hiru behargin senegaldar ere, eta zenbat kexa zituzten euren lan baldintza «kaskarrengatik». Arduraz eta penaz bizi du gertatutakoa, eta itxaropen handirik ez du gorpuak ateratzeko gai izango diren.

Hondakinen atzean dagoen sarearen azpian «diru eta interes asko» mugitzen direla nabarmendu du. «Nik ikusi dut enpresa batek nola diruz sobornatzen zuen zabortegia, konpetentziako beste enpresa bati zaborra sartzen ez uzteko». Zelaiak dioenez, Verterren jaso duten material horrekin guztiarekin aberastu egin dira batzuk: zabortegiko arduradunak bai, baina baita hara zaborra eraman duten enpresa asko ere. «Eta Eusko Jaurlaritzak badaki zer gertatu den hor». Itxaropen izpi bat du: sortu den haserre giroak zerbait mugituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.