Memoriaren haria txatalez txatal josten da, hari muturrez hari mutur. Baina, batzuetan, txatal horiek guztiak elkartzea ez da erraza izaten, han eta hemen banatuta egoten dira eta. Are gehiago frankismoak gauzatutako «espoliazioa» tartean bada. Txatalak biltzeko zereginean dihardu Olaso Dorrea fundazioak: adierazi dute Monzon-Olaso museo etxeko bilduma handitzeko asmoa dutela, «memoria proiektu oso bat» sortze aldera.
Jendeak badu memoria gosea, Irati Jimenez Olaso Dorrea fundazioko lehendakariak eta Urko Aiartza zuzendariak azaldu dutenez. Horren erakusgarri dira orain arte jaso dituzten eskaerak, ekarpenak eta laguntza. Donostian eman dituzte xehetasunak, Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan. Orain arte jasotako zortzi pieza erakutsi dituzte aurkezpenean.
Hain zuzen, XX. mendetik gaur egunera arteko objektuak bildu nahi dituzte, garai horren lekuko eta erakusgarri direnak: hala, xede dute abertzaletasunaren sorrera, 1936ko gerra, frankismoa, 1960ko hamarkadako herri suspertzea, trantsizioa eta haren ondorena aztertzea. Eta hasiak dira horretan, Telesforo Monzonen, haren emazte Maria Josefa Ganuzaren eta anaia Isidro Monzonen ibilbideen hariari jarraituz.
Proiektu horren hurrengo erronka izango da epe ertainean beste areto bat eraikitzea. Horretarako, ondarea bildu nahian ari dira, eta hiru modu daude ekarpenak egiteko: balio historikoa, etnografikoa eta artistikoa izan dezaketen objektuak dohaintzan emanez; proiektuan ekarpena eginez norbere gaitasun profesionala baliatuta, edota dohaintza ekonomikoa eginez —horretarako berritu zuten ohorezko babesle izeneko figura, aldi baterako laguntza ematekoa—.
Era berean, iragarri dute Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren zenbait objektu «hunkigarri» jaso dituztela, eta abenduan erakusketa bat irekiko dutela, haren jaiotzaren 125. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Objektu horietako bi erakutsi dituzte aurkezpenean.
Sabino Aranaren lanen mikrofilmak
«Copia 7. Micro film de las obras de Arana-Goiri’tar Sabin. Conviene preservarle del calor y de la humedad» irakur liteke piezetako batean [Zazpigarren kopia. Arana Goiri'tar Sabin-en obren mikrofilma]. Izan ere, Telesforo Monzonek mikrofilmetan gordetzen zituen Sabino Aranaren obrak. Zehazki, zazpigarren kopia gorde zuen Monzonek, Aranaren obra galdu ez zedin. Kopia hori, baina, desagertu egin zen Monzonek Donibane Lohizunen (Lapurdi) zuen etxetik, 1980ko hamarkadan, eta galduta egon da urte askoan. Harik eta aurten herritar anonimo batek Olaso Dorreari itzuli dion arte.

Estepan Urkiaga 'Lauaxeta'-ren gabardina
Aurten 125 urte bete dira Lauaxeta jaio zenetik. Eta haren bi objektu jaso ditu dohaintzan fundazioak, familiak emanda. Batetik, fusilatu zutenean eskuan zeraman gurutzea, familiak fusilamenduaren lekuko izan zen elizgizonari esker eskuratu ahal izan zuena. Bestetik, gabardina, bere azken egunetan jantzi zuena. Hainbat jenderen eta senideren eskuetatik igaro zen gabardina, eta, fusilamenduaren ostean, Concha Arrazola izeneko emakume batek jaso zuen —Emakume Abertzale Batzako kidea zen, eta eskatu zioten jantzia nonbait gordetzeko—. Ondoren, Txaber Erraztiren esku geratu zen: Laudioko etxe batean gorde zuen, armairuko meza jantzien artean. Berrogei urtez eduki zuten han gordeta, eta, 2007-2008 inguruan, senitartekoen eskuetara itzuli zen.

Antonio Goikoetxea Egaña gudariaren uniformea
Soraluzetarra (Gipuzkoa) zen Goikoetxea, Eusko Abertzale Ekintzako kidea. Elgoibarrera (Gipuzkoa) ezkondu zen, eta han harrapatu zuen altxamendu faxistak. Barakaldo batailoi sozialistako kidea izan zen hasieran, eta, gero, Amuategi batailoi sozialistako tenientea. Morkaiko mendiko borrokaldian hil zen, faxisten artean. Haren uniformea jaso dute fundazioko kideek, familiaren eta Elgoibar 1936 elkartearen bitartez.

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren 'Igarobide' dokumentuak
EAJri eta Agirre lehendakariari lotuta aritu ziren Urresti eta Letamendi gerra garaian. Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren eta Karmele filmaren ondorioz egin dira ezagun. Erbestean bizi izan ziren, Venezuelan, eta hara joateko erabilitako dokumentazioa jaso dute fundazioko kideek, senideen ekarpenei esker. Haien ezaugarri fisikoak eskuz idatzita irakur litezke bertan —begien kolorea, ilearena, azalarena...—, eta baita ofizioa, jaioterria eta bizitokia ere. Erbestetik itzuli, eta frankisten torturen ondorioz hil zen Letamendia, 1950ean, presondegian zegoela. Urresti, berriz, 1975ean itzuli zen sorterrira, Ondarroara (Bizkaia). Herri Batasunera hurbildu zen orduan, eta zinegotzi izan zen herrian, HBren ordezkari gisa.

Otaegiren eta Garmendiaren pankarta
Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendia Tupa ETAko kideei heriotza zigorra ezarri zien frankismoak, nahiz eta gerora Garmendia ez baizik eta Jon Paredes Txiki hil zuten. Ipar Euskal Herriko manifestazioetan oihalezko pankarta handi bat agertu zen Otaegiren eta Garmendiaren aurpegiekin, eta pankarta hura da orain Monzon-Olaso museo etxean dagoena. Alderik alde zabalduta erakutsi dute, Daniel Velez argazkilariak protestetan ateratako argazkiekin lagunduta.

Txomin Iturberen alkandora, bala zuloa eta guzti
1974ko maiatzaren 4an tirokatu zuten Txomin Iturbe ETAko buruzagia, Miarritzeko Marion Lakuaren etorbidean. Besoan eta sorbaldan zauritu zuten, eta alkandoran geratu zen kolpatu zuen balaren aztarna. Iturbek Cerlo sendiaren etxean hartu zuen babes, eta han geratu zen alkandora. Odol aztarna guztiak garbitu zizkioten, eta baita bala zuloak josi ere. Baina aztarna argi ikusten da oraindik. Cerlo familiari esker, museoan dago alkandora ere.

'Prolegómeno para un diálogo político' dokumentuaren originala
1999an hasi ziren PSEko eta Batasuneko kideak elkartzen eta elkarrizketak izaten, 2005eko eta 2006ko bake prozesua gauzatu zedin gerora. 2002ko azaroan, Txillarre baserrian bildu ziren Arnaldo Otegi, Jesus Egiguren, Paco Egea eta Pernando Barrena. Elkarrizketa horien abiapuntu izan zen dokumentu bat gordea du fundazioak, Txillarre baserriko Pello Rubiok emana.
