Sare sozialen debekuari buruzko zortzi galdera eta zortzi erantzun

  • 437 hitz

BERRIAko Mantangorri gehigarrian sare sozialen debekua landu dute aste honetan. Zortzi galderaren eta zortzi erantzunen bidez, informazio eta iritzi interesgarriak jaso dituzte.

1. Zer dira sare sozialak?

Informazioa partekatzeko Interneteko zerbitzuak dira. Argazkiak, bideoak eta bestelako informazioa sarean argitaratzeko balio dute, eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko modua ematen dute, gailu elektronikoen bidez. Asko dira: Instagram, Whatsapp, Tik Tok, Telegram, X, Facebook...

2. Zer gertatu da?

Euskal Herriko haur eta gazteei sare sozialak debekatzekotan dira. Espainiako eta Frantziako gobernuak hala proposatu dute; lege bana prestatu dute horretarako. Legeak onartuz gero, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 15 urtetik beherakoek ezingo lituzkete sare sozialak erabili, ezta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 16 urtez azpikoek ere.

3. Zer diote adituek?

Maialen Garmendia soziologoa EHUko irakaslea eta Europako Kids Online ikerketa sareko kidea da, eta urteak daramatza nerabeen inguruan ikertzen. Adin txikikoak ingurune digitalean seguruago ibiltzeko helburuarekin bat datorren arren, ez dago ados debekuarekin: «Jakin badakit ingurune digitalean segurtasuna bermatzea oso zaila dela, baina ez dut uste segurtasuna hobetzeko neurririk egokiena haur eta nerabeak hortik kanporatzea denik. Are gehiago, haurren eskubideak urratzen ditu debeku horrek».

4. Norena da edukien gaineko ardura?

Ez da erraza haurren adina egiaztatzea, ezta sareetako edukiak neurtzea ere. Garmendiaren iritziz, plataformek eurek kontrolatu beharko lukete sareetako eduki horiek egokiak diren ala ez: «Batez ere plataformen esku dago segurtasun hobea bermatzea sare sozialetan. Sare sozialetan dauden edukiak haurren edo nerabeen adinari egokitzen zaizkienak izatea komeni da. Sareak ahalegindu daitezela edukiak adin jakin batzuetara egokitzen». Gainera, uste du neurri horiek modu bateratuan hartu beharko liratekeela.

5. Zer indargune dituzte?

Sarritan sare sozialek kezka eragiten duten arren, soziologoak azaldu du alde onak ere badituztela. Informazioa bilatzeko eta lagunekin harremanetan jartzeko modua ematen dute, besteak beste. «Azken batean, aintzat hartu behar dugu nerabeentzat berdinekiko harremanak oso garrantzitsuak direla».

6. Eta zer arrisku?

Baina ukaezina da arriskuak ere hor daudela. Gehiegizko erabilerak arretan gabezia eragin dezake; ziberjazarpena ere hor dago, Internet bidezko jazarpena, presio estetikoa, besteen bizitza «perfektuak» ikusi eta konparaketak egitea... «Askotan egozten zaie sare sozialei hainbat arazoren erantzukizun osoa, eta hori ez da horrela. Hein batean izan dezake, baina oso zaila da kausa zein den adieraztea», dio Garmendiak.

7. Helduak eredu dira?

Haurrek eta nerabeek sarri helduek egiten dutena imitatzen dute, eta haiek egiten dutena egin nahi izaten dute. «Helduak ez gara inola ere eredugarri. Edozein autobus geltokitan edo autobusetan begiratzen badugu inguruan zer dagoen, denak daude telefonoa eskuan, heldu guztiak». Uste du haurrek zein helduek egin behar dutela ahalegina gailu digitalak zentzuz erabiltzeko.

8. Zein da konponbidea?

Garmendiak sare sozialen gaineko heziketan jarri du arreta, eta horretan gurasoek eta ikastetxeek duten zeregina nabarmendu. «Eskolan garatu behar da alfabetatze digitala, eta eduki digitalen inguruko jarrera kritikoa. Horren ardura nagusia eskolak izan dezake, gurasoek lagunduta, betiere». Bere ustez eraginkorragoa da teknologiaren erabilera ukatzea baino hura zertan den eta modu egokian nola erabili aztertzea.

Jatorrizko artikuluak