Pandemia amaitzeko egoera «ezin hobea» dela esan du OMEk

  • 185 hitz
  • Albistea entzun

Irailaren hasieran, 2020ko martxotik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen. COVID-19aren aldaera gehiago agertu baino lehen, aukera hau ezin dela galdu adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek.

Baliteke koronabirusaren pandemiaren amaiera gertu egotea. Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiarena da mezua. COVID-19aren aldaera gehiago agertu baino lehen, aukera hau «aprobetxatu» beharrekoa dela esan du. «Abantaila posizio batean gaude, eta helmuga ikusten dugu, baina hau da korrika egiteari uzteko momenturik okerrena». 

Hala ere, nabarmendu du garrantzitsua dela herrialdeek probak eta zaintza lana egitea aurrerantzean ere. «Frogatu da birusa zenbat eta gehiago mugitu orduan eta arrisku handiagoa dagoela mutazioak izateko», erantsi du Maria Van Kerkhovek, OMEko epidemiologo nagusiak.

«Frogatu da birusa zenbat eta gehiago mugitu orduan eta arrisku handiagoa dagoela mutazioak izateko»

Maria Van Kerkhov (Osasunaren Mundu Erakundeko epidemiologo nagusia)

«Desinformazioaren epidemia»

The Lancet aldizkariak ere koronabirusaren pandemiarekin lotutako txosten bat argitaratu du, munduko estatuek pandemian zer jarrera izan zuten aztertzen duena. Txostenaren arabera, «desinformazioaren epidemiak» eta herrialdeen arteko lankidetzarik ezak egoera zaildu zuten. 

Testuan nabarmendu dute pandemiaren hasieran gobernu gehienek ez zutela jakin egoera egoki bideratzen. Kudeaketa horren erakusgarri da, adibidez, OMEk berandu hartu izana erabaki anitz, hala nola pandemia egoera ezartzea eta birusa airetik transmititzen ahal dela aitortzea. Horren ondorioz, 17,1 milioi pertsona hil dira. Heriotza horietako asko «eragotzi» zitezkeela dio txostenak.

«Bada garaia osasun publikoa eta garapen jasangarria sustatzen dituen ekintza kolektibo bat egiteko, pandemia amaiarazteko»

Jeffrey Sachs (Lancet Batzordeko burua)

Dokumentuak zenbait gomendio biltzen ditu pandemia amaitzeko, baina, dioenez, horiek aurrera eramateko beharrezkoa izanen da nazioarteko lankidetza. Proposamen horien artean dago herrialdeek txertaketa estrategia bat martxan jartzea, txertaketa orokorra eta prebentzio neurriak bateratuko dituena. Talderik zaurgarrienak babesteko planak eta behaketa neurriak indartzea ere gomendatzen du.«Bada garaia osasun publikoa eta garapen jasangarria sustatzen dituen ekintza kolektibo bat egiteko, pandemia amaiarazteko», esan zuen Jeffrey Sachs Lancet Batzordeko buruak. «Baditugu gaitasun zientifikoa eta baliabide ekonomikoak hori egiteko», gaineratu du.

Jatorrizko artikuluak