2021eko argazki bilduma

/ 2021-12-22

Argazki Bildumak

Kapitolioa, inbaditua

Etxe Zuria uztera zihoanean ere eman zuen zer esana Donald Trump AEBetako presidenteak. Urtarrilaren 6an Joe Biden presidente hautatu berriaren garaipena egiaztatu behar zuten Kapitolioan, baina saioa eten egin behar izan zuten Trumpen aldekoek eraikina inbaditu zutenean, hark bultzatuta. Bandera konfederatuak, negarra eragiteko gasa, protestarien eta polizien arteko talkak, politikarien ebakuazioak... AEBetako historian betirako geratuko den irudia da. Otsailaren 9an 'impeachment' prozesua abiatu zuten Trumpen aurka, erreboltara deitzeagatik, eta hilaren 13an absolbitu egin zuten. Kongresuko batzorde batek ikerketarekin jarraitu zuen; urtearen amaieran, Trumpen hainbat laguntzaile eta kabinete burua daude nahastuta.

2021-01-06

JIM LO SCALZO, EFE

Euskal presoen aldeko mobilizazioa, pandemiara egokitua

Pandemiaren eraginez, euskal presoen eskubideen aldeko Bilboko ohiko manifestazio handiaren ordez, 238 mobilizazio egin zituzten urtarrilaren 9an, beste hainbeste auzo, herri eta hiritan, maskara jantzita eta eguraldi makurrari aurre eginez (irudian, Gasteiz). «Salbuespen egoera bukatzeko» eta presoen bizi baldintzak hobetzeko eskatu zuten milaka lagunek.

2021-01-09

Endika Portillo,Foku

Frantziako Poliziak Nathalie Flores hil zuen

Nathalie Flores zuen izena, 37 urte zituen, eta Baionan bizi zen. Frantziako polizia batek hil zuen, tiroz, urtarrilaren 11n. Baionako Marechal Soult etorbidean gertatu zen tiroketa, 01:10ean. Jerome Bourrier prokuradorearen arabera, Frantziako Poliziaren kontrol batetik ihes egiten saiatu zen emakumea, autoz, eta funtzionarioen ibilgailua jo zuen. Polizietako bat belaunean zauritu zuen, eta beste batek tiro egin zion emakumeari. Baionako ospitalera eraman zuten emakumea larrialdietako zerbitzuek, baina iritsi eta ordu batzuetara hil zen. Iluntzean mobilizazioak izan ziren polizia indarkeria salatzeko.

2021-01-11

Guillaume Fauveau

Muga, itxita

Urtarrilaren 14an prefekturak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga itxi zuen zortzi lekutan. Herritarrei entzungor egin, eta atentatu arriskua zegoela argudiatuta itxi zituen Eric Spitz prefetak. Hauek dira itxi zituzten bideak: Hendaia (Lapurdi) eta Hondarribia (Gipuzkoa) lotzen dituen itsasoko joan-jinkaria; Hendaiako merkantzia zubia; Lizuniagako lepoa; Lizarrietako lepoa; Sarako (Lapurdi) bidea, Berruet bentaren heinean; Izpegiko lepoa; Aldudeko ibarra (irudian, Esnazuko gaina); eta Iturzaetako lepoa.

2021-01-14

Bob Edme

Istiluak, ez-sansebastianetan

Pandemiagatik sansebastianak bertan behera geratu baziren ere, ez zen ohiko egun arrunt bat izan San Sebastianekoa Donostian. Festarik ez egon arren, Eneko Goiak bandera igo eta jaitsi zuen, eta jaitsieran sortu ziren istiluak. Jendea pilatu zela argudiatuta oldartu ziren udaltzainak Alde Zaharrean, eta egoera kontrolatu ezin zutela ikusi zutenean (Segurtasun Sailaren arabera, hainbat objektu jaurti zizkieten udaltzainei), Ertzaintzari eskatu zioten ekiteko. «Jotzeko egingo dugu tiro» zioen ertzainburu batek, bideo batean entzun zenez. Ondorioa: lau atxilotu, hainbat zauritu (horietako bat matrailezurra hautsita), eta edukiontzi batzuk erreta.

2021-01-20

Juan Herrero, EFE

Zubi azpitik kanporatuak

18 eta 22 urte bitartean zituzten. Yusef, Mohamed, Nasser, Ayoub, Hashim, Omar... gazte migratzaileak dira eta urtarrillaren azken asteburura arte Bilboko Euskalduna zubiaren azpian bizi ziren, kartoi, xafla eta oihal batzuekin egindako etxoletan; XXI. mendean, XX.ean beste migratzaile batzuk bizi izan ziren bezala. Batzuek txatarra biltzen lan egiten zuten, beste batzuek ikasi egiten zuten. Asteburu horretan, baina, Bilboko udaltzainek zubi azpitik bota zituzten. Zazpi egunez udal aterpe batean egon ziren, baina, hori uztera behartuta, kale gorrira itzuli ziren.

2021-01-30

Aritz Loiola, Foku

Eskuin muturra, soberan

Frantziara migrante sobera iristen dela salatu nahi zuten, baina eskuin muturra soberan dagoela erantzun zieten dozenaka herritarrek otsailaren 16an Urruñan. 150 pertsonak parte hartu zuten Batasun Nazionalaren ekintza salatzeko eragile andanak deitutako protestan. Tentsiopean iragan zen elkarretaratzea, eta istilu batzuk ere izan ziren. Frantziako Poliziak babestuta eta «Faxistak kanpora!» oihuen artean eskapatu behar izan ziren eskuin muturreko kideak.

2021-02-16

Bob Edme

Kantatzeagatik, kartzelara

«Terrorismoari gorazarre» eta «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izana egotzita, otsailaren 16an atxilotu eta espetxeratu zuten Pablo Hasel rap abeslari kataluniarra. Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ezarri zizkion delitu horiengatik. Halakorik ez zuela egingo iragarrita, Lleidako Unibertsitatean (Herrialde Katalanak) itxi zen. Mossoak hara joan ziren, eta atxilo eraman zuten, protestan ari ziren herritarren artean.

2021-02-16

Ramon Gabriel, EFE

Esploratzailea, Marten

Otsailaren 18an Perseverance ontziak 480 milioi kilometro inguruko eta sei hilabete eta erdiko bidaia amaitu zuen, Marten lur hartuta. Planeta horretan bizitzarik izan ote den ikertzeko bidali zuen Nasak 2020ko uztailaren 20an, eta otsailaren 18an lur hartu eta lehen argazkia bidali zuen (irudian). Ehunka urrats eta prozedura kritikoz osatutako lurreratze operazio bat izan zen, eta Nasak zuzenean eman zuen: espaziontzia orduko 19.500 kilometroko abiaduran iritsi zen Marteko atmosferara; han 1.300 gradu inguruko tenperatura jasan behar izan zuen; abiadura moteltzeko paraxut erraldoi bat zabaldu; gero suziri batzuekin are gehiago geldotu eta lur hartzeko lekura hurbildu; eta, azkenik, orduko 2,7 kilometroko abiaduran lur hartu zuen. Milioika pertsonek jarraitu zuten zuzenean.

2021-02-18

NASA

Kalea bete zuen Martxoaren 8ak

Pandemiagatik aurreko urteetako jendetza izan ez bazen ere, 2021ean ere mugimendu feministak kaleak bete zituen martxoaren 8an; milaka emakume atera ziren kalera (irudian, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza). Zaintza arloko aldarrikapenak eta arrazakeriaren kontrakoak nabarmendu ziren. Ipar Euskal Herrian grebara deitu zuten hainbat sindikatuk emakumeen eskubideen alde, eta jarraipen zabala izan zuen deialdiak zeinbait egituratan.

2021-03-08

Endika Portillo, Foku

Duela 11.700 urteko gizaki baten hezurdura aurkitu zuten Loizun

Historiaurreko aurkikuntzarik nabarmenenetako bat iragarri zuen Nafarroako Gobernuak martxoaren 12an. Sakon espeleologia taldeak ustekabean duela 11.700 urteko gizaki baten hezurdura bat topatu zuen Loizun, Erro ibarrean. Gizonezko batena zen. 1,6 metro luze zen, eta 17 eta 21 urte artean zituen. Bikain kontserbatu da hezurdura. Gorpua ahoz gora ehortzi zuten, luzatuta, eskuak sabelaren gainean zituela, eta espresuki aukeratu zuten lekua.

2021-03-12

Nafarroako Gobernua

Reala Kopako txapeldun, Athleticen aurka

Apirilaren 3an Realak eta Athleticek 2020eko Espainiako Kopako finala jokatu zuten Sevillan (Espainia). Urtebete lehenago zalerik gabe jokatu beharko litzatekeela eta, partida atzeratzea erabaki zuten bi taldeek. Azkenean, ordea, hutsik zen estadio batean jokatu behar izan zuten, pandemiagatik. Realak 1-0 irabazi zuen Kopa, Mikel Oiarzabalek penaltiz sartu zuen gol bati esker. Hirugarren aldiz altxatu zuten garaikurra txuri-urdinek. Zuri-gorriek arantza kentzeko aukera izan zuten bi aste geroago Bartzelonaren aurka (2021eko finala), baina orduan ere galdu egin zuten (4-0), eta urtarrilean irabazi zuten Espainiako Superkoparekin konformatu behar izan zuten.

2021-04-03

RFEF

Aiaraldetik Gasteizera, lanpostuen defentsan

Tubacex izan da 2021. urteko gai nagusietako bat. Laudioko eta Amurrioko langileek martxa abiatu zuten 129 kaleratzeak gauzatu zituzten egunean, eta biharamunean, apirilaren 16an, iritsi ziren Gasteizera. Eusko Legebiltzarrera eraman zuten enpleguaren aldeko aldarria, eta Ertzaintza gogor oldartu zitzaien. Langileek argi adierazi zuten ez zutela gatazka bukatutzat ematen: «Tubacexen ez dago inor soberan, eta borrokan jarraituko dugu». Uztailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen kaleratzeak, eta 236 eguneko greba baten ostean, urriaren 5ean itzuli ziren euren lanpostuetara.

2021-04-16

David Aguilar, EFE

Europaren bila igerian

Maiatzaren 18an milaka migratzaile sartu ziren Ceutan, Marokok Afrika iparraldean Espainiarekin duen muga hori arindu ostean. Goizaldeaz geroztik 8.000 pertsonak igaro zuten Fnideq (Maroko) eta Espainiaren menpeko Ceuta hiria banatzen dituen muga (irudian, migratzaileak muga hori igarotzeko igerian). Rabatek berak ofizialki onartu ez bazuen ere, Fronte Polisarioko buru Brahim Ghali Logroñoko (Espainia) erietxe batean onartu izanaren erantzun gisa leundu zituen hark Espainiaren menpeko koloniarekiko segurtasun neurriak. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu zuten Espainiak beroan itzuli zituela migratzaileak Marokora, legedia urratuz, baina salaketek ez zuten ondoriorik izan.

2021-05-18

Mohamed Siali, EFE

Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio handia Baionan

Maiatzaren 21ean Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze ereduaren aurka egin zuen, Konstituzioaren aurkakoa dela ebatziz. Ebazpenak kolokan jarri zuen murgiltze eredua, argi baitzioen itunpeko eskola izateko ezin zela murgiltze eredua proposatu. «Gerla deklaraziotzat» jo zen Ipar Euskal Herrian, eta horri erantzunez, hilaren 29an Baionako karrikak bete ziren murgiltze ereduaren aldeko manifestazio handi batean: 10.000 lagunetik goiti bertaratu ziren. Frantziako Hezkuntza Ministerioak abenduaren 17an atera zuen zirkularrean erantzun zion horrek maiatzean sortutako egoerari, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautuz, beti ere frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» bermatzen baditu. Baina ez zuen Konstituzio Kontseiluaren erabakiak sortutako ziurgabetasun juridikoa konpondu. Irtenbide bakarra Konstituzioa aldatzea dela azpimarratu zuten askok.

2021-05-29

Bob Edme

Olarizu hustu zuten

Ekainaren 8an Gasteizko Udalak hustu egin zuen Olarizuko etxe okupatuetan bizi ziren herritarrak: kaleratu egin zituen eta hustu egin zuen auzoa, Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, «eremu hori hiriarentzat berreskuratzeko». Aurretik gutun bidez eman zien udalak bizilagun horiei kaleratzearen berri, eta ordurako asko joanak ziren. Hala ere, egun horretan, 07:00etan, Ertzaintzaren dozena erdi patruila joan ziren eta Olarizu hiribidea itxi zuten. Giroa lasaia zen arren, Ertzaintzak istiluen aurkako tresneria atera zuen eta ezkutuez eta kaskoez horniturik hasi ziren etxeetara sartzen. Urte bukaerarako eraitsiak izan dira 124 etxebizitzak, eta orube huts bat da orain.

2021-06-08

Endika Portillo, Foku

Basaurik homofobia gaitzetsi zuen

Ekainaren 6ko goizaldean eraso homofobo bat gertatu zen Basaurin, Bizkotxaldea parkean. Hamahiru lagunen artean Ekain Perrino jipoitu zuten, konorterik gabe uzteraino. Lekukoek azaldu zutenez, 23 urteko gaztea jipoitzen zuten bitartean «marikoi zikina» oihuak entzuten ziren. Egun batzuk geroago, hilaren 10ean, milaka pertsona batu ziren Basaurin Perrinok jasandako erasoaren aurkako manifestaziora. Amaieran Perrinok berak hitz egin zuen (argazkian, elastiko txuriarekin); salatu zuen homofobia «egiturazko arazoa» dela eta nabarmendu zuen eraso homofoboak ez dituztela soilik «erradikalen taldeek» egiten, «gizarte osoaren erantzukizuna» direla.

2021-06-16

Monika del Valle, Foku

Kataluniako buruzagi independentistak, aske

Ekainaren 23an atera ziren kalera espetxean zeuden buruzagi independentista kataluniarrak, Espainiako Gobernuaren indultua jaso ondoren: Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia; Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia; Dolors Bassa, Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Josep Rull kontseilari ohiak; eta ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko buru ohi Jordi Sanchez eta Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixart. 2017ko independentziari buruzko erreferenduma antolatzeagatik kartzelatu zituzten, eta irteeran jendetza zuten esperoan. Denek ere ideia bera errepikatu zuten: «Ez gaituzte isilduko». Izan ere, Junquerasek adierazi zuen bezala, haiek «espetxetik aterata ez da ezer amaitzen».

2021-06-23

Susanna Saez, EFE

Ekainaren 28a, borrokarako eguna

Borrokarako eguna. Ekainaren 28a, LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, borroka egitekoa dela aldarrikatu zuten egun horretan Euskal Herrian karrikara ateratako ehunka herritarrek (irudian, Iruñeko manifestazioa). LGTBI kolektiboek karrikak hartu zituzten aniztasuna aldarrikatzeko, eskubideak eskatzeko, erresistentzia izaten jarraitzen dutela argi uzteko. EHGAMek 'Pikara' aldizkaria saritu zuen.

2021-06-28

Iñigo Uriz, Foku

Laborantza lurra, laborariendako

Ekainaren 23an ELBk eta Lurzaindiak hamabost hektareako laborantza lur bat okupatu zuten Arbonan. Salatu zuten hiru milioi eurotan saltzear zela eta prezio hori «espekulatiboa» zela; laborantza lurren lehentasunezko erosketarako eskubidea galdetzen zieten jabeari eta erosleari. Laborantza eragileek argi zuten: laborantza lur horietan elikadura burujabetzara buruz joateko laborariak plantatzen ahalko lirateke. Baina, etxebizitzaren merkatuaren ondorioz, laborantza lurrak arriskuan ikusten zituzten. 120 egunen ondoren (argazkian, uztailaren 9an), urri amaieran okupazioa bertan behera utzi zuten, jakinarazi zutenez, eroslea erretiratu egin zelako.

2021-07-09

Guillaume Fauveau

Uholdeak, Alemanian

«Hondamendiaren proportzioa historikoa da». Armin Laschet Alemaniako Ipar Renania-Westfalia landerreko ministro-presidentearen hitzak ziren horiek. 'Bernd' ekaitzaren ondorioz, uztailaren 15ean ibaiek gainezka egin zuten Europa erdialdean, eta Alemanian 1962tik izandako hondamendi natural handiena izan zen. Urak herri eta hiriak estali zituen (irudian, Schuld herria), eta gutxienez, 196 pertsona hil ziren. Austrian, Belgikan, Kroazian, Italian, Luxenburgen, Herbehereetan eta Suitzan ere izan ziren uholdeak. Guztira, gutxienez 242 pertsona hil ziren.

2021-07-15

SASCHA STEINBACH, EFE

Olinpiar Jokoak, urtebete geroago

Japoniako Olinpiar Jokoak 2020an ziren egitekoak, baina pandemiagatik urtebete atzeratu zituzten. 2021ean egingo zirelako zalantza ere izan zen aurreko hilabeteetan, baina azkenean Naomi Osakak uztailaren 23an piztu zuen olinpiar sua Tokioko olinpiar estadioan (argazkian). Pandemiak baldintzatu bazituen ere (adibidez, Jon Rahmek ezin izan zuen parte hartu, positibo eman zuelako), espero bezala jokatu ziren jokoak. 29 euskal herritar aritu ziren.

2021-07-23

Juan Ignacio Roncoroni, EFE

Chourrautek, hirugarren domina

Maialen Chourrautek falta zitzaion domina lortu zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan: zilarrezkoa. Lasarte-Oriako piraguista bigarren izan zen emakumezkoen eslalomeko K1eko proban. Olinpiar Jokoetan domina gehien irabazi dituen euskal kirolaria da: hiru. Londresen (2012) brontzezko domina irabazi zuen, eta Rion (2016) urrezkoa. Guy Lapebie txirrindulariak bi domina lortu zituen 1936an Berlinen, Frantziako selekzioarekin: urrea taldekako jazarpen proban, eta zilarra errepideko 100 kilometroko lasterketan. Xabier Fernandezek eta Iker Martinezek osatutako bikoteak ere bi kolkoratu zituzten Espainiako selekzioarekin, belan: urrea Atenasen (2004), eta zilarra Pekinen (2008). Parisen (2024an jokatuko dira) beste bi domina irabazteko aukera ikusten du Chourrautek.

2021-07-27

Enric Fontcuberta, EFE

Loreak, Bidasoan

Abdulaye Koulibaly zuen izena, eta hiru urte behar izan zituen Gineatik Euskal Herrirainoko bidea egiteko. Baina ez zuen hemen bukatu behar. Frantziara joan nahi zuen, han bizi den osaba batengana, baina Frantziako Poliziak migratzaileei jarri dien muga hertsiak uretara bultzatu zuen, Irundik Biriatura pasatu nahian, eta han bukatu zen Koulibalyren bidea, abuztuaren 8an, Bidasoa ibaian itota (argazkian, Abdulaye Joulibaly osaba, bost egun geroago Bidasoan loreak uzten). 2021ean zazpi pertsona hil dira Euskal Herrian migrazioen bidean, horietatik hiru Bidasoan itota.

2021-08-13

Javier Etxezarreta, EFE