AEBek eta Israelek Iranen aurka piztu duten gerra sei gakotan

  • 525 hitz
00:00 /

Irani eraso eginda, gerra bat piztu dute Trumpek eta Netanyahuk Ekialde Hurbilean, eta kezka handia sortu mundu osoan. Gatazkaren gako nagusiak aztertu dituzte BERRIAko Berriketan podcasteko Iker Tubiak eta BERRIAko Mundua saileko koordinatzaile Igor Susaetak.

Gatazkaren hasiera

Otsailaren 28an Furia Epikoa deitutako eraso militarra abiatu zuten Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek Iranen aurka. Operazio horretan, Ali Khamenei Irango buruzagi nagusia hil zuten, eta baita hainbat buruzagi ere. Arduradun politiko eta militarrak ez ezik, zibil asko hil zituzten erasoetan. Besteak beste, oihartzun handia izan du eskola baten aurka egindako bonbardaketak, non 146 neskato hil baitzituzten. Khameneiren aurkako eraso horren ondoren, Iranek erantzun egin zuen, besteak beste, drone eta misilak jaurtiz Israelen aurka eta eskualdean AEBek dituzten base militarren aurka.

Zer herrialdetara zabaldu da gatazka?

Iranen eta Israelen ez ezik, gatazka Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialdetara zabaldu da orain arte. Besteak beste, Iranek eraso egin dio AEBetako base militarrak dituzten Persiar golkoko zenbait herrialderi, tartean Saudi Arabia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuei. Bestalde, Israelek Libanori eraso dio, Iranen aldeko Hezbollah milizia jotzeko aitzakian.

Zer garrantzi zuen Ali Khameneik?

Irango buruzagi gorena zen bi adar nagusitan: erlijiosoan eta politikoan. 1979an Persiako azken xah Mohammad Reza Pahlevi boteretik kendu zuenez geroztik, kargu garrantzitsuak bete ditu beti Irango Iraultzan. Ruholla Khomeini buruzagi nagusia hil arte hainbat kargu bete zituen Khameneik; besteak beste, Irango presidentea izan zen. Khomeini hil zenetik joan den astean Khamenei hil zuten arte, Irango buruzagi gorena izan zen Khamenei. Presidente izan zen garaian gertatu zen Iraken eta Iranen arteko gerra, eta orduan Mendebaldeak Iraken alde egin zuen. Ordutik Khameneik beti jokatu du mesfidantzaz AEBekin eta Mendebaldearekin, eta ahalegin handia egin du Iran militarki indartzeko.

Arma nuklearren inguruko negoziazioak

Iranek arma nuklearrak eskuratu zitzakeen beldur izan dira Mendebaldeko potentziak aspalditik, bereziki hori Israelentzat arriskutsua izan zitekeelako. Horregatik, hainbatetan negoziatu dute gai horri buruz Irango buruzagiek eta beste herrialdeetakoek. Hain zuzen ere, aurreko astean horren inguruko negoziazio betean ari ziren Omarren. 2015ean zenbait herrialdek Iranekin egindako akordioaren arabera, Iranek bere programa nuklearra helburu baketsuetara mugatzea onartu zuen; hau da, programa nuklearra energia nuklearra sortzeko erabiltzea, eta ez arma nuklearrak egiteko. Berriki IAEAk (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia) ohartarazi zuen Iranek %60 aberastutako laurehun kilo pasa uraniocloseOsagai kimiko erradioaktiboa, energia nuklearra sortzeko ezinbestekoa. zituela. Arma nuklearrak egiteko, aberastutako uranioak %90era iritsi behar du. Hala ere, IAEAk adierazi zuen ez zuela frogarik esateko Iranek arma nuklearrak zituela, baina haren ohartarazpenak alarma piztu zuen AEBetan eta Mendebaldean. AEBek eta Israelek 12 eguneko erasoaldi bati ekin zioten iaz, eta gero esan zuten Iranen gaitasun nuklearra guztiz mugatu zutela. 

Ondorio ekonomikorik izan al dezake gerrak?

Gatazkaren ondorioetako bat izan da Iranek Ormuzko itsasartea itxi duela. Hain zuzen ere, hortik igarotzen da munduan esportatutako petrolioaren %20 inguru. Esportatuko gasaren parte handi bat ere bertatik igarotzen da. Itxiera horren ondorioz, Europako gasa %75 garestitu da dagoeneko, eta petrolio upela %6. Asian are larriagoak dira ondorioak, inportatzen duen petrolioaren %75 hortik pasatzen baita. Beraz, gatazka luzatuko balitz, energiaren prezioan eragin handia izango luke, eta hortik ekonomiaren gainerako adarretara zabal liteke. Analisten arabera, gerrak kalte handia egin diezaioke ekonomiari, eta baliteke kalte horrek, hain justu, ekartzea ahalegin diplomatikoak.

Ekialde Hurbiletik harago heda daiteke gatazka?

Galdera horrek kezka handia piztu du. Orain arte, Iranek bidalitako drone batek Erresuma Batuak Zipren duen base militar bat jo du, eta horrek atezuancloseErne, adi. jarri ditu Europako herrialde batzuk. Besteak beste Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak ohar batean jakinarazi dute erantzun egingo dutela beren interesen aurkako erasorik balego.

Jatorrizko artikuluak