Pandemia amaitzeko egoera «ezin hobea» dela esan du OMEk

Erakundeko zuzendari nagusiaren iritziz, aukera hau «ezin da galdu». Joan den astean, 2020ko martxotik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen

Osasun langile bat, adineko bat artatzen erietxe batean. DOMENECH CASTELLO /EFE.
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Baliteke koronabirusaren pandemiaren amaiera gertu egotea. Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusiarena da mezua. COVID-19aren aldaera gehiago agertu baino lehen, aukera hau «aprobetxatu» beharrekoa dela esan du. «Abantaila posizio batean gaude, eta helmuga ikusten dugu, baina hau da korrika egiteari uzteko momentu okerrena». Izan ere, joan den astean, 2020ko martxoaz geroztik egon den hildako kopururik «apalena» erregistratu zen.

Ikusi gehiago:Paula Sanchez Diz, ikertzailea: «COVID iraunkorra duten eriak abandonatuta dauzka sistemak»

Hala ere, nabarmendu du garrantzitsua dela herrialdeek probak eta zaintza lana egitea aurrerantzean ere. «Frogatu da birusa zenbat eta gehiago mugitu orduan eta arrisku handiagoa dagoela mutazioak izateko», erantsi du Maria Van Kerkhovek, OMEko epidemiologo nagusiak.

Hori dela eta, pandemia amaitzeko zer egin behar den biltzen duten sei txosten argitaratu ditu OMEk. Dokumentuok azken 32 hilabeteetan ikasitakoarekin osatu direla nabarmendu du Adhanomek. «Txostenek aplikatu beharreko ekintza jakinen inguruko informazioa biltzen dute».

Pandemia garaiko okerrak

The Lancet aldizkariak ere koronabirusaren pandemiarekin lotutako txosten bat argitaratu du, munduko estatuek pandemian zer jarrera izan zuten aztertzen duena. Txostenaren arabera, «desinformazioaren epidemiak» eta herrialdeen arteko lankidetzarik ezak egoera zaildu zuten. Arlo hauetan lan egiten duten 28 adituren artean osatu dute lana: politika publikoak, gobernantza, epidemiologia, txertaketa, ekonomia, nazioarteko finantzak, jasangarritasuna eta osasun mentala.

Testuan nabarmendu dute pandemiaren hasieran gobernu gehienek ez zutela jakin egoera egoki bideratzen. Kudeaketa horren erakusgarri da, adibidez, OMEk berandu hartu izana erabaki anitz, hala nola pandemia egoera ezartzea eta birusa airetik transmititzen ahal dela aitortzea. Horren ondorioz, 17,1 milioi pertsona hil dira. Heriotza horietako asko «eragotzi» zitezkeela dio txostenak.

Dokumentuak zenbait gomendio biltzen ditu pandemia amaitzeko, baina, dioenez, horiek aurrera eramateko beharrezkoa izanen da nazioarteko lankidetza. Proposamen horien artean dago herrialdeek txertaketa estrategia bat martxan jartzea, txertaketa orokorra eta prebentzio neurriak bateratuko dituena. Talderik zaurgarrienak babesteko planak eta behaketa neurriak indartzea ere gomendatzen du.«Bada garaia osasun publikoa eta garapen jasangarria sustatzen dituen ekintza kolektibo bat egiteko, pandemia amaiarazteko», esan zuen Jeffrey Sachs Lancet Batzordeko buruak. «Baditugu gaitasun zientifikoa eta baliabide ekonomikoak hori egiteko», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.