«Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskararen indarberritzea»

Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak 'Hizkuntza, nazioa, estatua' saiakera plazaratu du. Andoaingo Martin Ugalde Foroan aurkeztuko du gaur arratsean

Joxe Azurmendi idazlea, atzo, Donostiako Elkar liburu-dendan, saiakera berria eskuetan duela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun

Euskal Herria ez da gaur egun nazio bat, estricto senso, Joxe Azurmendiren iritzian (Zegama, Gipuzkoa, 1941). «Euskal nazioa izan zen, zentzu klasikoan, baina orain erdi hautsia dago. Gaur egun berregin beharra daukagun nazio bat da. Berregiteko zeregin horretan egiteko esentziala, ez bakarra, euskara indarberritzea da, ze bera da komunitate nazional baten ardatza». Hori uste du, eta hori azaltzen du, besteren artean, Elkarrekin argitaratu berri duen Hizkuntza, nazioa, estatua saiakera liburuan.

Azken hiruzpalau urteetan indarra hartu duen planteamendu zenbaiti erantzuna ematera dator liburua. Bada erreakzio bat, bada eztabaidari ikuspuntu bat gehiago txertatzeko nahia ere, «nahiz eta berria ez den, errepikatu egiten den gai bati erantzuten baitio». Azken boladan azaldutako planteamendu berri horiek, batez ere mundu akademikotik etorri direnak—Imanol Galfarsoro, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza, Joseba Gabilondo...— zalantzan jarri dute XX. mendearen erditsutik Euskal Herria definitzeko orduan euskarari eman izan zaion lehentasuna. Hizkuntza, nazioarentzat mesede eta sostengu izan arren, ez ote da kalte edo traba estatu bat lortzeari begira? Hori izan da, gutxi-asko, planteatu izan duten galdera nagusia. Azurmendiren erantzuna honako hau da: «Hizkuntzak ezaugarritzen du substantzialki nazio klasikoa. Grezia klasikoa adibide interesgarria da gure egoera ulertzeko, bai arrazaren gogoetaren aldetik eta bai hizkuntzaren substantzialtasunetik ere. Atenastarrak ez ziren arrazari dagokionez grekoak, pelasgoak ziren. Galdu egin zuten euren hizkuntza jatorrizkoa. Hizkuntza grekoa hartu zuten, eta hizkuntza grekoaren bitartez bihurtu ziren nazio greko».

Joxe Azurmendiren posizioa ez da berria, bere ibilbide osoan azaldutakoa baizik, eta bere belaunaldiaren sokakoa. «Liburuan hasieratik aipatzen dut hori, ez dut ideia originalik izan honetan». Belaunaldi hori Espainiako gerraren ondorenean sortu zen, XX. mendearen erdialdera: «Francoren azpian sortzen da erreakzio bat ordura arteko nazionalismoari, tradizioan, folklorean, kristautasunean, arrazan oinarriturikoari. Bi figura nabarmendu ziren batik-bat; Krutwig eta Txillardegi. Eta biek, oinarri eta jatorri desberdinak izan arren, esaten zuten 'nazio bat gara, eta nazioa euskarak egiten du'».

Joxe Azurmendi idazle —saiakera goraipatu asko idatzi ditu bere ibilbide luzean— eta pentsalaria, EHUko irakaslea izana da; Hizkuntzaren, nazioaren eta estatuaren kontzeptuen eta euren arteko harremanen gainean gogoeta egitera behartu duten planteamendu berri asko bere ikasle izandakoek egindakoak dira. Hain zuzen ere, haietako batzuek planteamendu horien azalpenak eman zituzten 2015eko ekainean, Jakin-ek eta UEUk elkarrekin antolaturiko Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian ikastaroan, Iruñean. Eta ikastaro hartako sarrera hitzaldia Azurmendik osatu zuen. Hitzaldi haren corpusetik sortua da oraintsu argitaratu duen liburua, preseski 117 orrialde dituen saiakera lana.

Azurmendik aitortzen du, besteek egiten duten kritika neurri batean bere eginez, «euskal nazioa egiten duena euskara dela esanez gero, Euskal Herriko gehiengo handi bat baztertzen» dela, «euskaraz egiten ez duelako»; horren ondorioa ez da, ordea, euskara traba modura hartzea, baizik eta kontrakoa, hura gehiago indartzea. Eta, horretarako, independentzia ezinbestekotzat jotzen du, baina planteamendu berrien kontrara, zaila egiten zaio sinestea independentzia hori abertzaletasunetik urrunduta irits daitekeenik: «Abertzaletasunik gabeko independentismoa neuk ez dakit zer izan daitekeen. Hori onartzen bada, zergatik ez egin, adibidez, Pirineotako Errepublika Independente bat, Trebiñotik beherako Araba eta Tafallatik beherako Nafarroa kendu, eta Cantabria, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta Huesca bilduta».

«Feminismo bati» kritika

Feminismoak, —«feminismo batek, asko baitaude», zehazten du—, hizkuntza eta nazioaren arteko harremanaz egiten duen gogoetarekin ere ez dago ados Azurmendi. «Zerk egiten gaitu euskaldun? galdetu, eta erantzuten dute: 'subordinazioak'. Euskaldunena bada subordinazio borroka euskarari dagokionean, nazioari dagokionean eta abar. Baina beste arlo askotan ez gara subordinatuak euskaldunak. Zapaltzaileak gara, esplotatzaileak, kapitalistak.... Euskara ez da beste subordinazio mota batzuekin berdintzen, eta ez da berdindu behar. Emakumeak subordinatuak daude, zapalduak daude, ustiatuak daude, baina erabat beste fenomeno bat da. Esparru desberdinetako subordinatuak elkartu egin behar dira, baina ez nahastu eta berdindu».

Bera egun irakasteko baino gehiago ikasteko dagoela dio Azurmendik: «Bistan da, transmisioak ez du behar bezala funtzionatu, baina ni ere beraien ikasle naiz orain. Uste dut eztabaida honek jarraituko duela, eta neu gabe ere oso ondo jarraituko duela». Hala ere, gaur bertan liburuaz eta liburuko kontzeptuez nahiz eztabaidaz ariko da Martin Ugalde Foroan, Andoainen (Gipuzkoa), 19:00etan. Lorea Agirre Jakin-eko zuzendari izango da solasaldiaren gidari. Hitzaldia zuzenean ikusi ahal izango da Berria.eus webgunean. Bideoa: Joxe Azurmendi Martin Ugalde Foroan, liburua aurkeztu eta biharamunean (Lara Madinabeitia, BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/7uZpJvbMhsw[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.