Liburu aurrerapena

Txillarreko sukaldeko kontuak

Asteartean ‘Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa’ liburua aurkeztuko du Elkarrek, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek idatzia. 2005-2006ko bake prozesura iristeko bere baserrian egositakoaren berri eman du Rubiok. Hemen bost atal.

(ID_15217675) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-08-12, Elgoibar. Pello Rubio Txillarre baserriaren jabea
Pello Rubio Elgoibarko Txillarre baserriko jabea, abuztuaren 12an, baserrian bertan. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Baserrira. Frustraziotik paradisura

Enpresan izan genuen egoera ikusita, pentsatu nuen hori ez zela nire iraultza. Ez zen nire erreboluzioa. [...] Gu bakoitza ginen Che Guevara bat. Eta gerora konbentzitu nintzen lehenengo norberaren iraultza egin behar dela, pertsonala. Beti nahi dugu beste denak aldatzea baina gu aldatu gabe. Eta klaro, niretzat baserria hori izan da. Neuk nire erreboluzio indibiduala egin dut, pertsonala. [...]

Ni baserrira etorri nintzen. Baserrian nire proiektuekin hasi nintzen. Ez nekien ezer, ezta letxuga bat sartzen ere. Baserri zaharra bota eta berriz egin beharra, berria eraiki, muntatu, ikasi. Traktore bete letxuga bota nituen... nire akatsa zen, gaizki egiten nuelako lana.

Baina bizitzak erakutsi zidan ze kapazitate daukagun pertsonok, barruko indarra eta barruko, ez dakit nola deitu... Barruko indarra martxan jartzen dugunean, zer kapazitate daukagun gauzak egiteko.

Askok ez dute barruko indar hori ateratzen, eta hor geratzen dira. Baina kapazitate bat daukagu. Nik ez nuen behin ere pentsatuko egin ditudan gauza guztiak egingo nituenik... ezta burutik pasatu ere! [...]

***

Elkarrizketen hasiera

Arnaldo Otegi eta Paco Egea. Bueno, ni nonbait, ikusten duzuen bezala, gauza zailak eta konplikatuak gustatzen zaizkidana naiz. Eta klaro, ailegatu ginen 1999ra, eta bururatzen zait, egun batetik bestera, bat-batean, zera egin behar dudala, bilera bat egin behar dut, Paco Egea alde baterik eta Arnaldo Otegi bestetik. Bi mundu desberdin batu nahi ditut. Zergatik ez?

Paco Egea Diputazioan ere egon zen Alderdi Sozialistatik lanean ekonomiaren inguruan. Eusko Jaurlaritzan ere bai, Ardanzaren gobernuan, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua izan zen. Eta esan nuen: Zergatik ez? Batu egingo ditut.

Batari eta besteari komentatu, eta biek baiezkoa eman zidaten. Hasi ginen elkartzen 1999an. Urte guztian egon ginen hirurok bakarrik elkartzen. Hirurok elkartzen ginen eta hitz egiten genuen errespetu baten barruan. Bakoitzak bere posizio politikotik. Bere posizio politikotik, baina errespetuarekin. Denetik hitz egiten genuen. Momentuan zer zegoen edo zer ez zegoen. Batzuetan ekonomia zen, enpresak, Elgoibarko enpresak, Rodisari buruz... Besteetan presoak, ilegalizazioak, legalizazioak... denetik zegoen. Beti zegoen zerbait egiteko eta esateko.

Ba, izango ziren, ez dakit ba, lauzpabost afari gustura batean. Afaldu, edan, berriketan egin eta etxera.

***

ETAren gutuna

ETAren lehenengo karta heldu zenean uda zen. Abuztua. Jesus Extremaduran zegoen eta Arnaldo hemendik zebilen. Deitu nien biei, laster etorri ziren. Jesus Extremaduratik etorri zen. Gainera, gogoratzen naiz gazta bana ekarri zigula Arnaldo eta bioi. Extremadurako gazta jan behar genuela eta Extremadurako gaztarekin etorri zen.

Nik uste dut. Ez naiz fijo gogoratzen, baina uste dut zabaldu egin zutela sobre hori. Espainiako Gobernuarentzat zen karta hura, baina uste dut zabaldu egin zutela, gero beraiek nondik jokatu zezaketen jakiteko, ezta? Eta jaso eta gero, Jesus Santanderreko aireportura joan zen Alfredo Perez Rubalcabarekin elkartzeko, eta berari eman zion karta hori.

Hori izan zen lehenengoa, gero besteren bat ere etorri zen. Eta gero, hortik aurrera beste mahai bat jarri zen martxan, eta beraiek zeuzkaten euren komunikatzeko kanalak.

(ID_17592351516275) Pello Rubio, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren
Pello Rubio, Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren, 2018an, Txillarren. FOKU

***

Mahaikideak, tokia eta janaria

Mahai baten inguruan hiru gauza dira inportanteak niretzat. Bat da, alde batetik, konpainia. Mahai horretan daukazun konpainia. Gero lekua etorriko da: lekua gustura egoteko gunea izan behar da. Ez da berdina Txillarre moduko toki batean elkartzea edo zulo batean sartzea. Eta gero, azkena menua da. Pare bat arrautza txorizoarekin, mahai on batean, mahaikide on eta toki goxo batean, mundialak dira.

Ni saiatzen nintzen, neurri batean, bertako baserriko produktuak eta gauzak jartzen jatorduetan. Baserritar bezala, nahi nuen politikari haiek hauteskunde kanpaina egiten zutenean baserritarrekin gogoratzea. (barrez)

Eta orduan klaro, egiten nuen, adibidez, berakatz zopa. Gustatzen zitzaidan berakatz zopa eta, nola ez, txuleta batzuk atzetik. Eta babarrunak sakramentu guztiekin, postrerako mamia. Bakailaoa pil-pilean ere bai... Ni ez naiz gaur egunean hemen dauden sukaldari famatuak bezain ona izango, baina bakailao bat egiteko, edo onddoekin errebuelto bat! Bertan hartutako onddoak gainera. Horrelako gauzak egiten nituen. Azkenean ez zen ezer sobratzen.

Gogoratzen naiz behin batean, gabonak ziren eta Pernando Barrenak deitu zidan telefonoz. «Hi, Pello, emaidak berakatz zoparen errezeta». Telefonoz eman nion. Dirudienez, bere asmoa zen familiari berakatz zopa bat egitea, eta, bueno, ez dakit nolakoa atera zitzaion, baina jan zutela esan zidan. Baina ez zitzaiola nirea bezalakoa atera. Lehenengo aldian ez zion puntua harrapatu, dirudienez.

Ogia ere baserrikoa ekartzen nuen bazkari haietarako. Pernandok esan zidan behin, bere aita oso ogi-zalea zela eta gustatuko litzaiokeela ogi hori. Orduan, handik aurrera, bere aitarentzat beste ogi bat ekartzen nuen. Bat bazkaltzeko, eta bestea Pernandoren aitari eramateko.

Horrelako detaileak dira, txikiak, baina zuk detaile txiki askorekin egiten duzuna da giro atsegin bat sortu. Eta nire helburu nagusia horixe zen, giro hori sortzea detaile txiki askorekin.

***

Pertsona klabeak 

Hemen bitalak izan dira pertsonak prozesu hau eramateko. Nire ustez, ezinbestekoa izan da Arnaldo Otegi eta Jesus Egiguren juntatzea, hemen kointziditzea. Hori oinarrizkoa izan da prozesu honek lau urte irauteko. Eta gero pasa zena Zapaterorekin... eta gero nola joan den guztia... Ez baziren bi pertsona horiek izan, gaur ez geundeke hemen honetaz hitz egiten. Gaur beste gauza bat izango litzateke.

Jesusek, adibidez, Alderdi Sozialistakoa izan arren, ulertzen zuen oso ondo hau hemen konpondu behar zela. Aizarnako puntakoa da eta garbi zeukan bertako jendea izan behar zela. Ez dira Madriletik etorriko hona hemengo gauzak soluzionatzera. Eta hori, beraiek garbi zeukaten. Guk ez badugu konpontzen, hau ez du inork konponduko. Madrilen ez dute konponduko.

Gero etorriko dira gerokoak. Prozesuan, klaro, neurri batean Zapateroren gobernuak hartu behar du parte eta kontatu behar da eurekin. Baina hasiera hori guztia hortxe dago. Nik uste dut sekretu guztia bi pertsona horiek kointziditzean dagoela. Eta helburua zela gatazka hau konpontzea eta amaitzea.

LIBURUAREN FITXA

(ID_17592415018495) \'Txillarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa\' liburua, El
  • Egileak: Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin.
  • Argitaletxea: Elkar.
  • Orrialdeak: 116.
  • Prezioa: 13,50 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.