Kirmen Uribe idazleak sator batekin alderatzen du euskara. 'New Yorkeko munduak' podcastean dio udara honetan euskara gutxi entzun duela: «'Sator hizkuntza' diot espainolaren eta frantsesaren azpian bizi den hizkuntza bat delako».
Sator bat dago amaren baratzean. Lurra irauli eta ateratzen da inor zelatanclosebegiratzen, behatzen, espiatzen ez duenean. Hori esan dit amak. Amaren sator hori izan dut gogoan uda partean. Konturatu bainaiz euskara sator baten modukoa dela.
Ez dut euskara askorik entzun kalean. Ondarroan bai, nahiz eta han ere gero eta gutxiago. Bestela, nekez. Eta euskaraz aditzen nuenean ezustekocloseustekabeko bat izaten zen: 'Hara, euskaraz ari dira'. Sator hizkuntza diot espainolaren eta frantsesaren azpian bizi den hizkuntza bat delako gurea; ezkutuko hizkuntza bat. Norberak ezezagun bati euskaraz eginez gero, agian hark ere euskaraz egingo dizu, jakin badakitelako askok, baina normalena ez erabiltzea da.
Badakit nirea ez dela ikerketa serioa. Ez naiz datuei buruz ari, uda partean izan dudan inpresioaz baizik. Baina, nola liteke telebista, irratia, eskola eta prentsa dituen hizkuntza bat gero kalean ez entzutea?
Sator hizkuntza da euskara. Badakit satorra ez ikusteak ez duela esan nahi hor ez dagoenik. Lur azpian dago, tunelak ditu, sare handi bat. Bai, horrela ere bizi daiteke, edo horregatik beragatik, lur azpian ezkutatzen delako, bizi da satorra. Baina horrek ez du iraupena bermatzen. Are gutxiago euskararena.
Amak deitu dit. Katuak satorra harrapatu, eta etxeko atarian utzi dio.
Jatorrizko artikuluak
-
Sator hizkuntza
Kirmen Uribe |
|