XX. mendetik gaur egunera arteko objektuak biltzeari ekin dio Olaso Dorrea fundazioak: garai baten memoria oso bat erakutsi nahi dute tresnen bidez. Monzon-Olaso museo etxeko bilduma handitu nahi dute, eta esanahi historiko handiko objektuak eskatu dituzte horretarako. Zortzi pieza eskuratu dituzte.
Objektuak bildu nahi ditu Olaso Dorrea fundazioak, azken mendeko historiaren lekuko eta erakusgarri direnak: hala, xede dute abertzaletasunaren sorrera, 1936ko gerra, frankismoa, 1960ko hamarkadako herri suspertzea, trantsizioa eta haren ondorena aztertzea. Eta hasiak dira horretan, Telesforo Monzonen, haren emazte Maria Josefa Ganuzaren eta anaia Isidro Monzonen ibilbideari jarraituz.
Hurrengo erronka dute epe ertainean beste areto bat eraikitzea. Horretarako, ondarea bildu nahian ari dira, eta hiru modu daude ekarpenak egiteko: balio historikoa, etnografikoa eta artistikoa izan dezaketen objektuak dohaintzan ematea; proiektuan ekarpena eginez norbere gaitasun profesionala baliatuta, edota dohaintza ekonomikoa egitea. Orain arte jasotako objektuak erakutsi dituzte Irati Jimenez fundazioko lehendakariak eta Urko Aiartza zuzendariak Donostiako Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzan. Hauek dira orain arte bildu dituzten oroigarriak:
Sabino Aranaren lanen mikrofilmakcloseDokumentuak artxibatzeko sistema bat da, eta argazki-filma erabiltzen du jatorrizkoen tamaina murrizteko, eta informazio-kopuru handiak leku txikian gordetzek
Telesforo Monzonek mikrofilmetan gordetzen zituen Sabino Aranaren obrak. Zehazki, zazpigarren kopia gorde zuen Monzonek, Aranaren obra galdu ez zedin. Kopia hori, baina, desagertu egin zen Monzonek Donibane Lohizunen (Lapurdi) zuen etxetik, 1980ko hamarkadan, eta galduta egon da, harik eta aurten herritar anonimo batek Olaso Dorreari itzuli dion arte.
'Lauaxeta'-ren gabardina
Aurten 125 urte bete dira Estepan Urkiaga Lauaxeta jaio zenetik. Eta haren bi objektu jaso ditu dohaintzan fundazioak, familiak emanda. Batetik, fusilatu zutenean eskuan zeraman gurutzea, fusilamenduaren lekuko izan zen elizgizonak eskuratua. Bestetik, gabardinacloseBerokia, txamarra., bere azken egunetan jantzi zuena. Hainbat jenderen eta senideren eskuetatik igaro zen, eta, fusilamenduaren ostean, Concha Arrazola izeneko emakume batek jaso zuen —Emakume Abertzale Batzako kidea zen—. Ondoren, Txaber Erraztiren esku geratu zen: Laudioko etxe batean gorde zuen, armairuko meza jantzien artean. Berrogei urtez han gordeta egon ondoren senideen eskuetara itzuli zen.
Antonio Goikoetxea Egaña gudariaren uniformea
Soraluzetarra (Gipuzkoa) zen Goikoetxea, Eusko Abertzale Ekintzako kidea. Elgoibarrera (Gipuzkoa) ezkondu zen, eta han harrapatu zuen altxamendu faxistak. Barakaldo batailoi sozialistako kidea izan zen hasieran, eta, gero, Amuategi batailoi sozialistako tenientea. MorkaikocloseKalamua mendi lerroko tontorra, 553 metrokoa. mendiko borrokaldian hil zen. Haren uniformea jaso dute fundazioko kideek, familiaren eta Elgoibar 1936 elkartearen bitartez.
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren 'Igarobide' dokumentuak
EAJri eta Agirre lehendakariari lotuta aritu ziren Urresti eta Letamendi gerra garaian. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren eta Karmele filmaren ondorioz egin dira ezagun. Erbestean bizi izan ziren, Venezuelan, eta hara joateko erabilitako dokumentazioa jaso dute fundazioko kideek, senideen ekarpenei esker. Erbestetik itzuli, eta frankisten torturen ondorioz hil zen Letamendi, 1950ean, presondegian zegoela. Urresti, berriz, 1975ean itzuli zen sorterrira, Ondarroara (Bizkaia). Herri BatasuneracloseEzker abertzalearen alderdi politikoa, 2003an legez kanporatu zutena. hurbildu zen orduan, eta zinegotzi izan zen herrian, HBren ordezkari gisa.
Otaegiren eta Garmendiaren pankarta
Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendia Tupa ETAko kideei heriotza zigorra ezarri zien frankismoak, nahiz eta gerora Garmendia ez baizik eta Jon Paredes Txiki hil zuten. Ipar Euskal Herriko manifestazioetan oihalezko pankarta handi bat agertu zen Otaegiren eta Garmendiaren aurpegiekin, eta pankarta hura da orain Monzon-Olaso museo etxean dagoena.
Txomin Iturberen alkandora, bala zuloa eta guzti
1974ko maiatzaren 4an tirokatu zuten Txomin Iturbe ETAko buruzagia, Miarritzeko Marion Lakuaren etorbidean. Besoan eta sorbaldan zauritu zuten, eta alkandoran geratu zen balaren aztarna. Iturbek Cerlo sendiaren etxean hartu zuen babes, eta han geratu zen alkandora. Odol aztarnak garbitu eta bala zuloa josi zuten. Cerlo familiari esker, museoan dago alkandora orain.
'Prolegómeno para un dialogo político' closeElkarrizketa politiko baterako hitzaurrea.dokumentu originala
1999an hasi ziren PSEko eta Batasuneko kideak elkarrizketak izaten, 2005eko eta 2006ko Loiolako prozesuaren atarikoak. 2002ko azaroan, Txillarre baserrian bildu ziren Arnaldo Otegi, Jesus Egiguren, Paco Egea eta Pernando Barrena. Elkarrizketa horien abiapuntu izan zen dokumentu bat gordea du fundazioak, Txillarre baserriko Pello Rubiok emana.
Jatorrizko artikuluak
-
«Memoria proiektu oso» baten hari muturrak
Ane Insausti |
|