Ormuzko itsasartea eta petrolioaren merkatua aztoratu duen gerra
Persiar golkoak eta Ormuzko itsasarteak munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru pasatzen ikusi dute azken urteotan. Israelek eta AEBek Iranen aurka hasitako gerra dela eta, ia guztiz geratu da trafiko hori. Artikulu honetan, gatazka horrek izandako ondorioak azaltzen saiatu gara, zenbait gakoren bidez.
Zenbait gakoren bidez azalduko dugu Iranek eta Israelek Iranen aurka abiarazitako gatazkak nola eragin dion petrolioaren merkatuari. Hona hemen gako nagusiak:
Garestitu al da petrolioa?
Israelek eta AEBek Iranen aurka eraso egin aurreko egunean —otsailaren 27an— 73 dolarretan kotizatu zen Brent upelaclosePetrolioaren prezioaren erreferentzia nagusietako bat. . Lerro hauek idatzi zirenean 101 dolar zen upel horren prezioa, %38 garestiago, beraz. Gasolindegietara ere iritsi da horren oihartzuna. Urte hasieran A gasoliocloseAutoek eta kamioiek erabiltzen duten diesel erregaia. litro baten prezioa 1,38 euro inguru zen; orain 1,75 eurotik gora dago, eta %23 garestitu da, gutxi gorabehera. Gasolina ez da hainbeste garestitu, baina gora egin du haren prezioak ere, %11 inguru zehazki.
Zer garrantzi du Ormuzko itsasarteak petrolioaren trafikorako?
Handia. Donald Trump AEBetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erasoa hasi aurreko egunetan, hogei bat milioi upel igarotzen ziren bertatik. Trafiko hori %90 gutxitu da erasoak hasi eta Iranek pasabidea itxi ostean. Itsasartetik igarotzen ziren petroliontzi gehienek —2,1 milioi upel inguru igarotzen ziren egunero— Iranek ekoitzitako petrolioa zeramaten, eta petrolio horrek Txina zuen helmuga, herrialde hori baita Irango petrolioaren erosle ia bakarra.
Non da Ormuzko itsasartea?
Asian dago, Persiar golkoaren eta Omango golkoaren artean. Iparraldean Iran du, eta hegoaldean, Arabiar Emirerri Batuak eta Oman. 55 eta 95 kilometro arteko zabalera du.
Ze herrialderi eragiten die itsasartearen itxierak?
Arabiar penintsulako herrialdeei eragiten die, petrolio ekoizle handiak baitira guztiak: Saudi Arabia, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar. Horrez gain, Iraki ere kalte handia egiten dio, bertatik ateratzen baitu ekoizten duen petrolioa.
Ez al dute bide alternatiborik, Ormuztik igaro gabe?
Bai. Saudi Arabiak badu aukera Itsaso Gorrira jo eta Suezko kanaletik edo Bab el-Mandeb itsasartetikcloseItsaso Gorriaren eta Adengo golkoaren arteko itsasartea. ateratzeko petrolioa. Hain zuzen ere, egunero zazpi milioi upel inguru ateratzen dituzte bi pasabide horietatik. Horretarako funtsezkoa da Saudi Arabiaren azpiegitura bat: Ekialdetik Mendebalderako Hodia. Petrolio hodi erraldoia da, 1.200 kilometrokoa, eta 1980an eraiki zuten, Iranen eta Iraken arteko gerraren ostean. Itsaso Gorriko pasabideak ere baditu bere arriskuak, Yemengo huthiek ere —Iranen aliatu dira— eraso egin izan baitiete petroliontziei Bab el-Mandeb itsasartetik igarotzean.
Ze herrialderi egiten dio kalte handien itsasartearen itxierak?
Asiako herrialdeak dira herrialde arabiarretako petrolioaren kontsumitzaile nagusiak, eta Ormuzko pasabidea da biderik motzena eta merkeena haietara iristeko. Txina da hango petrolioaren kontsumitzaile nagusia, erosten duenaren laurden bat handik ekartzen baitu. Horrez gain, Japonia, Hego Korea eta India ere erosle handiak dira. Europako Batasunari ez dio hainbeste eragiten, kontsumitzen duen petrolio gehiena Norvegiakoa eta AEBetakoa delako; baina petrolioa garestitzen bada, denentzat garestituko da, eta, beraz, kontsumitzaile guztiei egingo die kalte.
|