Tasmaniako tigrea «berpiztu» nahi dute ingeniaritza genetikoa erabiliz

  • Albistea entzun

Dunnart animaliaren DNA editatu nahi dute, tilazino batena lortzeko. 1936an galdu zen Tasmaniako azken tigrea. Bere habitat naturalean sartu nahi dute berriro.

Zientzialari talde batek 1936an galdutako Tasmaniako tigrea «berpiztu» nahi du (Thylacinus cynocephalus) ingeniaritza genetikoaren bidez. Australiako martsupial harrapari bakarra izan zen tigre hori, eta aurreikusi dute hamar urteren bueltan burutuko dutela proiektua.

Isats lodidun dunnart batetik aterako dituzte zelulak (Sminthopsis crassicaudata), tilazino baten antzeko zelula bihurtzeko. Dunnarta sagu baten antzeko martsupial bat da, eta, zientzialarien esanetan, Tasmaniako tigreak bizirik daukan ahaiderik hurbilena da. Hori dela eta, animalia horren DNA «editatu» nahi dute, eta tilazino batena bihurtu.

Desagertutako martsupiala berpizteaz gain, haren enbrioia ere garatu nahi dute, eta entsegu hodi baten barruan edo buztan lodiko dunnart baten sabela erabiliz egingo dute hori. 

Tasmaniako tigrea bere habitat naturalean sartu nahi dute, eta espero dute bertan animaliak harraparia izateari eustea.

Tasmaniako tigrearen nondik norakoak

Tigre batenak bezalako marrak zituen martsupial bat izan zen Tasmaniako tigrea. Australia kontinentalean eta Ginea Berriko uhartean bizi izan zen, baina leku horietatik desagertu egin zen duela 3.000 urte inguru, klima aldaketaren ondorioz. Azken tigreak Tasmania uhartean gelditu ziren.

XVIII. mendean, europarrak Ozeaniara iritsi zirenean, Tasmania uhartean biltzeko ohitura hartu zuen populazioak, eta 1830 eta 1909 artean egindako gehiegizko ehiza kanpainak desagerrarazi egin zuen harraparia.

Tasmania uharteko tigreak duela 81 urte desagertu ziren: 1936an hil zen azkena, Hobarteko zoologiko batean. Hala ere, 1980ko hamarkadan eman ziren ofizialki galdutzat.

Jatorrizko artikuluak