'Txikitero', 'ibuprofeno' eta 'biziraun', Euskaltzaindiak onartu berri dituen hitzen artean

  • 330 hitz
  • Albistea entzun

Akademiak bere hiztegia eguneratu du. 'Pikillo', 'light', 'spam', 'squash', 'tirita', 'txupito'... hitz berri ugari onartu ditu. Horietako asko jada erabiltzen zituzten euskal hiztunek.

Euskaltzaindiak sei hilabetean behin eguneratzen du bere hiztegia. Aldi honetan, 211 sarrera berri onartu ditu zerrendan; azpisarrerak, 118. Horiez gainera, Euskaltzaindiak moldaketak egin ditu 306 formatan, eta erretiratu egin ditu beste batzuk: matarraski, besteak beste.

Euskaltzaindiak etenik gabe erreparatzen die bere hiztegian jasoak behar luketen hitzei; erne aztertzen du hitz gehiago bilduman sartzeko aukera oro. Dena dela, Miriam Urkia akademiaren arduradunak zehaztu du azkenaldi honetan «askotarikoa» izan dela jorraturiko materiala, baita ugaria ere. «Hitz berriei erreparatu bai, baina batez ere lehendik dauden sarrerak eta azpisarrerak berrikusten, osatzen eta zuzentzen ibili gara, lan hori ez baita inoiz amaitzen», adierazi du Urkiak.

Zaku gutxitan bildu ezinekoak dira Euskaltzaindiak berriki onartutako formak; askotarikoak dira, esparru ugaritan erabiltzeko modukoak. Hainbat, gainera, herritarrek aspaldi ekin zioten erabiltzeari. Dena dela, orain jaso dute akademiaren onespena. Aurrerantzean, Euskaltzaindiaren erabateko oniritzia izanen du igande goizetan ibuprofenoa hartu beharra duela dioenak. Akademiak onartu egin du hitz horren erabilera, baita parazetamol eta antiinflamatorio formena ere, besteak beste.

Letraz letra, bitxikeria ugari ageri dira onartu berri diren hitzen artean. B letraz hasita, esaterako, hauek dira jasotako hitzetako batzuk: bastante, bertzela, biziraun, bonbo, borobildu... Ez horiek bakarrik. Erritmo premian dabiltzanek ere badute erabil dezaketen beste hitz bat: batukada ez zen Euskaltzaindiak onartua orain arte; hemendik aurrera, bai.

'Batukada' ez zen Euskaltzaindiak onartua orain arte; hemendik aurrera, bai.

Aditzak ere bildu ditu akademiak. Adibidez: nola esaten zaio zerbait espero bezain ona ez denean atsekabea sentitzeari? Dezepzionatu? Bai: dezepzionatu. Berriki bildu dute hiztegian, arrankatu, edulkoratu, medikalizatu eta suspenditu aditzekin batera, besteak beste.

Bada gehiago ere: txikitero, pikillo, light, spam, squash, tirita, txupito... Onarpen horiek ikusirik, litekeena da harridura eragitea jende askorengan. Eskertuta agertuko dira beste hainbat; Berbaxerka jokoan buru-belarri ari direnak bereziki. Euskaltzaindiaren hiztegian agertzen diren hitzak baino ez baitira onartzen horretan.

Forma berriak jaso ez ezik, akademiak moldaketak egin ditu sarrera eta azpisarrera ugaritan. Hona hemen berrikuntza horietako batzuk: gehitu egin dira arrisku(-)egoera, orri(-)bazter, sexu(-)abusu; hil ala biziko, off-eko ahots, klima(-)aldaketa, klima(-)larrialdi eta esklusiban, esate baterako.

Jatorrizko artikuluak