Ormuzek itxita jarraitu behar duela esan du Mojtaba Khameneik, «etsaiari presio egiteko»

Brent upela berriro ehun dolar ingurura igoarazi dute Persiar golkoko azken erasoek. Saudi Arabiaren eta Arabiar Emirerri Batuetako petroliobideak gehiago erabiltzen ari dira.

Liberiar bandrako petrolio ontzi bat Mumbaira iristen gaur, Ormuzko itsasartea igaro ostean . DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Liberiar banderako petrolio ontzi bat gaur Mumbaira (India) iristen, Ormuzko itsasartea igaro ostean. DIVYAKANT SOLANKI / EFE
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 12a
10:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erasopean, Iranek mundua estu hartzen jarraitzeko asmoa du, horretarako Ormuzko itsasartearen giltza erabiliz. Mojtaba Khamenei Irango lider berriak iragarri du Ormuzek itxirik jarraituko duela, «etsaiari presio egiteko».

Khameneik esan du ere AEBren eta Israelen base militarren kontra jotzen segituko duela. «Ixten dira edo erasoak izango dira». Gerra honetako lehen bonbardatzeetan zendutako aitaren tokia hartu ostean Khameneik egin duen lehen adierazpen publikoa izan da, eta Irango telebistan irakurri dute.  Aurretik, sare sozialetan zabaldutako mezuak, Irango lider berriak «fronte berriak» zabaltzeko aukera aipatu du, «haietan etsaiak esperientzia gutxiago duelako eta zaurgarriago delako».

Gorabehera handiko egunetan, gaur gorakoa egokitu zaio petrolioaren prezioari. Atzo 90-92 dolarrean salerosi ondoren, Brent upela berriro ehun dolarrera iritsi da gaur goizean, eta indargabetu egin du petrolio erreserbak merkaturatzeko erabakiaren eragina. Oraindik gauzatu ez den asmoak baino indar handiagoa izan dute bi gertakarik: Iranek petroliontzi gehiagori egin die eraso Persiar golkoko uretan, eta eskualdeko ekoizle handiak ekoizpena gutxitzen ari dira, biltegiak beteta dauzkatelako eta beren petrolioaren parte bat merkaturatzeko modurik ez dutelako.

Irakeko uretan bi petroliontziri eraso egin dio bart Iranek: Maltako banderako Zefyros-i eta Marshall Uharteetako Safesea Vishnu-ri. Lehenengoaren kasuan, petrolioa ontzi batetik bestera aldatzen ari zirela, lehergailu batek jo du airetik. Sua piztu da ontzian, baina 22 marinelak salbatu ahal izan dituzte.

Irak da, hain zuzen ere, AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako gerraren albo kalte handietako bat. Batetik, politikoki desegonkortasuna areagotu dio, Iranek oraindik itzal handia duelako Iraken barne egoeran, milizia xiiten ondorioz batez ere. Ekonomikoki ere min handia egin diote erasoek, Persiar golkoko portuetatik irteten baitira haren petrolio esportazio gehienak, eta gaur egun ia-ia geldirik baitaude, golkoan eta Ormuzko itsasartean gertatu diren erasoen ondorioz.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak gaur zabaldu dituen datuen arabera, gerraren aurretik egunero Ormuzko itsasartea zeharkatzen zuen petrolioaren fluxua —hamabost milioi upel petrolio gordin eta beste bost milioi deribatu— %90 murriztu da azken asteetan. Datu oso zehatzak jakitea zaila da, inguruan dauden petroliontziak beren posizioaren berri ematen duten gailuak itzali dituztelako, beren nondik-norakoen berri ez emateko.

Iranek esportatzen jarraitzen du

Gaur egun igarotzen ari den %10 horren zati handi bat Iranen petrolioa dela ulertarazten du The Wall Street Journal (WSJ) egunkariak gaur kaleratutako berri batek. Haren arabera, gerra hasi zenetik gutxienez zazpi petroliontzik zeharkatu dute Ormuzko itsasartea, eta azken sei egunotan 2,1 milioi upel atera dira egunero handik, otsailean batez beste esportatutako bi milioi upelak baino gehiago. Petrolio hori Txinara doa, hura baita Irango upel erosle ia bakarra AEBek bahimendua ezarri ziotenetik. 

Irango petrolioa eta gasa ustiatzeko instalazioek ez dute, orain arte, AEBen eta Israelen erasorik jaso; uste denez, Washingtonek ez dituelako ekonomikoki hipotekatu nahi Teherango gaur egungo erregimena ordezkatuko luketen agintari adeitsuago batzuk.

Petrolio upelen prezioa, pantaila batean. FILIP SINGER / EFE
Petrolio upelen prezioa, pantaila batean. FILIP SINGER / EFE

Bereziki esanguratsua izan da misilik ez erortzea Kharg uhartean. Irango kostaldetik 25 kilometro eskasera dagoen uharte txiki bat da —hogei kilometro koadro ditu—, eta handik abiatzen dira Irango petrolio eta gas esportatzen duten itsasontzi gehienak, Irango kostalde kontinentalak oso sakonera txikia duelako halako ontzientzat. Gerra hasi denetik, espekulazioak izan dira AEBak uhartea konkistatzen saiatuko zirela Irango esportazioak geratzeko, baina halakorik ez da gertatu.

Petroliobideak

Ormuzko itsasartea ia itxita dagoenez, eskualdeko ekoizle handiak bide alternatiboak bilatzen ari dira ahalik eta petrolio eta gas gehiena esportatzeko. Saudi Arabiak badu Ormuzko itsasartea saihesteko bide bat: Ekialde-Mendebalde petroliobidea. Persiar golkotik gertu dauden petrolio hobi erraldoietatik Itsaso Gorrira doan petroliobide bat da, eta oraintxe oinarrizko azpiegitura bat da fluxuei eutsi ahal izateko.

1.200 kilometro luze da, eta 1980ko hamarkadan eraiki zuten, Iranen eta Iraken arteko gerrak Persiar golkoa gune arriskutsua bilakatu zenean —Irakek Kharg uharteko azpiegiturak txikitu zituen—. Baina ez da askorik erabili, arrazoi ekonomikoak direla eta. Izan ere, Asiako herrialdeak dira golkoko petrolioaren erosle nagusiak, eta Ormuzko itsasartea da biderik motzena eta, hortaz, merkeena, upelak bere helmugara iristeko. 

Petroliobidearen mendebaldeko muturrean Yanbu portua dago, eta hango bidean doaz dagoeneko 30 petroliontzi, Financial Times egunkariak kaleratu duenez. Ingelesez supertanker izena jasotzen dutenak dira, beren sotoetan bi milioi upel garraiatzeko gai baitira. 

Yanbutik bi bide egin ditzakete petroliontziek. Iparraldera joan daitezke, eta, Suezko kanala igarota, Mediterraneoan sartu Europan banatzeko. Hegoaldera joanez gero, berriz, Bab el-Mandebeko itsasartea zeharkatu behar dute, eta horrela sartuko dira Adengo golkoan eta Indiako ozeanoan. 

Azken pasabide horrek ere baditu bere arriskuak. Izan ere, Yemen dago Ba el-Mandebeko itsasartearen ekialdeko zatian, eta hango gerra zibil amaiezinean dagoen eragileetako batek, huthiek, sarri bonbardatu dituzte handik igarotzen ziren itsasontziak. Gazan su etena hitzartu zutenetik, ordea, ez da erasorik izan, baina tentuz jokatzeko eskatu diete batez ere AEBetako ontziei, huthiak Iranen aliatuak direlako.

Zazpi milioi upel

Erasoen aurrean zaurgarria da Ekialde-Mendebalde petroliobidea ere, lurrazaletik doalako eta ez lurrazpian. Oraingoz ez da, ordea, halakorik izan, eta dagoeneko handitu da hodi horietatik doan petrolio kopurua. Dagoeneko bi milioi upel inguru dira egunean, baina zazpi milioira iritsi nahi duela jakinarazi du Aramco Saudi Arabiako petrolio konpainia publikoak —horietatik bi milioi Saudi Arabian fintzeko dira—. Hala balitz, Saudi Arabiaren petrolio gordinaren esportazioen zatirik handiena beteko luke, baina ikusteko dago gaitasun teknikoa ba ote duen horretarako, orain arte ez delako hainbeste erabili.

Gainera, konpondu gabe geratuko litzateke Saudi Arabiaren beste esportazio nagusia: petrolioaren deribatuak. Persiar golkoko findegietan tratatzen dute hango putzuetatik ateratzen den petrolio gordinaren zati bat, eta ondoren, Ormuzko itsasartea igarotzen duten itsasontzietan garraiatu ohi dute. Horren zati bat, gasolioa, bai iristen da Europara, eta hori da, hain zuzen ere, gasolioaren prezioa gasolinarena baino gehiago handitu izanaren arrazoietako bat. 

Habshan-Fujairah

Saudi Arabiakoa ez da, ordea, Ormuzko itsasarteko blokeoa saihesteko petroliobide bakarra. Arabiar Emirerri Batuek ere eraiki zuten beste bat 2012an, Habshan-Fujairah izenekoa. 360 kilometro luze da, eta Abu Dhabiko hego mendebaldeko petrolio eta gas putzuak Fujairah-ko portuarekin lotzen ditu, Omango golkoan. Gerraren aurretik 1,1 miloi upel garraiatzen ari zen egunero, baina gaur egun 1,8 milioi dira, IEAren arabera. Horrekin, Arabiar Emirerri Batuen petrolio esportazioen ia hiru laurden atera ahal izango lirateke handik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA