Sara Pinaren hilketa
Urtarrilaren 10ean hilda aurkitu zuten Sara Pina, Tuteran (Nafarroa). Berehala hasi ziren senarraren bila, eta biharamunean atzeman zuten, Bordeletik hurbil (Okzitania). Hilaren 26an, Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzioko epaileak espetxera bidali zuen behin-behinean; biktima «lo zegoen bitartean» hil izana aitortu zuen. Irudian, Sara Pinaren hilketa salatzeko elkarretaratzea, Tuteran.
2022-01-26
VILLAR LOPEZ / EFE
Hegazti gripea
2022 hasieran sartu zen hegazti gripea Lohitzüne-Oihergira (Zuberoa). Urtarril amaiera aldera testa egin zieten Beti Aitzina etxaldeko kabalei; positibo eman zuten. ELB sindikatuak ez zuen ahateen hilketa oztopatu, baina hurrengo egunean manifestaldia egin zuten Donapaleun, laborariei babesa erakusteko. Irudian, administrazioko langileak ahate hilak biltzen, Beti Aitzina etxaldean.
2022-01-28
BOB EDME
«Alderdiez aparteko» alternatiba
GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak antolaketarako deia egin die gazteei eta langile sektoreei urtarrilean, Bilbon eta Iruñean deitutako manifestazioetan. «Parlamentuetako alderdi politikoen» alternatiba baten premia aldarrikatu zuten horietan. Antolatzaileen arabera, 7.000 pertsona bildu ziren 'Burgesiaren diktadura gelditu' lelopean.
2022-01-29
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Atristain, aske
Otsailaren 17an Xabier Atristain behin-behinean aske utzi zuten. Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen inkomunikazio aldian haren defentsarako eskubidea urratu zutela. Ekainean berriro atxilotu eta espetxeratu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz. Hilabete beranduago, hirugarren gradura aldatu zuten Atristain; urrian, bada, Espainiako Auzitegi Nazionalak hura baliogabetu eta espetxera itzuli zen.
2022-02-17
Andoni Canellada / FOKU
Bakegileak, protestan
Bake prozesua «blokeatua» zela salatzeko, dozenaka bakegile Baionako suprefeturan bildu ziren otsailean; ekintzaile batzuk hesietara ere igo ziren. 'Orain presoak, Ion, Unai eta Jakes gurekin' zioen banderola hedatu zuten ekintza denboran. Huraxe izan zen aurtengo desobedientzia zibilean oinarritutako lehen ekintza.
2022-02-18
BOB EDME
Xanpain botila irekitzeko ordua
Espainiako Gorenak berretsi zuen baliogabeak zirela ITP Aero PCB enpresaren 83 kaleratzeak. Epaileen iritziz, enpresak ez zuen frogatu erregulazioa egiteko arrazoiak egiturazkoak zirela. «Gabonetako otarrean eman ziguten xanpain botila ireki gabe nuen, gaurkoaren zain»; horrela ospatu zuten Barakaldoko (Bizkaia) plantako langileek ebazpena.
2022-02-23
MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inbasioaren aurrekoak
Moskuk Donetsken eta Luhansken independentzia onartu ondotik, Errusiako «mugetatik kanpo» tropak bidaltzeko baimena jaso zuen Putinek. Mendebaldeak Moskuren kontrako zigor «gogorrak» erantzun zion. Irudian, Ukrainako inbasioaren atarian, Errusiako soldaduak Donbassko mugatik gertu.
2022-02-23
YURI KOCHETKOV / EFE
Inbasioaren lehen eguna
Otsailaren 24ean hasi zen Ukrainaren inbasioa, Errusiaren eskutik. Ordutik gaurdaino, Ukrainan 6.884 zibil hil eta 10.947 zauritu dira gerran, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Irudian, Kieveko unitate militar baten eraikinean izandako leherketa baten ondorioak.
2022-02-24
Interior Ministry press service
Korridore humanitarioak
Ukrainako inbasio bete-betean, zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak irekitzea adostu zuten bi aldeek. Ukrainako Gobernuak, baina, «onartezintzat» jo zuen Moskuk hainbat hiritan ebakuatzeko korridoreak helmuga Errusia eta Bielorrusia izatea.
2022-03-07
ROMAN PILIPEY / EFE
M8: zaintza, ardatz
Milaka emakumek parte hartu zuten Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Zaintza sistema publikoa izan zen mugimendu feministaren aldarrietako bat. «Zaintza lanak politikoak dira: funtsezkoak dira bizitza sostengatzeko». «Emakumeok gure bizkarretan daramagu zaintza lanen zama».
2022-03-08
RAUL BOGAJO / FOKU
Boricen garaipena
Salvador Allenderen agintalditik izan den gobernurik ezkertiarrenetakoa: Gabriel Boricek Txileko presidentetzaren kargua hartu zuen martxoaren 11n. Gobernu berria ere izendatu zuten, 24 ministroz osatua; horietatik hamalau, emakumeak. «Txileko herriaren eta herrien aurrean, bai, hitzematen dut» esanez hartu zuen kargua, estatu barruko herri indigenei begirako keinuarekin.
2022-03-11
Elvis Gonzalez / EFE
283 eguneko greba
«Motzagoa izango zela uste genuen. Hainbeste luzatu bada, eskirolengatik izan da». 283 eguneko lanuztearen ondoren, greban ziren Guggenheimeko hamahiru garbitzaileek greba utzi zuten martxoan. %20ko soldata hobekuntza lortu zuten, eta lanaldi partzial guztiak jardunaldi osoko bihurtzea.
2022-03-22
OSKAR MATXIN / FOKU
Yvan Colonnaren heriotza
Martxo hasieran espetxean jasandako eraso batengatik Yvan Colonnak hiru aste zeramatzan koman; hilaren 22an zendu zen Korsikako mugimendu nazionalistako ikurra. Colonna 2003tik zegoen preso, eta bizi arteko kartzelaldi zigorra ari zen betetzen, Claude Erignac prefetaren (1998) hilketagatik zigortu baitzuten.
2022-03-22
OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT
Martxoaren 24ko ikasle greba
Ikasle Abertzaleak mugimenduak «hezkuntza sistema sozialista» eskatu zuen martxoaren 24ko greban. Milaka ikaslek hartu zituzten kaleak, eta 34 ikasle atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoen delitua leporatuta; iluntzean askatu zituzten. Joan den azaroaren hasieran hasi ziren epaile aurrean deklaratzen 34ak, eta urtarrilera bitartean deklaratuko dute.
2022-03-24
Jaizki Fontaneda / FOKU
22. Korrika
«Plazak hutsik geratu zitzaizkigun, baina hemen gaude, berriro ere kalean, plazan, errepidera salto egiteko prest». Martxoaren 31n abiatu zen 22. Korrika, Amurriotik (Araba). Hamar egunez ibili zen Euskal Herri osotik zehar, eta apirilaren 10ean heldu zen helmugara, Donostian. Amurrioko AEK-ko irakasleek hartu zuten lekukoa lehen kilometroetan; jende oldeak jarraitu zien.
2022-03-31
RAUL BOGAJO / FOKU
'BostEHun eta zutik!'
Ehunka gaztek bat egin zuten apiril erdialdean, Ernaik Nafarroan antolatutako martxan. «Zutik» direla aldarrikatu zuten; 'BostEHun eta zutik!' zen martxaren aurtengo leloa. Hiru eguneko martxa izan zen: Zugarramurditik abiatu ziren, Amaiur eta Erratzutik pasatu, eta Elizondon amaitu zuten.
2022-04-22
JON URBE / FOKU
Gernikako bonbardatzearen 85. urteurrena
2022ko apirilaren 25a, Gernikako bonbardatzearen 85. urteurrena. Herritarrak elkartu ziren, batez ere Merkurio plazan, Astra lantegi zaharraren inguruetan eta pasealekuan, lau minutuko isilaldiaren bitartez orduan hil zituztenak gogoan hartzeko. Espainiako Gobernuak, lehenbizikoz, ordezkari bat bidali zuen Gernikako ekitaldi batera; bonbardaketa «gaitzesi» zuen, baina adierazi ez zegokiola barkamena eskatzea. Irudian, bonbardatzetik bizirik ateratako herritarren ordezkaritza bat, lore sorta eramaten, Gernikako hilerrian egindako lore eskaintzan.
2022-04-25
MONIKA DEL VALLE / FOKU
'Transmaribollo autodefentsa'
Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, E28 koordinakundeak aurreko hilabeteetan gertatutako erasoak izan zituen jomugan. 'Erasoen aurrean transmaribollo autodefentsa' lelopean ehunka pertsona elkartu ziren Bilboko Arriaga antzokiaren parean, indarkeria bolada» salatzeko.
2022-05-17
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Sanjurjoren agurra
Hamabost urte egin ditu Oier Sanjurjo jokalariak Osasunan. Maiatzean agur ekitaldia egin zieten kapitain gorritxoari, Sadarren —senitartekoak, taldekideak eta 3.000 zale bildu ziren—. «Aseta eta harro noa, klubak hazkunde itzela izan duelako», esan zuen agurrean.
2022-05-19
IÑIGO RUIZ / foku
'Euskara aurrera'
Gazteak buru zirela, euskaraz bizitzeko gogoa ozen adierazi zuten milaka lagunek Donostian, 'Euskara Aurrera' lelopean. Konpromisoa eskatu zieten herritarrei, eta «hizkuntza politika berriak» abian jartzea administrazioei.
2022-05-21
ARITZ LOIOLA / FOKU
Seaskak jasotako «erantzuna»
Akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitzaren okupazioa abiatu zen Seaska, ekainean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Frantziako Polizia bortizki oldartu zitzaien ikastolen federazioko ikasle, irakasle eta gurasoei. «Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin mintzatu nahi dugu, baina Barne Ministerioarekin erantzun digute», laburbildu zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
2022-06-17
BOB EDME
Ezkerra, nagusi Kolonbian
Berrehun urtez eskuineko gobernu kontserbadoreak izan dituzte Kolonbian. Ekainaren 20an, bada, Gustavo Petro Itun Historikoa ezkerreko koalizioko hautagaia Rodolfo Hernandez populistari gailendu zitzaion. «Itxaropenari ongietorria eman diogu, etorkizunaren atea irekitzeko aukerari», esan zuen garaipeneko hitzaldian.
2022-06-20
MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Nafarroako suteak
Ia 15.000 hektareatik erre zituzten Nafarroako suteek ekainean; Gares eta San Martin Unx aldean hedatu zen gehien sua. Soroetan, laboreetan eta, batez ere, basoetan egin zuen kalte gehien. Are gehiago: Nafarroa hondamendi eremu izendatu zuten.
2022-06-22
ANDONI LUBAKI / FOKU
Abortu eskubidea, kolokan
AEBetako Auzitegi Gorenak 1973ko ‘Roe v. Wade’ epaia baliogabetu zuen ekainean, abortuari berme konstituzionala ematen ziona. Estatu bakoitzak erabakiko du abortu eskubidea bermatu ala ez. Hamahiru estatuk debekatu dute gaurdaino, salbuespen gutxirekin edo horiek gabe: Alabamak, Arkansasek, Idahok, Kentuckykk, Louisianak, Mississippik, Missourik, Oklahomak, Hego Dakotak, Tennesseek, Texasek, Mendebaldeko Virginiak eta Wisconsinek.
2022-06-24
SHAWN THEW / EFE